→Hego Uribe

Ion Garin (Aranzadi): “Aisialdia eta bioaniztasuna uztartzeko leku aproposa izan daiteke Etxerre. Berezia da”

Aranzadi Zientzia Elkartera egin dugu bisita. Hezeguneen eta bertako faunaren inguruan aditu den Ion Garinekin egin dugu solasaldia. ‘Urmaelak eskolak’ proiektuaren berri eman digu.

Ion Garin / Geuria

Geuria #076 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak”
Irakurri osorik PDFan

Aranzadi Zientzia Elkartea ezaguna dugu batez ere Antropologia eta Historia arloko gaiak aztertzen eta zabaltzen dituelako, baina Biodibertsitatea ere erakundearen zutabe garrantzitsua bilakatu da. Ion Garin (Donostia, 1980) Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia saileko zuzendaria da: anfibio- eta narrasti-espezieen populazioak babestea bilatzen dute, eta, aldi berean, arlo horretarako zientzia-ezagutza sortzea eta bilatzea. Etxerreri begira, Garinek azpimarratu du barnealdean dagoen tamaina eta sakonera handiko hezegunea dela, “eta nahiz eta batzuentzat putzu soil bat izan, ekosistema bat” dela dio: “Putzu horrek mereziko luke azterketa sakon bat egitea eta bertan dauden altxorrak benetan ikustea”. Gainera, gaiarekin zerikusia duen ‘Urmaela Eskolan’ proiektua aurkeztu zuten iazko azaroan. Gipuzkoan hedatu dute proiektua gehienbat, baina Bizkaian ere hasi dira, besteak beste, Bilbo, Bermeo edo Loiuko ikastetxe batzuetan. Aranzadik Donostian duen egoitzan batu gara Garinekin.

Hasteko, zein da zure lana Aranzadin?
Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia saileko zuzendaria naiz. Anfibioak eta narrastiak ikertzen dituen zientzia da Herpetologia. Guk burutzen dugun lana anfibioen eta narrastien ikerketan, kudeaketan, dibulgazioan eta ingurumen hezkuntzan zentratzen da gehienbat.

Urmaelekin lotura du zuen lanak. Zein da Euskal Herrian urmaelekin izan dugun politika azken urteetan?
Gure sailekoa ez den, baina Aranzadiko kidea den Iñaki Mezquita odonatoetan, burruntzietan eta sorgin-orratzetan aditua da, eta behin zera esan zuen: “Hezegune berriak sortzea edo berreskuratzea da hein handi batean naturarekin daukagun zor bat kitatzea”. Hezeguneekin egon den politika hezeguneak lehortzea izan da. Oso fama txarra izan dute historikoki, gaixotasun askoren bektore ziren eltxoak eta bestelako animaliak bertan kumatu zitzaketenez, hezegune asko eta asko lehortu egin ziren aurreko mendean. Datuak badaude, eta esaten da Iberiar Penintsula mailan hezeguneen erdia lehortu edo galdu egingo zela, eta zer esanik ez tamaina txikiko putzuekin. Orokorrean, Euskal Herriko politika pixkanaka-pixkanaka moldatzen ari gara mundu mailan egiten ari diren bidera, alegia, hezegune hauek babestera.

Nazioarteko Hezeguneen Eguna ospatu egiten da.
Hala da. 1974. urtera arte ez ziren babestu hezeguneak. Otsailaren 2an ospatzen da Munduko Hezeguneen Eguna. Irango Ramsar hirian hitzarmen bat sinatu zen, eta orduz geroztik ekitaldi desberdinak egiten dira. Hemen zer egiten da? Bada, normalean hezegune nahiko handietan zentratzen dira. Hala ere, udalerriek beraiek badute aukera bere inguruan balio handia izan dezakeen hezegune bat badagoela ikusiz gero, zerrenda batean barneratzeko. Eskaera egin diezaiokete Eusko Jaurlaritzari eta normalean zerrenda horretan sartzen dute hezegune hori aztertzeko eta ezagutzera emateko.

Aranzadi Zientzia Elkarteko egoitzaren sotoetan / Geuria

Gurera etorrita, Etxerreko putzua dugu Basauri eta Arkotxa artean. Zein izan daiteke bere balioa?
Esan beharra dago ez dudala Etxerreko putzua % 100ean ezagutzen, baina daukan berezitasunagatik putzu horrek mereziko luke azterketa sakon bat egitea eta bertan dauden “altxorrak” benetan ikustea. Euskal Herrian ez gaude ohituta sakonera handiko putzuak edo barnealdeko hezeguneak izatera. Hain zuzen, URA Agentziak jarraitzen dituen hezegune handiak, urtero egiten dituen ikerketetan, denak dira lakuak, urtegiak, aintzirak… Eta Etxerrekoak horrelako fisionomia egitura izango luke, eta horrek egingo luke pixka bat berezi.

Eta animalien aldetik?
Gure ikuspegitik, beharbada kate trofikoan nahiko maila baxuan dauden espezien ikuspegitik, ingurunea ez da horren aberatsa agertzen duen tamainarekin konparatzen badugu, baina egon daitezke bertan hainbat espezie. Berezitasuna da Etxerreko putzua ez dela lehortzen, hau da, iraunkorra dela, eta hori abantaila da. Hala ere, bertara kanpoko espezieak barneratuz gero edo bertan harrapakarien presentzia handituz gero, horrek zaildu egingo luke anfibioen, burruntzien eta sorgin-orratzen populazioa egituratzea. Hau da, alde onak eta txarrak baditu, baina batik bat azpimarratuko nuke daukan berezitasun hori: barnealdean dagoen tamaina eta sakonera handiko hezegunea dela, alegia. Egia da oso urbanoak diren eremuz inguratuta dagoela, baina zientziaren ikuspegitik leku hori oso aberatsa izan daiteke. Izan ere, gero eta gehiago ikertu behar ditugu hein handi batean ukituta dauden ekosistema horiek, informazio asko emango digutelako bertan bizi diren bizidunen inguruan, esaterako, nola moldatzen diren “habitat berri” horietara. Mundu mailan ikusita dago gero eta jende gehiago biziko dela herriguneetan eta, beraz, naturarekiko atxikimendu bat lotzeko oso garrantzitsua izango da herriguneetatik gertu dauden ekosistema berde horiek potentziatzea, eta bertara jendea joateko aukera horiek balizko egitea.

Zertarako balio du hezegune batek?
Egia esan hemen pixka bat ahaztuta gaude, baina ekosistemek bere funtzioa betetzen dute sozialki. Hemen ez horrenbeste, baina beste leku askotan hezeguneak baliatu daitezke ura garbitzeko, bertatik materialak lortzeko… Nik uste dut, eta pandemia honek oso argi utzi digu, gune berdeen beharra dugula. Etxean horrenbeste denbora eman dugunean ikusi dugu nola bilatu ditugun herritik gertu dauzkagun gune berdeak. Europan politika batzuk badaude esaten dutenak biztanle kopuruaren arabera metro karratuko, zona berde jakin batzuk behar direla. Hortaz, horrelako ingurune bat aproposa izan daiteke aisialdi leku bezala, bertako bioaniztasunaren kontserbaziorako leku izanik aldi berean. Lortu dezakeguna da proiektu alor anitza eta onura jende askorena izatea. Zentzu horretan du balio gehien Etxerreko hezeguneak.

Eta Aranzadik zer egingo luke Etxerren?
Lehen urrats garrantzitsua izango litzateke bertan zein espezie dauden jakitea eta hori indartzea. Kanpoko espezieak sartzearen aldekoak ez gara, besteak beste, ez dakigulako espezie hori hor ez egoteak arrazoi bat izan dezakeen atzean. Animalia guztiak nonahi sartuko bagenitu, hori ez litzateke bide egokia izango. Normalean translokazioak ez zaizkigu gustatzen, argudio oso sendo bat izan behar dugulako jakiteko zergatik sartzen dugun putzuren batean. Historikoki bertan egon diren espezie batzuk balira agian pentsa liteke, baina ikusi beharko litzateke bertan dauden mehatxuak oraindik ere badauden edo ez. Bidea litzateke ikertzea eta jakitea zein espezie dauden, batez ere ikusteko zer nolako aberastasuna daukagun. Europak babesten dituen espezie mehatxatuagoak baldin badaude, ematen du lekuak interes gehiago izan dezakeela. Hori izango litzateke lehenengo bidea, beraz: bertan dagoen bioaniztasuna ikustea.

Anfibioak, burruntziak eta sorgin-orratzak aipatu dituzu.
Bai. Oso posible da Etxerreko putzuan anfibioak, burruntziak eta sorgin-orratzak aurkitzea. Derrigortuta daude hezeguneetan ugaltzera, beraz, hezeguneak behar dituzte bai ala bai. Atzetik datoz hezegune hori erabili dezaketen beste espezie batzuk, baina agian ez da beraientzat hain beharrezkoa, nahiz eta elikatzeko edo ura edateko baliatu. Anfibioen, burruntzien eta sorgin-orratzen ikuspegitik putzuak baditu oso onak ez diren gauza batzuk. Horietako bat da sakonera: sakonera oso handia dauka Etxerrek. Normalean anfibioek, burruntziek eta sorgin-orratzek gustukoago dituzte sakonera gutxiagoko hezeguneak, eta normalean putzuaren ertzak pixka bat lautuagoak dituztenak. Hala ere, horrek ez du esan nahi Etxerreko putzuan egon ezin direnik. Adibidez, Arabako Ulibarri-Ganboa urtegian lortu diren animalien zerrendak izan dira handienetakoak lurralde guztirako. Hau da, pixka bat moldatuta lor dezakezu bioaniztasunaren zati handi bat erakartzea.

Espezie horiez gain, besterik aurkitu daiteke horrelako hezeguneetan?
Bai, ornogabe gehiago egon daitezke, hala nola, kakalardutarren hainbat espezie. Baina gero atzetik datozen espezieak daude eta horiek baliatzen dituzte azkenean ekosistema horretan, putzuan zein inguruan topatzen duten elikagaiak eta ura. Izan daitezke saguzarrak, hainbat txori handi —adibidez, lertxunak, martin arrantzalea—, baina baita tamaina txikiagoko txoriak ere. Narrasti urtarrak ere izan daitezke: suge gorbataduna, suge biperakara…

Inguruan meatzea egon zen eta eraikinak ere badaude Etxerre inguruan, eta saguzarrak nahiko ondo moldatu dira eremu nahiko antropizatuetara. Putzura joan daitezke elikatzera, besteak beste, eltxoak edo antzeko bizidunak baitaude.

Aranzadi Zientzia Elkarteko egoitzaren sotoetan / Geuria

Etxerre aisi-gune bihurtzeko proiektuak egon izan dira. Posible litzateke jende trafikoa eta flora eta fauna hori elkarrekin bizitzea?
Adibideak badauzkagu, eta ikusten da posible dela. Hor garrantzitsua litzateke hezegunearen ekosistema osoa, hau da, ur-geruzaz harago putzuaren ertzetan dauden inguruko landaretzak aztertzea eta ondo ikustea benetan zein eremu diren baliotsuenak bioaniztasunaren kontserbaziorako. Horiek zerrendatu, eta ahal diren neurrian, gutxien ukitu. Adibidez, paseatzeko gune berdeak egin nahi badituzte, aproposena izango litzateke gerturatzea, baina balio handiko zonalde horiek ahalik eta gutxien ukituta.

Hezkuntzari lotuta, garrantzitsua izango litzateke Etxerreko putzua?
Normalean hezeguneen inguruan proiektu bat diseinatzen dugunean, hezegune berriak sortzeko orduan hiru arrazoi ematen ditugu: lehenengoa da espezie mehatxatu bat dagoelako inguru hartan eta ikusten dugulako hezegune falta dagoela bere kontserbaziorako; bigarren arrazoia, normalean ohikoena, izaten da orokorrean bioaniztasunaren kontserbaziorako egiten dituela putzuak; eta hirugarrena, putzuak egitea helburu didaktiko batetik.

Eta hori helburu hartuta sortu duzue ‘Urmaelak Eskolan’ proiektua.
Hala da. Iazko azaroan aurkeztu genuen proiektua. Ingurumen eta Hezkuntza Sailetik oso begi onez hartu dute ‘Urmaelak Eskolan’ proiektua (www.urmaelaeskolan.eus), orain arte dauzkaten proiektuetan bioaniztasunaren alorra ez dutelako horrenbeste lantzen. Baratzeena oso txertatuta dago jada ikastetxeetan, eta urmaelen proiektu hau ere aukera ona izan daiteke.

Putzuak aukera asko ematen ditu. Nahiz eta batzuentzat putzu soil bat izan, ekosistema bat da. Uraz harago inguruko landaretza ere badago. Oso ekosistema dinamikoa da. Ikasleek askoz errazago ikusiko dute putzu baten bilakaera baso batena baino. Eraman ditzakegu zuhaitzak landatzera, baina handi egin arte pasako dira 15-20 urte. Ikastetxean 10-12 urte ematen dute ikasleek eta putzuek joko hori ematen dute. Bestalde, hezkuntza zentroetatik gertu tresna oso baliagarri bat izango dute hainbat eduki lantzeko, hala nola, metamorfosia, uraren zikloa, kate trofikoa, ornodun-ornogabe, barne-ugalketa edo kanpo-ernalketa edota ur-analisiak. Oso proiektu aberatsa da eta alor anitza.

Urmaelak Eskolan proiektuaren bitartez putzuak sortzen ditu Aranzadik ikastetxeetan // Aranzadi

Horrelakorik landu duzue jada ikastetxeetan?
Katalunian landu dute, eta hemen saiakera batzuk egin genituen, besteak beste, Hernanin. Denetarik landu daiteke: euskara edo euskalkiak, bertako animalien izenak bildu, parametro fisiko-kimikoak aztertu, matematikaren bidez putzu baten ur-bolumena kalkulatu, marrazketa, dantza, gimnasia… Nahi duzuna egin daiteke putzuaren inguruan. Gainera, ikasleen aldetik atxikimendu bat lortzen da: gerora begira putzuarekiko izango duten jarrera -ez suntsitzea edo narrastea-, ona izango da beraiek putzuaren sorreraren parte izan badira.

Zein da ikastetxe batean putzu edo urmael berri bat sortzeko prozesua?
Ikastetxeetako ordutegietatik kanpo teknikari bat joaten da, atzerako hondeamakinarekin zuloa egiten du —normalean bost bider sei metrokoa, baina txikiagoa edo handiagoa ere izan daiteke—, putzua iragazgaizteko geruza desberdinak jartzen ditugu eta gero itxitura bat jartzen dugu. Hortik aurrerako prozesu guztia ikasleekin egiten dugu. Orain proiektua aurkezten ari gara.

Aranzadi Zientzia Elkarteko egoitzaren sotoetan / Geuria

Etxerrera bueltatuta, merezi du bertan zerbait egitea?Lehenik eta behin esan behar da ez ditugula horrelako hezegune asko, hortaz, horrek nolabaiteko berezitasun bat ematen dio. Suntsitu edo bere horretan utzi, eskatzen duena da hausnarketa bat, eta gehienbat ikerketa. Baloratu behar da zein puntutaraino duen balioa bioaniztasunaren ikuspegitik, eta zein puntutaraino suerta daitekeen baliagarri udalerri edo inguruarentzat aisialdi gune bezala mantentzea. Nik erantzungo banizu, esango nuke ahalegina egingo nukeela ikertzeko, ez daudelako horrelako ingurune asko. Behar handia dago gune berdeak babesteko eta mantentzeko, batez ere, biztanle kopuru handia daukan Hego Uribe bezalako eskualde batean. Osasunaren aldetik ere oso garrantzitsua da horrelako guneak edukitzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak