→Basauri

Jon Arretxe: “Nire aitaren etxea lurraren mailatik behera zegoen, zulo bat zen. trenbidearen ondoan eta komuna, etxetik kanpo. Ez zen jauregi bat, ez”

Aitite eta amama Etxerrekoak, aita ere bertan jaio eta hazitakoa. Gertutik ezagutzen du Jon Arretxek Etxerre.

Jon Arretxe Urederran / Utzitakoa

Geuria #076 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak”
Irakurri osorik PDFan

Jon Arretxe (Basauri, 1963) idazleak bere jaioterrian kokatu zuen ‘Arrutiren Banda’ nobela. Eleberriaren ardatzetako bat Etxerreko putzua da. Herritik kanpo dagoen misterio gune bat da nobelan: bitxiak, pirañak, gaizkileak… Jonek gertutik ezagutzen du Etxerre.

Baduzu lotura Etxerrerekin, Jon. Zure aita bertan hazi zen.
Aita Etxerre auzoan jaio eta hazi zen, eta oraindik zutik dagoen eskola zaharrean ikasi zuen. Baserri bat edo beste bazegoen auzoan, adibidez, Basauriko betiko azken euskaldunetakoa izan zen Fermin Larrearena. Dena dela, nire aitaren bizilekua askoz apalagoa izan zen, etxe zahar baten beheko solairua, alokairuan zeukatena. Lurraren mailatik behera zegoen, zulo bat zen, azken batean. Trenbidearen ondo-ondoan zegoen, komuna etxetik kanpo zeukan… Ez zen jauregi bat, ez.

Jon Arretxeren aitite Pradera Hermanos lantegiaren sarreran // Utzitakoa

Nolakoa zen Etxerre auzoa?
Auzo berezia izan da beti. Basauri izan arren, erdigunetik guztiz aparte dago. Gogoratzen naiz umetan askotan joaten nintzela gurasoekin, astero gutxienez, han bizi ziren aitite eta amama bisitatzera. Auzo zikinaren gomuta daukat, trafiko astuna igarotzen zen errepidetik, autobidea ia auzoaren gainetik pasatzen zen, Praderena lantegi kutsatzailea zegoen parez pare… Lantegi horren sarreran trabukoarekin egotea izan zen aititeren lana, kartzelatik irten ostean. Gogoan daukat aitite-amamen etxeko atea trenbidetik hiruzpalau metrora zegoela, inolako babesik edo mugarik gabe, eta niri grazia handia egiten zidala aldiro tren zaratatsua albo-albotik pasatzen ikusteak. Azkenean aitite-amamak, nahiko nagusitan jada, Praderenak utzitako Arkotxako pisu batera joan ziren bizitzera eta orain, dirudienez, etorkin txiro batzuk bizi dira haien etxe zaharrean. Horma bat eraiki diete, behintzat, trenbideko arriskuetatik babesteko.

Putzua betidanik ezagutu duzu?
Putzua sortu eta gero ezagutu nuen, harrobia itxi ondoren. Gogoan daukat gustatzen zitzaidala haren bazterretik paseatzea, eta harrobi zaharraren hondakinen artean ibiltzea. Lehen ez zegoen oraingo muga fisikorik ur bazterreraino joateko. Halako dekadentzia kutsua hartzen nion tokiari, ez nuen ikusten naturaren babesleku gisa edo.

Etxerreko putzua eta auzoaren inguruko istorioren bat ezagutzen duzu?
Aitak eta beste auzotar batzuek, tartean Fermin Larreak, sarri hitz egin didate auzoaz. Ferminek berak kontatu zidanez, baserri ederra zeukan, autobidearen zutabea eraikitzeko bota zutena. Bazituen animaliak, txarriboda eta guzti egiten zuen, eta esnea eramaten zion egunero nire amamari. Auzoko beste baserri batean ‘amerikanoa’ zeritzon gizon bat omen zegoen, animaliak eta piztiak zeuzkana. Arropen garbitokia ere ba omen zegoen auzoan. Esan didatenez, nire amama izaten zen beti lehena goizetan han agertzen, eta neguko goizetan ukabilka apurtzen zuen izotza, urik garbiena berak erabiltzeko.

Nolatan sartu zenuen Etxerreko putzua ‘Arrutiren Banda’ (Erein, 2017) nobelan?
Zingira horrek beti izan du xarma berezia niretzat, eta misterio puntua ere bai. Horregatik, ‘Arrutiren Banda’ Basaurin kokatzea erabaki nuenean, nire gurasoen auzoak nola edo hala agertu behar zirela erabaki nuen. Ama Arizkoa izanda, dorretxea eta ermita sartu nituen nobelan, eta aita Etxerrekoa izanda, zingira. Nobela beltza da ‘Arrutiren Banda’, umore beltza ere badaukana, eta Etxerreko zingiran suposatzen da Roaldo basauritar ezagunari ostutako bitxiak daudela. Gaizkile batzuek berreskuratu nahi dituzte, baina mihi gaiztoek diotenez, norbaitek pirañak askatu ditu uretan.

Jon Arretxe, Euskarabila euskaldunon elkartearekin, Malmasinen / Euskarabila

Basauriarra, baina Arbizun bizi zara egun. 1.200 bat biztanle eta naturarekin lotuta dagoen herria. Zein garrantzi ematen diozu naturari, naturarekin bat bizitzeari?
Beti izan dut gogoko natura eta orain errazago zait harekiko kontaktua sentitzea, Arbizun etxearen ondo-ondoan baitauzkat basoak eta mendia. Txikitan mendira eramaten ninduten, eta gero neuk jarraitu nuen ohitura horrekin. Basauriko etxetik abiatu eta Malmasin inguruan korrika edo mendiko bizikletaz ibiltzea, adibidez, oso gogokoa nuen, baita Pagasarri edo Ganekogorta alderaino joatea ere. Horrez aparte, munduan zehar egindako bidaietan ere ingurune natural eta basatietan sarri ibili naiz: Himalaia aldean, Amazonian, Saharan…

Asko gustatuko litzaidake Etxerre aldean naturak edo kasualitateak oparitu diguten zingira hori aprobetxatzea. Hegaztiek gogoko dute, antza, eta jendearentzat ere zerbait polita antolatu liteke, halako aisialdi-gune bat edo. Basauri aldean ez ditugu soberan horrelako parajeak eta ez genuke zingirak eskaintzen digun aukera galdu behar.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak