→Hego Uribe

Gontzal Martin basauriarra eta Lierni Barandiaran irabazle, Hitz-erdiko kontaketen lehen deialdian

basauri hitz erdiko kontaketak literatura lehiaketa 2018 argazkia Thought Catalog Unsplash

Hitz-Erdiko Kontaketak literatura txapelketak baditu lehen irabazleak: Gontzal Martin basauriarra eta Lierni Barandiaran gernikarra.

Argazkia: Thought Catalog // Unsplash

Hitz-Erdiko Kontaketak literatura txapelketak baditu lehen irabazleak: Gontzal Martin basauriarrarena da Kontakizunik onena eta Lierni Barandiaran gernikarrarena 12-17 urte bitartekoen onena.

Lehen deialdian 41 proposamen jaso dira. Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren webgunean (zirtzart.basauri.eus) dago deialdian izena emateko plataforma. Parte hartzeko, bertako eremu guztiak bete beharko dira. Kontakizun bi sarituko dira: «kontakizunik onena», 200 euroko sariarekin; eta «Elkar saria» —alegia, gazteenen arteko testurik onena—, 75 euroko sariarekin. Gainera, saritutako kontakizunak Geuria aldizkarian argitaratuko dira.

Bigarren deialdia martxan da eta ekainaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dituzte partehartzaileek, gehienez ere, ehun hitzeko euskarazko kontakizun berriak. Oraingoan, “Seniderik ez zen agertu hiletan” izango da jarraitu beharreko esaldia, Gontzal Martinen kontakizunaren azken esaldia, alegia.

Honakoak dira lehen deialdiaren bi kontakizun irabazleak:

KONTAKIZUN ONENA

GONTZAL MARTIN
Basauri (Bizkaia)

Askotan gertatzen den bezala, egunkariek tarte murritza eskaini zioten. Hala ere, Lolaren azken eldarnioak luze iraun zuen. Speed merkeak astindutako gorpuak nekez iraun zezakeen tente Lolak apartamentuko egongelan dantzan ziharduela. Ginebra zurrutadatxo bakoitzak barrenak erretzen zizkion eta, istant galkorrerako bazen ere, gazte sentiarazten zuen. Su-etena eskatu zioten belaun zaharkituek, eta oheratu egin zen. Sexu-gosea zerien izarak hanka hezurtxoekin hasi ziren jostatzen. Begiak itxi eta bizkarra okertzen zuen behin eta berriro, koltxoi kirrinkariaren kalterako, hankartea sabaitik zetorren argi zelestialari oparitu nahian. Kiratsak erakarrita, poliziek apartamentuko atea behera bota zutenean, ihaurrita aurkitu zuten Lolaren pantomima, barrea ezpainetan. Seniderik ez zen agertu hiletan.

ELKAR SARIA

LIERNI BARANDIARAN
Gernika-Lumo (Bizkaia)

Askotan gertatzen den bezala, kaletik noala jendearen begiradak nabari ditut. Hausnartzen jarri eta noren arazoa den pentsatzen dut, nirea edo gizartearena. Arazoa ez dela nirea errepikatzen diot nire buruari, behin eta berriz, baina asteak daramatzat berdin, eta ez da ezer aldatzen, edozein leku edo ordutan, beti daukat norbait begira. Nazkaz begiratzen naute, baina ez da hori gehien izorratzen nauen begirada, errukizko begiradak dira txarrenak, nekagarriak dira; ez dute arrazoirik pena sentitzeko, naizena naiz, beti izan naizen pertsona bera, orain, atxilotuta nengoen kaiolatik alde egin dut, kemena bildu eta benetan naizena erakutsi dut, gizonezko baten gorputzean harrapatutako emakume bat.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak