→Hego Uribe

Iñigo Vallejo eta Gorka Vidal presoak Palentziara eta Logroñora lekualdatuko dituzte

Vallejo Sevillatik Palentziara lekualdatuko dute eta Vidal Kordobatik Logroñora. Etxerat-ekin harremanetan jarri da GEURIA eta lekualdaketa noiz izango den ez dakitela adierazi dute.

Etxerat-ek ez daki noiz emango diren lekualdatzeak // Utzitakoa

Iñigo Vallejo Franco preso basauriarra eta Gorka Vidal Alvaro preso zaratamarra espetxez lekualdatuko dituzte. Hala adierazi du Estatuko Espetxe Zuzendaritzak. Vallejo Sevillatik Palentziara lekualdatuko dute eta Vidal Kordobatik Logroñora. Etxerat-ekin harremanetan jarri da GEURIA eta lekualdaketa noiz izango den ez dakitela adierazi dute.

Basauritik 950 kilometrora dago gaur egun Vallejo, eta espetxez aldatuko dutenean 250 kilometrora egongo da. Zaratamarra egun etxetik 810 kilometrora dago, eta hurbilketarekin 130 kilometrora.

2003ko abenduan atxilotu zuten Vallejo Frantzian, eta 2013ko urritik kartzelan dago. Basauriarrak 28 urte eta erdiko zigorra bete behar du. Erakunde terroristako kide izateagatik, lesioak eragiteagatik, lehergailuak edukitzeagatik eta dokumentu publikoak faltsutzeagatik kartzeleratu zuten. 2033ko uztailean zigorraren hiru laurdenak beteko ditu Vallejok. Presoak espetxe legedia onartu du, eta eragindako mina aitortzen duen idatzi bat bidali du, biktimekiko enpatia erakusteaz aparte.

Vidal 2004ko martxoan espetxeratu zuten eta 20 urteko kartzela-zigorra betetzen ari da talde armatuarekin kolaboratzeagatik eta armak edukitzeagatik. 2019ko otsailean zigorraren hiru laurdenak bete zituen. Vallejok bezala espetxe legedia onartu du Vidalek eta programatutako jardueretan parte hartu du. Gauzak horrela, Idazkaritza Nagusiak bigarren gradua eman dio.

Dagoeneko 50 dira Pedro Sanchezen Gobernuak Euskal Herritik gertu dauden kartzeletara edo euskal kartzeletara hurbildu dituen ETAko presoak. Hego Uribeko presoei dagokienez, lau dira lekualdatuko dituzten presoak: Josune Oña Alacantetik Logroñoko espetxera ekarri dute jada, Txus Martin Zaballatik Basauriko espetxera lekualdatuko dute, Iñigo Vallejo Sevillatik Dueñasko espetxera hurbilduko dute (Palentzia) eta Gorka Vidal Kordobatik Logroñora.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak