Ibaizabal ibaian uholdeei aurre egiteko bigarren fasea amaitutzat jo du Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu eta URA agentziako lehendakariak. Gaur bertan izan da eta Basauri eta Galdakao arteko igarobidean burutu dituzten obrak bisitatu ditu.
URAko talde tekntikoak lagunduta, sailburuak ibilgua zabaltzeko lanak ziurtatu ditu, Ibaizabaleko kilometro eta erdiko tartean eginak. Ekintza horiek ahalbidetu dute ibaiaren gaitasun hidraulikoa bikoiztea (600 metro kubikotik segundoko 1.200 m³/s-ra) eta ur-goraldietako emariei lekua egitea, 500 urteko (T500) errepikatze-denborarekin.
“Lan hauek Basauriko eta Galdakaoko biztanleen eta enpresen segurtasun-atalasea handituko dute Ibaizabal ur-goraldian jaisten denean, eta inguru horretan orain arte sarritan gertatzen ziren uholdeak saihestuko dira horrela“, adierazi du Arriolak.
HIRUGARREN FASEA MARTXAN
Ibaizabal ibaiko ur-goraldiei aurre egiteko planaren hirugarren faseko obren proiektua aurten landuko dutela iragarri du Arriolak. Modu horretan, “obrak 2018a amaitu baino lehen” hasiko direla ziurtatu du. 12 milioi bat euroko lizitazio-aurrekontua izango du fase horrek.
Hirugarren fasean Ibaizabalko funtzio hidraulikoa eta hustubidea hobetzeko lanak burutuko dituzte, Bengoetxe eta Plazakoetxe artean (Galdakao). Gainera, ekintzetako bat izango da Mercaldillo zubiaren gaitasuna handitzea eta zubia bera birgaitzea. Horretarako zubi-begi berri bat exekutatuko dute, fabrika zaharraren egitura kontserbatzea ahalbidetuko duena, duen ondasun eta kultur balioa zainduz.
