→Hego Uribe

Jose Ramón Díez (UPV/EHU): “Marko normatiboa alde dugu, diskurtsoa ere bai, baina ezer gutxi aldatu dugu. Gaitza ezagutzea eta ezkutatzea aspaldiko jokoa da”

Bioaniztasuna zer den, zer balore dituen eta zein den bere egoera munduan zein gurean.”Erronka izugarri baina ezinbesteko” honen argi-ilunak agertu ditu Jose Ramon Diezek.

Bere etxean, Busturian, elkartu gara EHUn Uraren Ekologian doktore den Jose Ramon Diezekin // Geuria

Geuria #076 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak”
Irakurri osorik PDFan

Bioaniztasunaz ari garenean gizakiaren osasunaz ari gara, inguratzen gaituen bizitza ororen aberastasunaz, landareez eta animaliez, lurrari eta urari buruz ari gara. Era berean, sarri entzuten dugun jasangarritasunaz ere mintzo da bioaniztasuna, etengabeko bilakaeraren mugez, energia berriztagarriez, Lur planetaren ustiapenaz zein Hego Uribeko ibaien garbiketaz. Finean, bioaniztasuna mundua osasuntsu eta martxan mantentzen duen balantza da. Badakigu balantzek orekan egon behar dutela eta balantzak denbora luzez alde batera egiten badu, betirako erortzeko arriskua duela. Bada gu, gizakiok, egoera horretan gaude: balantza aspaldi desorekatu genuen.

“Ditugun aukera guztiak aprobetxatu, babestu eta berreskuratu behar ditugu gure biodibertsitatea salbatzeko, disfrutatzeko eta gure ondorengoei mundu hobe bat uzteko”. EHUn Uraren Ekologian doktore den Jose Ramon Diezen (Bilbo, 1970) hitzak dira horiek. Berarengana jo dugu ikerketetan dauden tesi potoloak gertutik ezagutzeko eta azaltzeko asmoz. Busturian bizi da, Urdaibaiko biosferatik gertu.

Bioaniztasunaren alde ditugun aukera guztiak aprobetxatu behar ditugu?
Biodibertsitatea honako da: bizitzak duen aniztasuna eta aberastasuna, maila genetikotik, espezieak, arrazak, ekosistemak eta paisaiaren mailara arte. Oso baliotsua da berez, baina baita ekosistemen funtzionamendua bermatzen duelako ere. Biodibertsitatearen kontserbazioaren premia agerian dago. Azken aldarrikapena ekainaren 5ekoa da, Nazioarteko Ingurumenaren egunekoa. NBEren arabera (ONU) 10 urte ditugu aurretik naturaren galera errestauratzeko eta buelta emateko, ezinbesteko erronka biodibertsitatea kontserbatzeko eta gure osasuna eta etorkizuna ziurtatzeko.

2020aren amaieran Naturaren Mundu Funtsen (WWF) datuak arduratzekoak ziren. Mundu Biziaren indizea (mundu osoko 21.000 animalia-populazioren egoera islatzen duen zenbaki bat) gainbeheran doa. Izan ere, batez beste 1970etik gaur arte populazio horiek % 68 murriztu dira. Mundu osoko fenomenoa da, are larriagoa Erdi edo Hego-Amerikan, baina Europan ere oso larria.

Gure kasuan ere agerian geratzen da biodibertsitatea kontserbatzeko ez dela nahikoa babesguneak izendatzea, askoz ere aldaketa sakonak egin behar ditugula gure egunerokotasunean. Giza-populazioa eta giza-jarduerak etengabe hazten ari dira lurraren gaineko oinatz ekologiko gero eta handiagoa eraginez. Horren aurrean 2017. urtean 184 herrialdetako 15000 zientzialari baino gehiagok manifestu bat sinatu genuen gizarteari mezu argi bat helarazteko: denbora amaitzen ari da! Izan ere, azken hamarkadetan adierazle guztiek etengabeko gorantzako joera erakusten dute, berdin CO2 emisioak, petrolio kontsumoak edo suntsitutako oihanak. Bat izan ezik, arrantza-harrapaketei dagokiena: goi muga aspaldi gainditu genuen eta ozeanoetako osasun-egoeraren adierazle tristea da hori.

Naturarekiko, biodibertsitatearekiko alegia, gizakiak duen menpekotasuna erabatekoa da eta gure erronka larrienetako batzuekin zerikusi zuzena du. Arnasten dugun airea eta edaten dugun ura garbitzen du, elikagaiak ekoizten ditu, hondakinak deskonposatzen, klima aldaketa arintzen laguntzen du karbonoa xurgatuz, kutsadura murrizten du eta abar luze bat. Horri zerbitzu ekosistemikoa deitzen diogu, eta lehengaiak edo ekosistemen funtzionamenduaz gain balio kultural, emozional, paisajistikoa ere badu.

COVID-19ren agerpenak agerian utzi du biodibertsitatea suntsitzean giza bizitzari eusten dion sistema ere suntsitzen dugula. Ekosistema bat zenbat eta dibertsoagoa izan, orduan eta zailagoa da patogenoak zabaltzea edo menderatzea. Biodibertsitatearen galerak patogenoak animalien eta pertsonen artean pasatzeko aukera ematen du.

Edonola ere, amildegira goaz abiadura handiz eta ardura ez da soilik hausnartzea etorkizuneko belaunaldiek zer aurkituko duten. Horrela jarraituz gero gure gizarteak berak hemendik 15-20 urtetara ezinbesteko aldaketak ezarri beharko dituelakoan daude batzuk.

Jose Ramón Díez / Geuria

Bioaniztasunaren kontserbazioaren premia dago, legez ere behartzen gaituzte.
Bai hala da, legeek argi adierazten digute bereziki ur ekosistemak egoera onean mantendu behar direla. Testuinguru honetan bi arau azpimarratuko nituzke: 2000. urteko Uraren Arteztaraua eta EAEko hezeguneetako Lurralde Arloko Plana. Azken honetan Etxerreko urmaela 2. taldean sartuta dago eta helburuek hurrengo hau adierazten dute: lehenik eta behin, hezegune bakoitzaren balio ekologikoak, paisajistikoak, produktiboak eta zientifiko-kulturalak kontserbatuko direla bermatzea. Bigarrenik, degradatuta dauden hezeguneetako ingurune naturala hobetu, berreskuratu eta birgaitu dadila ahalbidetzea. Eta hirugarrenik eta azkenik, natur baliabideei balioa ematea ahalbidetuko duten ekintza-lerroak finkatzea.

“Gu ibaien edo uren medikuen modukoak gara: ekosistema aztertu, ingurua ikusi eta diagnostikoa egiten dugu”. Diagnosia zein da gaur egun? Bioaniztasunaren galera aurrera doa? Nork eragin behar du honetan?
Ibaien garrantzia gehienetan oharkabean pasatzen da gizartearentzat. Hala ere, zibilizazioak ur ekosistema horien inguruan garatu dira eta bizitza eta garapena ahalbidetu dute. Beldur barik esan daiteke ibaiak eta errekak lurraren arteriak, zainak eta kapilarrak direla, lurraldearen funtzionamendua bermatuz, gure gorputzean odolak egiten duen bezalaxe.

Gure odola kutsatzen badugu edo arteria bat oztopatzen badugu, gure ehunak eta organoak larriki kaltetuko dira eta euren funtzioak betetzeari uztera ere ailegatuko dira. Kasu larrienetan heriotzara iritsi gaitezke. Antzekotasun honekin jarraituz gero, ibai bat kutsatzen badugu, edo ibaiertzak uholde lautadaren ordez hormigoia eta azpiegiturekin okupatzen baditugu, kolesterol, estenosi aortikoa edota tronbo bat eragin genezake, gorputzaren (lurraldearen) funtzionamendua kaltetuz; eta modu horretan biodibertsitatearen zati handi bat suntsituz, ekosistemen orekak aldatuz eta prozesu natural asko eragotziz.

Kudeaketa eraginkorrak metodologia sendoa behar du kaltea aztertzeko, konpontzeko eta errestauratzeko. Metodologia hori milaka urtetan zehar gaixotasunak diagnostikatzeko, sendatzeko eta prebenitzeko medikuntza praktikak ezarritakoarekin bat dator. Hortaz, ibaiak gizakiaren ekintza horren ondorioz gaixotzen direnean, beharrezkoa da ibaietako medikuarengan joatea: ibaiak errestauratzen adituak dira eta diziplina anitzeko ikuspegia eskaintzen dute ibaia berreskuratzeko. Beraz, ekosistema egitura ezagutzeaz gain, haren funtzionamendua ere ezagutu behar dute.

Ibaietako medikuak Iberiar penintsulan irabazi-asmorik gabeko erakunde baten inguruan gaude antolatuta: CIREF (Centro Ibérico de Restauración Fluvial), ibai-espazioen errestaurazioarekin lotutako profesional talde anitza, ibaiak eta hezeguneak errestauratzea helburu duena.

Basauri eta Zaratamo artean dagoen Etxerreko zingira / Geuria

Diagnosia zein da gaur egun?
Europako Ingurumen Agentziaren arabera, Europa mailan, azaleko ur-masen %4ok baino ez du egoera ekologiko ona edo bikaina, eta arazo nagusiak hauek dira: habitaten okupazioa eta eraldaketa, aireak utzitako kutsadura eta nekazaritzatik datozen mantenugaiek eragindako kutsadura.

Elkargo Autonomiko honetan ere ur masen kalitatea kezkagarria da, batez ere ibaien kasuan. Urtero 166 ur-masa ebaluatzen dira eta horietatik 3k bakarrik erakusten dute egoera ekologiko bikaina eta 59k “0na” (%35). Baina egoera hori ez da berria eta, kasu askotan, eremu industrializatuen ibaietan behintzat, egoera duela hamarkada batzuk baino nabarmen hobea da, batez ere uraren kalitateari dagokionez, morfologiari dagokionez ubide zeharo kanalizatuak izaten baitira. Hala ere, landa-inguruneetako ibaiek eta errekek degradazio nabarmena izan dute, bereziki basogintza erasokorra duten eremuetan.

Ibaiak eta hezeguneak dira eraldaketa hauetan guztietan gehien pairatu duten ekosistemak. Nazioarteko Ramsar hitzarmenak (170 herrialdek sinatutako akordioa hezeguneak babesteko eta bere erabilera arrazionala bultzatzeko) iaz Global Wetlands Outlook (2020) txostena kaleratu zuen. Horren arabera 1970 eta 2015 urteen artean mundu osoko hezeguneen % 35 desagertu zen. Baina desagertzeko tasa handienak 2000. urtetik aurrera gertatu ziren. Arazo hau eskualde guztiei dagokie, eta gurean bereziki azalera txikiko hezeguneak eta ibai lautadak eraldatu ditugu urbanizazio, azpiegitura eta betelan eta drainatzeen bitartez.

Baina hezeguneak biodibertsitate-gordeleku garrantzitsuak dira eta osasuna, uholde arriskua edota aldaketa klimatikoaren ondorioen aurrean tresna eraginkorrak. Atera kontuak: planetaren espezien % 40 hezeguneei lotuta daude eta 100.000 espezie baino gehiago dokumentatu dira. Tamalez euren garrantzia gutxietsi egin da denbora luzez. Zorionez, ibaiak bezalaxe, errestauratzeko ahalmen izugarria dute.

Nork eragin behar du honetan?
Ur ekosistemen egoera ekologiko ona lortzeko erronka azken finean administrazio publikoari dagokio. Baina, kontuz! Herritarren inplikazioarekin baino ezin izango da lortu ingurumenaren kontserbazioa eta, oro har, egoera ona bermatzea. Konpromiso eraginkorra lortzeko beharrezkoa da pertsonen formakuntza eta parte hartze publikoa bermatzea, informazioa eskuratzearekin eta justizia eskuratzearekin batera.

Dudarik gabe, hezkuntzak ere honetan guztian rol garrantzitsua dauka, zehazki, biodibertsitatearen hezkuntzak eta jasangarritasunaren hezkuntza berak. Kontua ez da umeak naturarekin harremanetan jartzea, inondik inora. Ekoalfabetizazioa eta konpromisoetarako hezi behar ditugu umeak, gazteak eta helduak. Dena den, sistemaren eraldaketarik gabe hezkuntzak protagonismo eskasa izango du. Lehenik eta behin, trantsizio sozio-ekologikorako abian jarri behar gara.

Biodibertsitatearen galerak, Etxerreko putzuarena moduko kasu batean, zer ekarriko luke berarekin?
Aukera paregabea galtzea dakar. Nik Etxerreko urmaela ez dut ikertu, baina pentsa ezazu eremu urbano eta industrializatu horretan horrelako aukera gutxi daudela urari loturiko ekosistema bat berreskuratzeko. Ibaizabal nagusiaren eremua poligono industrialez josita dago eta kanal baten itxura baino ez dauka. Beste horrenbeste esan daiteke Nerbioi ibaiari buruz, eskualde honetako bigarren arteria nagusia. Baina, ez dugu ezer ganoraz utziko hurrengo belaunaldientzat? Egoera premiazkoa da.

Ur urdina eta berdeak Etxerreko zingira / Geuria

“Uraren Kultura Berria”. Zer da?
Etxerre bezalako urmaelak errestauratzea. Oro har, ur ekosistemak errestauratzeak lotura zuzena du Uraren Kultura Berri batekin. Uraren Kultura Berriaren kontzeptua 90eko hamarkadan sortu zen, Ebro ibaiaren erregulaziorako Plan Hidrologiko Nazionala delakoak proposatzen zituen azpiegituren aurreko mugimendu-gisa. Gerora, uraren kudeaketarekin lotutako gaiak jorratzeko modu oso bati erreferentzia egiten dio.

Hiru zutabetan oinarritzen da. Lehena, paradigma-aldaketa: ura ekoizpen-faktore soila izatetik aktibo ekosozial gisa ulertzera. Ikuspegi ekonomiko eta ekologikoa uztartuz. Bigarrena, ur ekosistemen funtzionaltasuna zaintzea (ibai, erreka, urmael eta akuifero), uren eta ekosistemen kalitatea kontserbatzeko bidean. Ekosistema hauek ematen dizkiguten ingurumen balioak eta zerbitzu ekosistemikoak jasangarritasun-ikuspegia ematea dakar horrek. Eta hirugarrena eta azkena, eraginkortasuna: ohiko eskaintza estrategietatik eskarien kudeaketan oinarritutako ikuspegi berriak igarotzea. Funtsean oraindik indarrean dagoen kudeaketa-ereduaren oinarrizko ikuspegia aldatuz.

Elefante handi bat dugu gela batean eta alfonbra azpian sartzen dugu. Ohitzera kondenatuta gaude?
Gaitza ezagutzea eta ezkutatzea aspaldiko jokoa da. Marko normatiboa alde, diskurtsoa ere bai, baina ezer gutxi aldatu dugu. Are gehiago, COVIDari lotutako pandemia horrek aldatzeko beharra inoiz baino nabarmenago utzi digu agerian, baina ematen du ez dagoela modurik: horma lodi eta handi baten kontra ematen dugu, behin eta berriro.

2021eko urtarrilean Euskal Herriko 800 akademikok manifestu bat (https://euskalherriapostcovid19.eus/) sinatu genuen eskaera argi batekin: trantsizio sozio-ekologikorako dagoen abagunea aprobetxatu behar da. Horretan zera aipatzen genuen, pandemian zehar ingurumenaren gainean zenbait ondorio positibo antzeman ditugu, hala nola, aire kutsaduraren murrizketa, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murriztea edo ingurune naturalari eragiten diogun presioa gutxitzea. Baina behin ‘normaltasunera’ bueltatzen ari garen heinean efektu positibo hauek desagertzeko arriskua dute. Dudarik gabe ahalegin itunduak egin behar dira, denboran sostenguak eta justizia sozialaren parametroen arabera planifikatuta, gizarte- eta ingurumen-adierazleen hobekuntzari denboran eutsi ahal izateko. Erronka izugarri handia da, baina ezinbestekoa.

Zientziatik politika-guneetara. Eta politika-guneetan ohiko erantzuna: “Interesa bai, baina dirua dagoenean”. Oraingoz, bioaniztasuna ez da lehentasun bat.
Errealitateak azken horrekin lotura handia duelakoan nago: biodibertsitatea edo bioaniztasuna ez dago erakundeen lehentasunen artean, nahiz eta egoera premiazkoa izan. Etengabeko hazkuntza ekonomikoa jomuga denean, ingurumena galtzaile suertatzen da. Beti.

Kasualitatez, aurreko astean -2021eko maiatzaren 31ko astea-, ‘Euskadiren Ingurumen Egoera 2020’ txostena aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Horren aburuz, 2002tik monitorizatzen dituen hamaika bektorek oro har bilakaera ona dute, baina biodibertsitateari, hondakinei eta klima-aldaketari lotutako datu eta joerak kezka pizten du. Izan ere, gaitz sistemiko baten sintomak dira: gure sistema bera gaixo dago.

Izan ere, etengabeko hazkuntza ekonomikoan oinarritzen den modelo honek agerian uzten ditu bere mugak, bai ingurumenarekiko zein pertsonekiko ere. Zaldibarko hondamendia gure sukarraren adierazle bikaina izan daiteke; Bizkaian bazterketa-arriskuan dauden 15.000 pertsonatik gora, ongizate-gizarte honetako erakusle tristea…

Biodibertsitatearen kasuan, Europa mailako interes komunitarioko habitaten %69k kontserbazio-egoera eskasa du. Horien artean egoerarik okerrena dutenak duna-ekosistemak, kosta-ekosistemak, aintzira- eta urmael-ekosistemak eta baso-ekosistemak dira. Baten batek pentsa zezakeen egoera arintzeko Etxerreko urmaela errestauratzea lehenengo pauso positiboa izan daitekeela…

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak