→Hego Uribe

Joxe Rojas: “Trafikoa hirukoiztu dute Geuriak eta Aleak, arriskua gertuen ikusi duten tokikoek”

etxebarri joxe rojas 2016 elkarrizketa ale berezia
Joxe Rojas / Tokikom

Pandemia garaian arriskua gertuen izan dutenek toki komunikabideetara jo dute informazio bila. Arabako Aleak, adibidez, %189ko hazkundea izan du bisitetan, ohiko trafikoa hirukoiztu du ia. Bizkaian, berriz, Hego Uribeko Geuria ere hortxe-hortxe dabil, %142ko hazkundearekin. Hori da Joxe Rojas etxebarritarrak, Tokikom tokiko komunikabideen IKT arduradunak, Covid-aren garaitik ateratako hausnarketetako bat, baina ez bakarra.

Zein da tokiko euskarazko hedabideen balioa alarma egoera honetan?
Nire ustez, egoera tamalgarri honek argi baino argiago utzi du sarritan bigarren mailakotzat jotzen diren toki komunikabideen garrantzia. Honelako egoera batean, hedabide generalistek, halabeharrez, egoeraren maila orokor edo globalera jotzen dute: bateko eta besteko gobernuak zer dioen, mundu mailan zelan doazen gauzak… informazio hori behar-beharrezkoa da, noski, baina hau bezalako egoera batean, denok gabiltza urduri eguneroko bizitzari dagozkion erabaki praktikoak hartzeko orduan, ezta? Nora joan gaitezkeen erosketak egitera, gure herri edo auzoa segurua den ala ez, nori eskatu edo eskaini ahal diogun laguntza. Maila horretako informazioa beti da garrantzitsua, baina ezohiko egoera honek inoiz baino argiago uzten du. Inguru hurbilean zer gertatzen ari den jakitea ezinbestekoa zaigu eguneroko erabakiak hartzeko. Eta hedabide generalistek ez dute modurik errealitatea auzoz auzo kontatzeko. Hori tokikoek baino ezin dute egin.

Informazioaren pluraltasuna bermatzerakoan, zein da tokiko hedabideen papera?
Aniztasun horri bi aldetatik begiratu diezaiokegu. Alde batetik badago komunikabideen ildo editoriala, nolabait esateko, jabea nor den eta noren alde egiten den. Estatu mailako komunikabide handi guztiak, azkenean bizpahiru enpresa talde handiren esku daude, eta alde horretatik, sekula ez dute egingo enpresa edo talde ekonomiko handien interesen aurka. Toki komunikabideetan, eta, zorionez, euskarazko medioetan oro har, ez dago kontzentrazio hori. Guztiak dira jabe ezberdinenak eta, gainera, gehien-gehienak -guztiak ez esateagatik- gizarte ekimenetik sortuak dira, eta ez enpresa edo ekonomia zein politika talde handien interesak babesteko. Alde horretatik uste dut ez garela jabetzen zer nolako luxua den gaur egun lobby ekonomiko eta politikoen esferatik kanpoko komunikabideak izatea. Pribilejiatuak gara horregatik.

Bestetik, tokikoen kasuan, aniztasuna informazio iturrietan ere badugu. Albisteak gertatzen diren lekuan bertan gaude, iturrietatik oso gertu. Horrek, alde batetik, erraztu egiten du iturri ezberdinekin harremanetan egotea, eta bestetik, informazio bitartekarien beharretik libratzen gaitu. Tokikoetan albisteak ez dira agentzia baten bidez iristen, iturrietatik beraietatik baizik. Horrek ere nahi edo nahi gabeko filtro, ikuspuntu eta abarrak kentzen dizkigu bidetik. Elikagaien munduan esaten den bezala, tokikoetan ematen den informazioa ez da medio handietan ematen dena bezain ‘prozesatua’. Kolorante eta konserbanterik gabea da.

Nola kudeatu dute Tokikom-eko hedabideek krisia? Erabakiak denok batera hartu dituzue edo bakoitzak du bere errealitatea?
TOKIKOMek 25 bazkide eta 60 toki komunikabide batzen ditu, eragin esparru, izaera eta baliabide oso ezberdinekin, eta egoera horretan ezinezkoa guztiak berdin-berdin jokatzea. Bakoitza bere egoera, ahalmen eta inguruaren arabera egokitu da. Baina nabarmendu nahi nituzke puntu komun batzuk.

Batetik, lan egiten jarraitzea: zurrunbilo honen guztiaren erdian errazena kontrakoa bazen ere, toki komunikabide guztiek, izan bi langile edo 50, komunitatea informatuta mantentzeko konpromisoari tinko eutsi diote, eta guztiak ere martxan daude, inguruan gertatzen ari den guztia jaso eta kontatzen. Errealitateak eta zailtasunak ezagututa, uste dut txalotu eta eskertu beharreko ahalegina dela, bai hedabideei eurei eta bai, noski, hedabideak egiten dituzuen langileoi.

Bestetik, segurtasuna lehenestea: polemika handia dago egunotan jarduera ekonomikoa gelditu behar den ala ez. Toki komunikabideok argi dugu oinarrizko zerbitzua garela, informatuta egotea oinarrizko eskubidea dela, eta horren alde jarraituko dugu lanean. Hori bai, komunikabide guzti-guztietan ahalegin izugarriak egiten ari dira segurtasuna eta osasuna zaintze aldera. Kazetariak eta administrazioko langileak telelana egiten ari dira, eta kalera atera behar izanez gero babes neurri handiekin egiten ari da. Edizio digitalei lehentasuna eman zaie informazioa hedatzeko orduan, eta paperezko argitalpenen kasuan, izugarrizko segurtasun neurriak hartzen ari dira banaketa horiek era seguruan egiteko. Kasu batzuetan, koronabirusak gogorren kolpatu duen eremuetan batez ere, paperezko aldizkaririk ez banatzea ere aztertzen ari dira.

Zailtasun handiekin ari gara lana aurrera ateratzen eta hedabide eta langileek sekulako konpromisoa erakutsi dute. Nola baloratzen duzu hori?
Langileei dagokienez, zer esan. Asko hitz egiten ari da egunotan osasun eta beste zerbitzuetako langile publikoak egiten ari diren ahaleginaz, eta nik neuk horien pare jartzen zaituztet komunikabideetako, eta bereziki toki komunikabideetako lankideok. Konpromiso handia sumatzen da komunikazio proiektuekiko eta, batez ere, bizilagunak informatuta mantentzeko zereginarekiko, eta hori ere luxu handia da. Itxialdiko aste batzuk geratzen zaizkigu oraindik, eta planteatu beharko da, diot nik, balkoietako txalo horietako batzuk sektore honetako langileontzat izatea.

Komunikabideen kasuan ere ahalegina ikaragarria da. Kikildu eta murriztu beharrean, guztiak ari dira inoiz baino lan gehiago egiten, zerbitzu publikoko bokaziotik. Joan den astean, adibidez, TOKIKOMeko medio guztiok erakunde publikoen esku jarri genituen gure baliabideak, adibidez, egunotan hain beharrezkoa den komunikazioa bideratzen laguntzeko. Ahalegina oso handia da, batez ere kontuan hartuta alarma egoera ezarri denetik, publizitate sarrerak oso azkar jausten ari direla, iragarle askok atea itxi behar izan dutelako. Horretaz ere hitz egin beharko da hau pasatzen denean, komunikabideok ere, tokikook zein bestelakoek, kolpe ekonomiko latza jaso behar dugu, eta funtsezko zerbitzu bat ematen ari gara.

Audientziak aldatu egin dira krisia hasi zenetik? Jendeak inoiz baino beharrezkoago du ondo informatuta egotea? Are gehiago fake news-ak eguneroko bihurtu diren honetan?
Hasieran esan dizudan bezala, egunerokotasunean ez gara konturatzen, baina tokiko informazioa funtsezkoa da gure bizitzan. Eguneroko erabakiak hartzeko oinarrizko osagaia da. Alarma egoerak egunerokotasun hori apurtu egin digu, azken finean oinarrizko eskubide zibilak eten egin dizkigute, ez da txantxetako kontua. Eta ezohiko egoera horretan oso garrantzitsua da, bai, informazio zehatz eta puntuala izatea, zurrumurruak eta albisteak ondo bereiztea… horretan guztian, esan bezala, komunikabideek, tokikoek eta beste guztiek, oso paper garrantzitsua dute egunotan. Momentuak daukan txar guztiaren erdian, uste dut aukera paregabea dela oso argi uzteko noraino den beharrezkoa kazetari profesionalen eta komunikabideen lana, eta bide batez, denok ikas dezagun interneteko sare sozialak ez direla informazio iturri fidagarriak. Baina tira, bigarren horrekin ez daukat esperantza handirik…

Tokiko informazioaren inguruko egarri hori argi islatzen da, adibidez, TOKIKOMeko webguneetako kontsumoari erreparatzen badiogu. Martxoaren 3tik 23ra, webguneek 1.504.200 bisita izan zituzten guztira, aurreko 20 egunetan baino %34 gehiago. Batez beste, webgune bakoitzaren bisitak %38 hazi dira aurreko 20 egunokin alderatuta. Baina trafiko hazkundea askoz ere handiagoa izan da gaixotasuna azkarren zabaldu den eremuetan. Arabako Aleak, adibidez, %189ko hazkundea izan du bisitetan, ohiko trafikoa hirukoiztu du ia. Bizkaian, berriz, Hego Uribeko Geuria ere hortxe-hortxe ibili da, %142ko hazkundearekin. Arriskua gertuen ikusten dutenek toki komunikabideetara jo dute informazio bila.

TRAFIKO DATU AGREGATUAK

otsailak 11 – 

martxoak 2

martxoak 3 – martxoak 23
agregatua

batez beste
Erabiltzaileak374.947477.217+%27+%30
Sesioak1.124.1091.504.200+%34+%38
Orrialdeak2.881.7613.369.244+%17+%26

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak