→Hego Uribe

Euskadiko eta Nafarroako biodibertsitateari buruzko ‘Natura Bizia’ dokumentala ikusgai, Hego Uriben

Dokumentala euskaraz proiektatuko dute Basaurin (azpitituluekin) eta Galdakaon // Natura Bizia

‘Natura Bizia’ film dokumentala proiektatuko dute Hego Uribe eskualdeko zinema aretoan: zehazki, maiatzaren 27an Basauriko Social Antzokian eta maiatzaren 29an eta 30ean Galdakaoko Torrezabalen. Dokumentala euskaraz eskainiko dute bi aretoetan, Basaurin azpitutuluekin.

Honakoa dio dokumentalaren laburpenak: “Iberiar penintsulako iparraldean, momentu ikusgarriak eskainiko dizkiguten bi lurralde aurkitzen ditugu, Euskadi eta Nafarroa. Bi eremu hauek, Europako biodibertsitatearen parte handi bat gordetzen dute bere baitan. Itsaslabar malkartsuak, itsaso amaigabea, magiaz beteriko basoak, kareharrizko mendi altuak… guztiek bizipen ahaztezinak eskainiko dizkigute. Munduko zetazeo handienen artean ibiliko gara igerian, gozatuz ikusiko ditugu hartz arrearen lozorro ondorengo lehen pausoak, gertutik biziko ditugu nola Europako tximeleta ederrenaren metamorfosi bukaera, hala bisoi europarraren eguneko une barnekoienak, hementxe baitauka kontinenteko azken babeslekuetako bat. Eta desertua, leku idorra eta bizitza gabekoa dela iruditu arren, planetako ekosistema aberatsenetako bat dela ikusiko dugu. Kantauri itsasoko ur hotzetatik Pirinioetako mendi tontor babesgabeetara, Natura Bizia da hau, gure ondare naturaleko txoko eta izaki harrigarrienetako batzuk ezagutzeko bidaia zoragarria da”. Dokumentalaren zuzendaria Lexeia Larrañaga de Val izan da.

Natura Bizia | Dokumentala

Hego Uribe

Maiatzak 27, osteguna
19:00 Social Antzokia, Basauri
– 5 euro. Social Antzokiko bazkideak: doan

Maiatzak 29-30
17:00 Torrezabal, Galdakao
– 4,5 euro. Umeak: 3,5 euro

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak