→Hego Uribe

Maite Pedrosa eta Iker Lima eskualdeko presoak El Dueso eta Basauriko espetxeetan daude jada

Kartzeletan preso dauden Hego Uribeko 13 presoetatik 4 Basauriko espetxean daude // Google

Etxerat Elkarteak jakinarazi duenez, Maite Pedrosa preso ugaotarra Zuerako espetxetik (245 kilometro) El Duesoko espetxera (170 kilometro) lekualdatu dute. Pedrosak 230 urteko espetxe zigorra du ETArekin lotutako hainbat delitugatik, eta 1998tik dago preso. Espetxe Erakundeen arabera, espetxe legedia onartu du Pedrosak, eta ETArekiko deslotura adierazten duen idatzi bat aurkeztu du. Bigarren graduan dago Pedrosa. El Duesoko espetxean ere bere bikotea, Mikel Azurmendi, dago kartzeleratuta, urrian Zueratik lekualdatu ondoren. Biek alaba adingabe bat dute. Aurten lau espetxetan egon da Pedrosa: Valentzia IIIn, Alcalán, Zueran, eta orain El Dueson.

Bestetik, Iker Lima preso galdakoztarra Basauriko espetxean (etxetik 5 kilometrora) dagoela adierazi dute Etxeratetik. Abendu hasieran lekualdatu zuten Leondik (370 kilometro). 2002ko azaroaren 25ean espetxeratu zuten eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, sutea, kalteak, lesioak eta desordena publikoak egotzita. Aurtengo martxoan Huelvako espetxetik Leongora lekualdatu zuten, eta 2021eko abuztuan zigorraren hiru laurdenak bete zituelarik, Idazkaritza Nagusiak bigarren gradua eman zion. Basauriko espetxean Hego Uribe eskualdeako lau preso daude jada (Joseba Borde, Jon Crespo, Ugaitz Perez eta Iker Lima); Irkus Badillo preso ugaotarra ere Basauriko espetxean izan da azken hilabeteetan, baina azarotik baldintzapean aske dago.

Hauek dira egun preso dauden eskualdeko herritarrak:

Basauri
Txus Martin Hernando (etxean preso)
Iñigo Vallejo Franco (El Dueso, Kantabria. 170 kilometro)
Zigor Orbe Sevillano (Zaballa, Araba. 66 kilometro)

Galdakao
Jon Bienzobas Arretxe (La Moraleja-Dueñas, Palentzia. 310 kilometro)
Iñaki Krutxaga Elezkano (Leon, Mansilla. 370 kilometro)
Xabier Garcia Gaztelu (Estremera, Madril. 520 kilometro)
Jon Crespo Ortega (Basauri, Bizkaia. 5 kilometro)
Iker Lima Sagarna (Basauri, Bizkaia. 5 kilometro)
Ugaitz Perez Sorriketa (Basauri, Bizkaia. 5 kilometro)
Josune Oña Ispizua (Zaballa, Araba. 66 kilometro)
Dani Pastor (Zuera, Zaragoza. 245 kilometro)

Ugao
Maite Pedrosa Barrenetxea (El Dueso, Kantabria. 170 kilometro)
Joseba Borde Gaztelumendi (Basauri, Bizkaia, 9 kilometro)

Zaratamo
Gorka Vidal Alvaro (Zaballa, Araba. 66 kilometro)

Eguneratuta: 2021/12/13 (Etxerat)

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak