→Hego Uribe

Film labur bat ekoizteko Crowdfunding kanpaina zabaldu dute Basauriko eta Galdakaoko bi ikaslek

Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari dira Helena Perez basauriarra eta Lorea Elorriaga galdakoztarra. Beste lau ikaskiderekin batera ‘Hogei’ izeneko film laburra ekoitzi nahi dute eta horretarako finantziazio kanpaina zabaldu dute.

Helena Perez basauriarra eta Lorea Elorriaga galdakoztarra, biak zuriz // Utzitakoa

Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari dira Helena Perez basauriarra eta Lorea Elorriaga galdakoztarra. Beste lau ikaskiderekin batera (Ainhoa Mariscal, Oier Abarrategi, Luken Ugarteburu eta Peru Atxa; laurak gipuzkoarrak) proiektu bat abiarazi dute. Hain zuzen ere, ‘Hogei’ izeneko film laburra ekoitzi nahi dute. “Ume baten inozentzia galeraren eta erailketa matxista baten inguruko film laburra da ‘Hogei'”, azaldu dio GEURIAri Helena Perez basauriarrak. Momentu honetan aurreprodukzio fasean dago proiektua. Grabazioak maiatzaren 14rako eta 15erako programatuta dituzte, eta ondoren hasiko lirateke edizio lanarekin. “Prozesu horrek ekainaren 10 arte iraungo du, eta, egun horretan, film laburraren lehen bertsioa amaituta egongo da”, diote.

Film laburra aurrera eramateko Crowdfunding kanpaina zabaldu dute ikasle hauek Itsulapikoa webgunearen bitartez. Gutxienez 2.500 euro lortu nahi dituzte, eta dagoeneko 915 euro lortu dituzte. “Unibertsitateko ikasleak gara eta ‘Hogei’ aurrera ateratzen saiatzeko oso garrantzitsua da zuen laguntza. Egin ditzakezuen ekarpenekin, gure taldearen eta aktoreen garraio gastuak eta catering-a finantzatzeko aukera ematen diguzue. Dirua film laburra grabatzeko beharrezkoak diren arropa, atrezzo eta gainerakoak erosteko izango dira. Gainera, kopuru optimoa lortzen badugu (4.000 euro), diru gehiago inbertitu ahal izango dugu ‘Hogei’ sustatzeko eta banatzeko, hala nola, kartelak egiten, jaialdietan aurkezten eta abar”, diote. Crowfounding kanpaina zabalik dago maiatzaren 22ra arte.

“Proiektuari ekarpen ekonomikoa egiten dietenei hainbat sari eskainiko dizkiegu. Hala nola, film laburra esklusiban ikustea, ‘Hogei’ren diseinua duen poltsa bat, laminak, jatetxe baterako zozketetan parte hartzea edota asteburupasa bat”, diote.

Sinopsia

Neskatxa baten errugabetasunaren eta haren galeraren istorioa da Hogei. Nora basoan aurkitzen da ezkutaketan jolasten, aita eta amaren bila, korrika, alde batetik bestera. Bat-batean, gurasoak aurkitzen ditu, baina ez da berak espero zuena ikustea. Ama lurrean dago, odolez estalirik, aita berriz, alboan, bere gorpua besarkatzen, malkoei eutsi ezinik. Guzti horren ondoan, odolez beteriko labana bat: krimenaren arma. Norarentzat jolasa amaitu da, orain bera da ezkutatu beharko dena.

Hauek dira ‘Hogei’ proiektuaren sare sozialak: @hogei.film (Instagram), @hogeifilm (Twitter) eta Hogei Film Laburra (Facebook).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak