→Hego Uribe

Torturengatik hil ziren Alfredo Valcarcel eta Juanjo Munduate omendu ditu Egiari Zor fundazioak

Jasandako torturengatik 70. hamarkadan hil ziren eskualdeko bi herritarrak: 1975ean Valcarcel 33 urte zituela, eta 1972an Munduate 26 urte zituela.

Alfredo Valcarcel arrigorriagarra (ezkerrean) eta Juan Jose Munduate basauriarra (eskuman) // Argazkiak: Euskal Memoria

Euskal Herrian 1961. urtetik gaur egun arte torturengatik hil ziren 14 herritarren bizitzak aitortzeko ekitaldia egin zuen atzo, martxoak 24, Egiari Zor fundazioak, biktimen duintasunari eta giza eskubideen urraketa larriei lotutako Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Egunaren harira. Tartean, Hego Uribe eskualdeko bi herritar omendu zituzten: Alfredo Valcarcel Navarro arrigorriagarra eta Juan Jose Munduate Zamakona basauriarra.

70. hamarkadan hil ziren eskualdeko bi herritarrak: 1975ean Valcarcel 33 urte zituela, eta 1972an Munduate 26 urte zituela.

Alfredo Valcarcel Navarro (1942-1975)

Alfredo Joaquín Valcárcel Navarro Colungakoa zen (Asturias), baina Arrigorriagan bizi zen. Margolaria zen eta ETAko militantea izan zen. “1971. urtean ETAren Langile Frontearekin bat egin zuten. 1972an Polizia Sekretuan atxilotu zuen eta Indautxuko polizia-etxera eraman zuten. Poliziak bazekien Alfredok giltzurrun bat baino ez zuela, eta atxilotzean bereziki inguru horretan kolpatu zuten. Halakoxe gogorrak izan ziren torturak, non konortea sarritan galdu baitzuen eta odola pixa egitera heldu baitzen. Bere osasun egoera oso larria zela eta lesio asko eragin zizkiotela ikusita, Basurtuko ospitalera eraman zuten. Hilabete batzuk eman zituen han. Ondoren, Basauriko espetxera bidali zuten. Espetxeko erizaindegian sartu zuten zuzenean, eta 1974an aske utzi zuten arte ez zen bertatik atera. Askatasuna berreskuratu eta hilabete batzuetara berriro ingresatu zuten. Ospitalean hil zen 1975eko martxoaren 21ean, torturek giltzurrunean eragindako ondorio larriak gainditzea lortu ez zuelako”, diote Egiari Zor Fundaziotik. Kontakizuna Leire Gallastegik kontatu du, 2001ean Guardia Zibilak torturatua.

Juan Jose Munduate Zamakona (1946-1972)

Juan José Munduate Zamakona Basauriko txistulari bat zen. Etxebarriko Laminaciones de Bandas en Frío fabrikako langilea zen, eta 1970ean ETAren alde egin zuen. “1971ko martxoaren 15ean atxilotu zuen Polizia Nazionalak eta Indautxuko komisarian torturatu zuten. Tortura saioetan hainbat eraso epileptiko jasan zituen eta heriotzaren ertzean jarri zuten. Atxiloketaren ondoren, espetxeratu eta aske utzi zuten urte bereko irailean bertan. Garai hartan oraindik ikusgai zituen jasandako torturen aztarnak. Torturek eragin zizkioten krisi epileptikoak etengabe errepikatu ziren, eta hurrengo hilabeteetan luzatu ziren, bere bizitza modu larrian baldintzatzeraino. Beste eraso epileptiko baten ondorioz hil zen 1972ko otsailaren 19an, aske utzi eta bost hilabetera”, diote Egiari Zor Fundaziotik. Kontakizuna Oier Ibargurenek irakurri du, 2009an Polizia Nazionalak torturatua.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak