→Hego Uribe

Iturriz iturri: Uraren mugarrietatik ibilbidea

Gaurko ibilbideak hainbat iturri lotzen ditu, ez dira agertuko mendi horietan dauden guztiak, gehiegi baitira artikulu batean biltzeko.

Brisketako iturria eta garbilekua // Fernando Gomez Abrisketa

Geuria #076 Monografikoan argitaratutako erreportajea
“Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak”
Irakurri osorik PDFan

Ur barik ez dago bizitzerik, hau da paisaiaren analisiari ekitean aintzat hartzen den puntu bat. Malmasin mendian eta inguruan antzinako biztanleen aztarna ugari daude, besteak beste, Finagako baseliza eta hilerria eta Malmasingo kastroa, eta eremu horietan biztanleria finkatzeko ezinbestekoa izan zen ur emariren bat gertu izatea. Egun ikusgai da urak bazter horietan utzitako arrastoa.

2012an Mugitu plataformak Malmasingo akuiferoari buruzko informazioa zabaldu zuen bere blogean (mugitu.blogspot.com), eta bertan aipatzen zuten inguru horretako iturrien egoera kezkagarria.

Gaurko ibilbideak txosten horretan agertzen diren hainbat iturri lotzen ditu, ez dira agertuko mendi horietan dauden guztiak, gehiegi baitira artikulu batean biltzeko. Abiapuntua Geuriaren egoitza izango dugu, non bere espaloian lehenengo iturria topatuko dugun; artifiziala da eta ez du loturarik Malmasingo akuiferoarekin. Badaezpada botila beteko dugu bertan, auskalo zer egoeratan aurkituko ditugun aurreragoko iturriak.

Basozelaiko iturria eta garbilekua // Fernando Gomez Abrisketa

1. BASOZELAIKO ITURRIA ETA GARBILEKUA

Gaztelu eta Cooperativa Basauri ikastetxeen artean sartuko gara eta hor hasten den bidezidorretik jarraituko dugu. 20 metrora topatuko dugu lehen errekastoa. Inguru honetan, Cooperativa Ikastetxearen azpian, ba omen zegoen bere garaian garbitoki bat, iturriarekin, baina neuk ez dut inoiz ikusi. Ur emari hau ia ez da sikatzen urtean zehar, beraz, iturri bat egotekotan ez du oso urrun behar. Mendian gora doa bidexka Kukurrustu tontorrerantz, baina gaur ez gara pasatuko bere postontzitik; horren ordez Ollarganeko Etxaldera joango gara.

Basozelaiko iturria eta garbilekua // Fernando Gomez Abrisketa

2. OLLARGANEKO MEHATEGIA ETA BOLUETAKO SANTA ANAREN BASERRIA

Aurreko mendeko 40ko hamarkadan inguru honetan Boluetako Santa Ana enpresak abeletxe bat ezarri zuen. Gerra Zibilaren ostean gose urteak izan ziren eta bere ekonomatoa hornitzeko baliabide garrantzitsua izan zen etxalde hau. Abereei edaten emateko iturriak baziren inguruan. Abeletxea ez ezik, apur bat beherago mineral garbitoki bat zegoen, Diana meategikoa alegia. Azpiegitura horiek urarekin hornitzeko bazegoen ur emari sendo bat urte osoan. Zoritxarrez 80ko hamarkadan lur azpiko indusketa batek desbideratu omen zituen iturburuak eta apenas geratzen den horien aztarnarik. Hor nonbait geratu dira iturriak, eta horiek ez badira agerian hezetasuna geratu da lekuko gisa, urtean zehar sikatzen ez den lupetz putzu bat.

3. JUBILATUENA. MALMASIN AZPIKO ITURRIA

Mendebalderantz inguratuko dugu Kukurrustu eta Malmasinekin lotzen duen leporako bidetik, Buiagoitiko bidea. Bilboko auzune horretara heldu baino 400 metro lehenago iturria aurkituko dugu. Gezurra dirudi arren, egun ikusten dugun zuhaizti ederra azken hogei urteetan garatu da. 90ko hamarkadan egoera oso ezberdina zen eta paraje honetan zegoen gerizpe puntu bakarra hau zen. Bidearen ezkerraldean eskailera batzuk topatuko ditugu iturrira ailegatzeko, lurretik ateratzen den hodia oraindik dago, nahiz eta urik ez eman, eta bere azpiko uraskan badago ur apur bat. Txikitan iturritik edan ahal izateko altzairuzko katilu bat zegoen kate batekin lotuta eta hori gordetzeko zuloa ikusgai da oraindik. Inguruan hainbat banku eta etxola eraiki zituzten orduko jubilatuek; arrastoak nonahi ikus daitezke.

Jubilatuena, Malmasin azpiko iturria // Fernando Gomez Abrisketa

4. BRISKETAKO ITURRIA ETA GARBILEKUA

Iturriaren eremua zeharkatuko dugu aldats gora Malmasin azpitik doan bidearekin bat egin arte, eta puntu horretan hegoalderantz (eskumatara) jarraituz Brisketa auzora helduko gara. Auzunean sartu gabe, lehen baserria eskuman utzita, 50 bat metrotara garbitokia aurkituko dugu. Garai batean oso ohikoak ziren egitura hauek, gure eskualdean horien hainbat erakusle daude oraindik, kontserbazio egoera ezberdinetan. Honetan bai topatuko dugu nahikoa ur urtean zehar. Hau ez omen da auzune honetako iturri bakarra.

Brisketako iturria eta garbilekua // Fernando Gomez Abrisketa

5. IRUARETXETA GAINEKO ITURRIA

Malmasin azpitik doan bidezidorretik Iruaretxetarantz abiatuko gara, larre artean doan harbidetik. Pinudian sartuko gara eta Tiro Eremuaren gaineko aldetik Basozelairantz joango gara. Aldatsa behera egiten hasten denean adi egon beharko dugu. Zuhaitz artean aurkituko dugu gure hurrengo iturria, bidearen eskuma aldean geratzen da. Egun ez dakar urik eta nahiko egoera kaxkarrean dago. Bere garaian zeramikazko azuleju beltzekin apainduta zegoen eta urtean zehar txorro ederra mantentzen zuen. Hodia ia galduta izan arren, oraindik ikus daiteke katilua gordetzeko zuloa. Txikitan aitarekin menditik bajatzean hau zen egin beharreko geldialdia. Puntu hau Gaztañabaltzako trokaren puntu garaiena da. XX. mendearen hasiera Basaurik bazuen arazo bat urez hornitzeko egunez egun hazten zihoan biztanleria eta industria. Besteak beste, Gaztañabaltzan hainbat indusketa egin behar izan zituen iturburuen bila. Datuen arabera emariak ez ziren makalak eta ia urte osoan zehar mantentzen zuten emari sendo bat, agorraldian izan ezik. Lan horiek hiltegi zaharretik gora zihoan bidetik egin ziren; auskalo zein egoeratan egongo diren gaur.

Iruaretxeta gaineko iturria // Fernando Gomez Abrisketa

Aurrera jarraituko dugu eta 50 metrora Basozelaitik igotzen den pistara aterako gara. Abiapuntura itzultzeko pistatik aldats behera jarraitu behar dugu futbol zelairantz. Apenas izan diren 5 kilometro Kukurrustu eta Malmasin inguratzeko, eta bost iturri, edo haien aztarnak, aurkitu ditugu. Ibilbideko iturri guztiak 160 eta 250 metro arteko garaieran daude, nahiko altu bi mendi horien altuera kontuan izanik, beraz, beheko aldeetan isuri puntu gehiago egongo ziren bere garaian. Zoritxarrez iturrien egoera nahiko eskasa da, Brisketakoarena izan ezik. Gehienak siku daude edo behintzat ez dute behar besteko ur jariorik era normal batez hortik edan ahal izateko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak