→Arrigorriaga

Lehen eskola asteak: Hego Uribeko ikastetxeetako arduradunen berbak

Isolatutako gelak, burbuila taldeak, baliabide eskasak, hiru hezkuntza eszenarioak… Eskualdeko hamabi ikastetxetako arduradunen berbak jaso ditugu.

Ikasleak Arrigorriagako Eskolara sartzen. Sarreran 'Ongi etorri eskolara' kartela / Geuria

Irailaren 7an ikasturteari hasiera eman diote Hego Uribeko ikastetxeek, eta astebetera greba egin dute horietako askok, baliabide nahikorik izan ez dutela salatzeko eta eskola segurua aldarrikatzeko. Horiek horrela, GEURIAk konfirmatu ahal izan duenez, eskualdean lau dira ikasgelaren bat isolatu duten ikastetxeak: Etxegarai (LH1) eta Basozelai-Gaztelu (HH4) Basaurin, Urreta (HH4) Galdakaon eta Kukullaga (HH4 eta LH1) Etxebarrin. Lehen eskuko testigantzak jasotze aldera, ikastetxeetako arduradunekin berba egin dugu irailaren 15etik aurrera. Greba, hezkuntza- eta osasun-baliabideak, Covid19aren eragina eta etorkizun gertua izan ditugu hizpide.

 

URRETA IKASTETXEA
Galdakao. Begoñe Gonzalez, zuzendaria: “Grebak %74ko jarraipena izan du irakasleon artean, eta ikasleei ez etortzeko eskatu diegu. Hau ez dugu inoiz eskatu, eta espero dugu inoiz gehiago eskatu behar ez izatea. Baina gure ardura da zintzo jokatzea: greban, gutxieneko zerbitzuak berandu jakinarazita, ezinezkoa zaigu babes-neurriak ziurtatzea”.

“Batetik, garbiketa ordu gehiago eskatu dizkiogu Udalari. Bestetik, ikasgela guztiak topera ditugu. Talde burbuilak sortu ditugu, baina taldeak gehiago banatu behar baditugu beharrezkoa da langile gehiago izatea. Azkenik, bidali diguten osasun-materiala ez da nahikoa, gela bukatzear dugu eta maskara kirurgikoak bidali dituzte FPP2ak beharrean”.

“Ikasgela bateko ikasleak, tutorea eta PTa isolatuta daude, zehazki, Haur Hezkuntzako 4 urtekoen gela bat da. Bertan hiru positibo daude, denak ikasleak, eta Covid protokoloa martxan jarri da: gelako ikasle guztiak etxean daude isolatuta, baita bi irakasleak ere. Oraingoz, ez dugu ordezkorik. Guztiei PCR frogak egin omen dizkiete. Badakigu positibo eman duten guztiak ondo daudela, arriskutik kanpo”.

 

ZARATAMOKO ESKOLA
Zaratamo. Josune Etxeita, zuzendaria: “Protokoloa zorrotz jarraitzen ari gara: etxean, autobusera eta gelara sartu aurretik tenperatura neurtu eta eskuak gelarekin garbitu. Jantokian ohiko txanda bakarretik egungo hiru txanda izatera pasatu gara”.

“Eskolan ez dugu positiborik. Bi eta hamabi urte bitartekoekin lan egiten dugu, eta eskola handia dugu zorionez. Bizikidetza talde eremuak sortu ditugu eta burbuila klaseekin funtzionatzen dugu. Haur hezkuntzan talde bakarra dugu eta nagusiagoekin talde txikiak sortu ditugu. Grebaren jarraipena erabatekoa izan da, ez da jardunik egon eskolan”.

 

ETXEGARAI IKASTETXEA
Basauri. Juanma Salazar, zuzendaria: “Astelehenetik, Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasgela bat isolatuta dago, irakaslea eta ikasleak etxean. Joan den asteko ostiralean hasi ziren positiboak agertzen. Oraingoz, talde berean tutoreak eta hiru ikaslek eman dute positibo PCR proban. Denak ondo daude. Guk dakigunez atzo egin zizkieten PCRak gainontzeko ikasleei. Gurasoei esango diete zein den emaitza, guk ez dugu lehen eskutik jakingo. Horiek guztiak Hezkuntza Covid protokoloak bideratutakoak dira. Azken orduetan gela horretako ikasle eta irakasleen kontaktu sarea sortzen ari dira kutsatzeak gelditzeko asmoz. Ikastetxean talde egonkorrak sortu ditugu eta horrek lagundu beharko luke kutsatzeak modu errazago batean mozten. Ikasgela hori ahalik eta arinen desinfektatzea eta erabilgarri jartzea eskatu dugu, eta erantzunaren zain gaude”.

“Taldeak txikitzean eta banatzean irakasle eta begirale gehiago beharrezkoak dira, derrigorrez. Irailean goizez ari gara eskolak ematen, baina urrian goizez eta arratsaldez hasiko gara. Guraso batzuek proposatu dute, segurtasuna bermatze aldera, ea posible den ordutegi trinkoarekin jarraitzea, baina Hezkuntza Sailetik ezezko borobila eman dute. Etorkizuna beltza datorren arren, lanean jarraituko dugu ahalik eta hoberen egiten, apurka-apurka, eguneroko egoerei aurre eginez. Grebari dagokionez, irakaslegoaren %66ak egin du, gutxienezko zerbitzuak izan ditugu eta ez da ikaslerik etorri”.

 

ZEBERIOKO ESKOLA
Zeberio. Nuria Korta, zuzendaria: “Eskola txikia izanda lasai hasi bagara ere, udazkena hastear dago: gripeak, katarroak… eta litekeena da dinamika hankaz gora jartzea, baina garrantzitsuena lasai hartzea da. Gure ustez, burbuila klaseak sortzea ez da irtenbide onena. Azken batean, haur txikienak gainontzekoekin kontaktu eta harremanik gabe geratzen dira eta askatasuna mugatzen zaie. Momentuz ez dugu positiborik, baina goizegi da hau jakiteko. Positiboren bat edota sintomak dituen ikaslerik balego, protokoloa martxan jarriko litzateke: mediku talde bati abisatu, klase osoa isolatu… Baina klaseak isolatzen badira ordezkoak behar ditugu. Burbuila klaseak sortu ditugu, zikloka antolatuta, klasean, jolastokian eta jantokian. Haurreskolaren kasuan, 2-5 urte bitarteko haurrek talde bakarra osatzen dute”.

 

KUKULLAGA IKASTETXEA
Etxebarri. Bego, zuzendaria: “Bi ikasgela isolatu ditugu Kukullagan: Haur Hezkuntzako 4. mailako bat eta Lehen Hezkuntzako 1. mailako beste bat. Ikasgela bakoitzean positibo bana diagnostikatu zituzten astelehenean (irailak 14), biak ikasleak. Igandean PCR proba egingo diete berriro. Emaitza negatiboa balitz, litekeena da astelehenean (irailak 21) berriro eskolara bueltatzea”.

“Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari materiala eta giza baliabideak eskatu genizkion, baina ez dira heldu. Esan zuten 1.000 irakasle gehiago kontratatuko zituztela, baina ez dakigu ezer horren inguruan. Etxebarriko Udalaren aldetik, euren esku dagoen guztian lagundu dute eta pozik gaude izan duten erantzunarekin. Esaterako, patioetan eta bestelako ekintzak dinamizatzeko laguntzaileak eskaini dizkigute. Gainera, garbiketa eta desinfekzio-lanak indartu dituzte”.

“Irakasleen % 32ak egin zuen greba asteartean. Gainontzekoak ikastetxera etorri ziren, baina ikasle gutxi etorri zirenez, eskolak ez ziren normaltasunez eman”.

 

GANDASEGI IKASTETXEA
Galdakao. Jone Gonzalez, zuzendaria: “Jantokian laguntza beharko dugu, batez ere urritik aurrera. Otorduak modu seguruan eskaintzea oinarrizkoa iruditu zaigu eta hori ziurtatu gura dugu. Udaltzaingoaren laguntza ere eskatu genuen goiko eraikinean, ikastetxera bideko espaloia berritzen ari direlako, ikasle zein langile guztiak sartzen garen bi sarreretatik gertu”.

“Ez dugu positiborik eta ez dugu gelarik etxera bidali behar izan, oraingoz. Eskolaren inguruan egon dira kasuak, adibidez, ikasturtea martxan hasi aurretik garbitzaile batena; orain ikasleren bat PCR emaitzaren esperoan dago. Lau eta bost urteko geletan maskara erabiltzea aholkatu diegu eta hala egiten dute. Ikastetxeak badu bere protokoloa eta balizko hiru eszenatokiak prest ditugu. Egun, Haur Hezkuntzan burbuila metodoarekin ari gara eta Lehen Hezkuntzan talde egonkorrak sortu ditugu. Funtsezkoa da familien kontziliazioa, guk horretan laguntzen dugu eta laguntzeko prest gaude, baina, nire ustez, dinamika horrek jarraipena eduki behar luke eskolatik kanpo”.

“Irakasleen artean %90eko jarraipena izan du grebak. Hamar bat gaude lanean, gutxieneko zerbitzuak betez. Familiei ez diegu esan umeak ez ekartzeko, baina bai zentzuz jokatzeko”.

 

BIZKOTXALDE IKASTETXEA
Basauri. Maite, ikasketa burua: “Gurean ez dago positiborik, baina ordezkorik ere ez. Izan ere, tutore baten ordezkapena irakasleon artean egiten ari dira. Geletan ikasle kopurua txikitzea eskatzen digute, baina ikastetxeak berak duen irakaslegoarekin ezinezkoa da. Pentsa, 26 ikasleko bi gela ditugu. Jantokian, beste horrenbeste, begirale gutxi”.

“Umeak beldurtuta daudela esango nuke: ilaran zuzen-zuzen, ezin jolastu edo bihurrikeririk egin. Batzuetan kontzentrazio-esparru batean gaudela ematen du. Hau edo bestea egin edo ez egin esaten diegunean, ikasleek ‘zergatik horrela, andereño?’, galdetzen digute. Eta behin eskolatik kanpo, egia da umeak nahastu egiten direla eta ikastetxe barruko talde egonkorrak eta burbuila horiek desagertzen direla. Hortaz, ez dakit zenbaterainoko efikazia duten neurri horiek”.

“Grebaren jarraipena %100ekoa izan da irakaslegoan, baita ikaslegoan ere. Bi ikasle etorri dira, ez dira jabetu gaur greba zegoenik eta bueltan etxera joan dira”.

 

SOFIA TARAMONA
San Migel / Basauri. Isabel Cancho, zuzendaria: “Familiekin ahalik eta harreman gertuena izaten saiatzen gara. Ez dugu positiborik izan, baina bai sukarrarekin esnatu diren umeak, adibidez. Gurasoek eskolara deitu dute, tenperatura hartzeko esan diegu… Irakasleok, ikasleok eta familiak egunero egoera horretan bizitzea ez da erraza, baina aurrera jarraitzea beste aukerarik ez dugu”.

“Ikastetxe gehienen antzera, Sofia Taramonan ere talde egonkorrak sortu ditugu eta moldatzen ari gara. Urritik aurrera, ostera, jantokian arazoak izango ditugula aurreikusten dugu. Baliabideei dagokienez ere, uste dut danok antzeko ari garela: Udalari garbiketa indartzeko eskatu diogu eta Hezkuntza Sailari, gure kasuan, jantokiko zerbitzua indartzeko begiraleak.Grebaren jarraipena %60koa izan da irakaslegoan”.

 

SAN JOSE IKASTETXEA
Basauri. Jabi Etxebarria, zuzendaria: “Ez dugu positiborik eta ahalegin guztiak egingo ditugu horrela jarraiteko. Apirilean hasi zen itxialdiaren ostean, familiak deseatzen zeuden eskola zabaltzeko eta eskola presentzialekin hasteko. Normala da. Gainontzeko eskolen antzera, guk ere hiru eszenario posibleak prest ditugu, batera edo bestera, ikasturtearekin aurrera jarraitzeko”.

“Kontzertatuak garen aldetik, baztertuak eta gureak eskakizunen ilaran azkenak direla esango nuke. Osasun material guztia guk erosi dugu, eta Kristai Eskolako zuzendaritzak gastuen zerrenda eurei bidaltzeko eskatu digu. Babes neurriak betetze aldera, eskolako sarrera guztiak erabiltzen ari gara eta horietako bat Nafarroa kalean dago, espaloiean, errepide ondoan. Udalari eskatu genion bertan baranda bat jartzeko segurtasuna bermatzeko, ezezkoa jaso dugu eta guk geuk ordaindu dugu, 1.200 euro. Ikasleak ez pilatzeko eta sakabantzeko asmoz, Solobarriako karpa erabiltzeko eskaera ere egin diogu Udalari eta erantzuna ere ezezkoa, ez dutela karpa jarriko jairik ez dagoelako. Norbaitek San Joseren instalazioak behar izan dituenean beti eskuzabal jokatu dugu: ekintza askotan eta askotan euria egiten duenean, San Josera datoz. Gauza batzuetarako pribatuak gara eta beste batzuetarako herrikoak”.

“Greba egunean, lanean normal aritu gara. Bai irakasle, bai ikasleak”.

 

ARRIGORRIAGAKO ESKOLA
Arrigorriaga. Idoia Ibarrola, zuzendaria: “Ez da positiborik egon eskolan. Kutsatu kasu batzuk egon diren susmoa egon da, baina PCR frogek negatibo eman dute”.

“10 minututan 651 ume sartzen ditugu eskolara. 2-3 urteko umeekin arazotxoak izan genituen lehen egunetan, gurasoak ere sartzen zirelako, baina gurasoak kanpoan utzi ditugu dagoeneko. Jantokian estu eta larri ibili gara, leku gutxi dagoelako. Maskarak eskatu ditugu, baita langileak ere, eta langileak eskaini dizkigute. Jantokian hiru txanda egiteko frogak egin dituzte. Ikasgeletan burbuila gelak sortu ditugu, baina 23 ikasleko gela batzuk ditugu, eta irakasleek ikasle gehiegi direla deritzote. Hortaz, Jaurlaritzari irakasle gehiago eskatu dizkiogu eta talde txikiagoak osatzeko. Jaurlaritzaren erantzuna izan da ezarritako segurtasun neurriak jarraitzearekin nahikoa dela. Ez gaude oso konbentzituta”.

“Ikasturtea hasi baino ez dugu egin. Ziurrenik laster positiboak agertuko dira eta etorkizunean klase erdi-presentzialak egiteko ideia airean dago”.

“Irakasleen %50a greban. Ume gehienak ez dira eskolara etorri”.

 

KAREAGA GOIKOA IKASTETXEA
Basauri. Yolanda Marcos, zuzendaria: “Momentuz ez dugu positiborik. Pediatrak Haur Hezkuntzako hiru ikasleri PCR probak egin dizkie, baina oraingoz ez dugu ikastetxean positiborik”.

“Bi irakaslek bakarrik egin dute greba. Egoera zaila dela kontuan izanda, gehiengoak erabaki du grebarik ez egitea. Ikasle batzuk ez dira etorri, agian gurasoen erabakiz, baina irakasleak bertan egongo ginela ohar bidez jakinarazi genien”.

 

APERRIBAI IKASTETXEA
Galdakao. Edurne Ealo, ikasketa burua: “Oso estu gaude denok, familiak eta eskolak. Egun batetik bestera ari gara erabakiak hartzen, ez dakigu zer etorriko den eta heldu leku barik bizitzea zaila da. Hiru eszenarioak prest ditugu: presentziala, mixtoa (irakaskuntza etxetik eta presentziala) eta irakaskuntza etxetik. Egoera horretara helduz gero, badakigu arrazoi ezberdinengatik familia askok arazoak izango dituztela online irakaskuntzan aritzeko. Era berean, hezkuntza premia berezietakoekin nola jardun zehaztu beharko lukete, baina oraindik ez gara horra heldu”.

“Oraingoz, positiborik ez. Talde egonkorrak osatu ditugu. Atsedenaldietan eta heziketa fisikoan Udalak utzitako frontoia erabiltzen dugu ikasle pilaketak saihesteko. Baina, urritik aurrera, esaterako, jantokian zaila izango da ikaslei bazkaltzen ematea babes neurriak betez eta talde egonkorrak errespetatuz. Eta, bai, material gehiago eskatu dugu. Adibidez, oso gel gutxi geratzen zaigu eta eskolaren dirutik ordaindu dugu”.

“Gurean grebak %90eko babesa izan du irakaslegoan. Lau irakasle egon gara lanean”.

Eskerrak eman gura dizkiegu artikulu hau osatzen lagundu eta bertan parte hartu duten ikastetxeetako ordezkariei. Horiez gain, beste ikastetxe askorekin berba egiteko ahalegina egin dugu. Azkenik, arduradun batzuek nahiago izan dute komunikabideekin berbarik ez egin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak