→Hego Uribe

Jon Bienzobas eta Gorka Vidal presoak Dueñaseko eta Zaballako espetxeetara lekualdatu dituzte

Zaballako espetxea, Araban // Etxerat

Jon Bienzobas Arretxe galdakoztarra eta Gorka Vidal Alvaro zaratamarra espetxez lekualdatu dituzte azken egunetan, Etxeratek jakitera eman duenez. Bienzobasen kasuan Puerto III espetxetik (1.020 kilometro) Dueñaseko espetxera (310 kilometro) lekualdatu dute, eta Vidalen kasuan Logroñoko espetxetik (170 kilometro) Zaballara hurbildu dute (66 kilometro). 

1999an atxilotu zuten Bienzobas Pauen (Okzitania) eta 2006an epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, 216 urteko espetxe zigorra ezarrita. ETAko kide izateagatik 18 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Frantzian eta beste 216 urteko espetxe zigorra Espainian. Saint Maur espetxean egon zen 13 urtez eta 2018an Frantziar estatuak Espainiaratu zuen. Soto del Real (Madril) espetxean egon ondoren (365 kilometro), Puerto III espetxera lekualdatu zuten (1.020 kilometro). Bi erailketa, erailketa saiakera eta armak edukitzeagatik dago kondenatuta Bienzobas. Lehen graduan zegoen Aperribaikoa, baina bigarrenera igarotzea onartu du espetxeetako tratamentu batzordeak.

Gorka Vidal Zaratamoko presoa hilabete gutxitan Kordobatik Logroñora lekualdatu zuten iaz eta urtarrilean Logroñotik Zaballara lekualdatuko zutela adierazi zuen Espetxe Erakundeak. Hala ere, orain arte ez da azken lekualdaketa hori eman. 2004an kartzelaratu zuten Vidal eta 20 urteko zigorra bete behar du, kalteak egiteagatik, sutea pizteagatik, lehergailuak edukitzeagatik eta banda armatuari laguntzeagatik. 2019ko otsailean zigorraren hiru laurdenak bete zituen. Espetxe Erakundetik diotenez, “espetxe-legedia onartu du, desbinkulatzeko idazkia aurkeztu du, indarkeria errefusatu du eta egindako kaltea aitortu du”.

2021ean bost lekualdaketa

2021ean zehar Hego Uribe eskualdeko bost preso lekualdatu dituzte: urtarrilean Jon Crespo (Galdakao) Murtziatik Kantabriara; eta martxoan Iker Lima (Galdakao) Huelvatik Leonera, Maite Pedrosa (Ugao) Alcalatik Zuerara; Jon Bienzobas eta Gorka Vidal. Aurten beste hurbilketa bat emango da, Espetxe Erakundeak adierazitakoa: Zigor Orbe basauriarrarena, alegia. Gaur egun Puerto III espetxean dago Orbe, Cadizen, baina Zaballako espetxera lekualdatuko dute.

2020an zehar eskualdeko sei preso gertuko espetxeetara lekualdatu zituzten: Josune Oña (Galdakao) Alacantetik Logroñora, Iñigo Vallejo (Basauri) Sevillatik Palentziara, Gorka Vidal (Zaratamo) Kordobatik Logroñora, Ugaitz Perez (Galdakao) Castellotik Logroñora, Joseba Borde (Ugao) Coruñatik Santoñara eta Idoia Martinez (Arrigorriaga) Asturiasetik Zaballara. Txus Martin ere Zaballatik Basauriko espetxera lekualdatu zuten; gaur egun etxean preso dago Martin.

Hauek dira egun preso dauden herritarrak:

Arrigorriaga
Idoia Martinez Garcia (Zaballa, Araba. 66 kilometro)

Basauri
Txus Martin Hernando (etxean preso)
Iñigo Vallejo Franco (La Moraleja-Dueñas, Palentzia. 310 kilometro)
Zigor Orbe Sevillano (Puerto III, Cadiz. 1.020 kilometro)

Galdakao
Jon Bienzobas Arretxe (Puerto IIItik Dueñasera lekualdatu berri dute)
Iñaki Krutxaga Elezkano (Almeria, Almeria. 1.005 kilometro)
Xabier Garcia Gaztelu (Huelva, Huelva. 1.000 kilometro)
Jon Crespo Ortega (El Dueso, Kantabria. 170 kilometro)
Iker Lima Sagarna (Leon, Mansilla. 370 kilometro)
Ugaitz Perez Sorriketa (Logroño, Errioxa. 170 kilometro)
Josune Oña Ispizua (Logroño, Errioxa. 170 kilometro)
Dani Pastor (Puerto III, Cadiz. 1.050 kilometro)

Ugao
Maite Pedrosa Barrenetxea (Zuera, Zaragoza. 245 kilometro)
Joseba Andoni Borde Gaztelumendi (El Dueso, Kantabria. 170 kilometro)
Irkus Badillo Borde (Alacant I-Foncalent, Alacant. 745 kilometro)
Josu Urrutikoetxea Bengoetxea (Parisen etxean preso)

Zaratamo
Gorka Vidal Alvaro (Logroñotik Zaballara lekualdatu berri dute)

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak