→Hego Uribe

Bideoa | Miguel Angel Herrero izendatu dute aho batez Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateko presidente

Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatearen eraketa bilkura egin dute maiatzaren 13an Zaratamoko Elexalde Kultur Etxean. Gobernu Batzordea eratzeaz gain, Mankomunitateko presidentea hautatu dute bederatzi Udaletako ordezkariek. Guztira 35 ordezkari dira, baina eraketa bilkurara 32 bertatartu dira, eta aho batez hautatu dute Mankomunitateko presidentea: Miguel Angel Herrero etxebarritarra. Bi urtez egongo da agintean, datozen udal hauteskundeak izan arte. Hau da, 2023ra arte. Hauteskundeak izan ondoren batzorde berria osatuko dute.

Miguel Angel Herrero Etxebarriko alkateordea da, baita orain arteko Udaltalde 21 erakundeko presidentea ere. “Oso ondo ezagutzen du erakunde baten funtzionamendua, aurretik lan egin baitu arlo honetan. Udaltalde 21eko egungo lehendakaria da eta Mankomunitatea finkatzeko prozesuan behar den jarraipena emateko prozedurak ondo baino hobeto ezagutzen ditu”, dio Txutxi Ariznabarreta Arrankudiaga alkateak -orain arte, Mankomunitate eratu berrian presidente lanean ibili da-.

Mankomunitatearen helburua nagusia da ingurumeneko arazoak konpontzea, eta eskainiko dituen zerbitzuen artean daude, besteak beste, eskualdeko bulegoaren kudeaketa, Agenda 21en garapena eta Agenda 2030eko garapen jasangarriko helburuak erdiestea. Horiez gain, etxeko zaborren bilketa, garraioa eta tratamendua egiten jarraituko du Mankomunitateak. Udaltalde 21 eskualdeko erakunda ordezkatuko du Mankomunitateak.

Mankomunitateko Gobernu Batzordea osatzen dute: Miguel Angel Herrero (Etxebarri), Maite Ibarra (Arrigorriaga), Txutxi Ariznabarreta (Arrankudiaga-Zollo), Pedro Mari Intxaurraga (Orozko), Ekaitz Mentxaka (Ugao), Itziar Biguri (Urduña), Juan Ignacio Intxaurraga (Zaratamo), Karlos Idirin (Zeberio) eta Jabi Asurmendi (Arakaldo). Bilkura honekin, eratuta gelditu da Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea eta abian jarriko da bere jarduera.

Arrigorriaga, Etxebarri, Ugao, Zaratamo, Zeberio, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Orozko eta Urduña udalerriek osatzen dute Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea. Basauri eta Galdakao momentuz Mankomunitatetik kanpo daude, “euren bizilagunen beharrei erantzuteko adina langile eta baliabide dituzten Udalak direlako”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak