→Hego Uribe

Igor Mercado leioarra eta Maddi Zabalo zeberioztarra irabazle, Hitz-erdiko kontaketen bigarren deialdian

basauri hitz erdiko kontaketak literatura lehiaketa 2018 argazkia Aaron Burden Unsplash

Hitz-Erdiko Kontaketak literatura lehiaketaren bigarren irabazleak eman dituzte jakitera: Igor Mercado leioarra eta Maddi Zabalo zeberioztarra.

Argazkia: Aaron Burden // Unsplash

Hitz-Erdiko Kontaketak literatura lehiaketaren bigarren irabazleak eman dituzte jakitera. Kontakizun onenaren saria Igor Mercado Azcuenaga leioarrak irabazi du eta 12 eta 17 urte bitarteko kategoriako irabazlea Maddi Zabalo Mateos zeberioztarra izan da. Bigarren deialdian 19 proposamen jaso dituzte (lehen deialdian, 41).

Hirugarren -eta azken- deialdiari hasiera emango diote irailaren 10ean eta interesdunek azaroaren 10era arte izango dute aukera lehiaketan parte hartzeko eta ehun hitzeko euskarazko kontakizun berriak idazteko. Oraingoan, “Maitea zuen hankartean azkenik” izango da jarraitu beharreko esaldia, Igor Mercadoren kontakizunaren azken esaldia, alegia.

Kontakizun bi sarituko dituzte: «kontakizunik onena», 200 euroko sariarekin; eta «Elkar saria» —alegia, gazteenen arteko testurik onena—, 75 euroko sariarekin. Gainera, saritutako kontakizunak GEURIA aldizkarian argitaratuko ditugu.

Honakoak dira bigarren deialdiaren bi kontakizun irabazleak:

KONTAKIZUN ONENA

IGOR MERCADO AZCUENAGA
Leioa (Bizkaia)

Seniderik ez zen agertu hiletan; bai ordea ezagun dezente eta sasilagun andana. Denek zekiten nolako bizimodua zeraman Lolak, gehienak antzera baitzebiltzan, labanaren ahoan dantza eroan, askatasunari gorazarre baina zigarreta, edari narras eta kimiko moztuen errutinatik ezin libratu. Algara-gauetan bidaide izandakoek, komunzuloetako maitaleek eta hiletara bertaraturiko gainontzekoek, bada, deus gutxi egin zuten Lolaren alde. Alferrik zen, hortaz, beilategian ezein hitz ahoskatzea ziniko suertatu gabe. Lukas, alabaina, hilkutxara hurbildu, Lolaren eskua hartu eta zerbait esatera joan zen, trapitxero guzti-guztiek ohikoa duten harrokeriaz. Ukabilkada batek, haatik, hilkutxa barrura bultzatu zuen. Post-mortem izanagatik, Lolaren ezpainetan desira baten betekizuna irakur zitekeen. Maitea zuen hankartean azkenik.

ELKAR SARIA

MADDI ZABALO MATEOS
Zeberio (Bizkaia)

Nor joango zen, ba, horrelako gizajo baten galerari negar egitera? Pertsona patetikoa izan zen Joxe bizitza osoan: benetako lan bat aurkitzeko txoriburuegia, ikasketetarako alferra, eta harremanetan eskasa. Baina, batez ere, tontoa. Tontoa, familia on batean jaio, eta honetan bizitzeari uko egin ziolako, muturra liburu artean sartuta ibiltzeko, bakarrik hiltzera kondenatuta, inoiz ez baizen saiatu inguruan lagunik edo maitalerik edukitzen. Berak idaztearekin bete nahi izan zituen barneko hutsuneak, liburu zaharren artean ito bete gabeko ametsen garraztasuna. Etxetik joan zenetik inor ez zitzaion hurbildu. Inork ez du bere moduko zororik behar. Inork ez du koblakaririk behar.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak