→Hego Uribe

Europako jardunaldiek ekitaldi inklusibo eta irisgarriak ekarriko dituzte Arrigorriaga, Etxebarri eta Ugaora aurten

Urtero bezala eta udazkenaren helduerarekin, urrian Ondarearen Europako Jardunaldiak bueltan Bizkaia osoko herrietara helduko dira, aurtengo gaia ‘Ondare irisgarria eta inklusiboa’ izanik.

Lorea Bilbao Ibarra diputatua, Europako Jardunaldien aurkezpen egunean // Bizkaiko Foru Aldundia

Urtero bezala eta udazkenaren helduerarekin, urrian Ondarearen Europako Jardunaldiak bueltan Bizkaia osoko herrietara helduko dira, aurtengo gaia ‘Ondare irisgarria eta inklusiboa’ izanik. “’Guztion ondarea, denok parte!’ leloak ezin hobeto finkatzen dau bizipenak eta ikuspegiak alkarri azaltzeko eta danontzako moduko programea gozatzeko esparrua, pertsonak erdigunean jarrita. Kultura ondarea komunidadeko pertsonen adierazgarria baino ez da: geure baloreak, sinisteak, ezagutzak eta ohiturak adierazten ditu. Horregatik, guztion eskubidea da kultura ondarea gozatzea. Horixe da aurtengo edizinoan aldarrikatzen doguna: ondare inklusiboa, kidetasunean, libre, lasai, oztoporik gabe, gustora bizitzea gure kuktur esperientzia” azaldu zuen Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbao Ibarrak Bilbon egindako aurkezpen egunean.

214 jarduerak osatuko dute aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiak bizkaiko hainbat lekuta, formatu askotako jarduerak eskainiz: bisitak, ibilbide eta ibilaldi gidatuak, tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak, konferentziak, topaketak, lekukotzak, ipuin kontaketak, erakusketak, kontzertuak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, bideo-forumak, lehiaketak, ginkhana formatuko jarduerak…

Ondarearen Europako Jardunaldiak Etxebarriko hezkuntza zentroetan, 2020an // Geuria

Jarduerak, eskualdean

Foru Aldundiak Bizkaia osoan antolatu dituen 214 jarduera horietatik bost gure eskualdean antolatuko dituzte: Arrigorriagan, Etxebarrin eta Ugaon.

ARRIGORRIAGA

  •  Gure Memoria Migrantea Eraikitzen: Iragana eta Oraina: Gure herrira, etorkizun desberdin baten bila etorri ziren pertsonen istorioak ezagutzeko jarduera proposatzen dugu. Urruneko jatorria duten pertsonekin esperientziak partekatu ahal izatea da helburua. Horrela, beste orainaldi bat eraikiko dugu, pertsona guztiak kontutan hartzen duen orainaldia, etorkizun komuneko pertsonen iraganeko eta orainaldiko ezagutzak partekatuz.
    • Noiz: Urriak 7, 19:00etatik 20:30ak arte
    • Non: Arrigorriagako udaletxeko Euskaldunberria aretoan
    • Antolatzaileak: Malmasingo Lagunak, Arrigorriaga Harrera Herria eta Arrigorriagako Udala
  • Emakumeak Barne: Emakumeak Erdi Aroan Bizkaian: Oraingoan emakumetara eta historian zehar izan duten presentziara gerturatuko gara, zehazki Erdi Aroan Bizkaian izan zuten papera eta bizimodua aztertzera. Horrela, diskurtso inklusiboagoa sortu nahi dugu. Era berean, historikoki esanguratsua izan den talde gisa, hau da jasotzen dugun diskurtsoaren subjektu historiko gisa, emakumeen presentzia erakustarazi nahi dugu. Horrela, berdintasun historia baterantz aurrera egin dezagun.
    • Noiz: Urriak 28, 19:00etatik 20:30ak arte
    • Non: Lonbo aretoa
    • Antolatzaileak: Malmasingo Lagunak eta Arrigorriagako Udala

ETXEBARRI

  • Ibilbide ludiko-historikoak: Etxebarriko beheko aldean udalerriaren toponimia, zenbait leku historiko eta interes arkitektonikoa duten lekuak ezagutzera emango diren hiri-ibilbide bat dinamizatuko da (4 km guztira). 1,5 km-ko aukera laburrago bat ere moldatuko da.
    Mugikortasun murriztua eta aniztasun funtzional sentsoriala (ikusmen edo entzumen urritasuna) duten pertsonentzat moldatutako informazioa eta seinaleztapena izango ditu Udalak seinaleztatutako ibilbide honek.
    • Noiz: urriaren 18tik 21era, 12:00etatik 14:00ak arte (talde hitzartuak); urriaren 22 eta 23, 12:00etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte; urriak 24, 12:00etatik 14:00ak arte
    • Non: San Esteban eliza
    • Antolatzailea: Etxebarriko Udala
  • Harrera-Acogida: Erakusketa gidatu eta iruzkindu honen bitartez aniztasun funtzional intelektuala eta psikikoa duten artisten lanak ezagutzeko aukera izango ditugu. Erakusketaren gaiak gerren eta gatazka belikoen ondoriozko
    errefuxiatuen fenomenoan sakonduko du.
    Ekintza BilbaoFormArte prestakuntza-zentroarekin elkarlanean antolatuko da Zentro honek arte sorkuntzaren bidez, aniztasun funtzional intelektual edo psikikoa duten pertsonei garapen pertsonaleko eta profesionaleko programa bat eskaintzen die.
    • Noiz: urriak 15 eta 22, 17:00etatik 20:00ak arte; urriak 16 eta 23, 12:00etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte; urriak 17 eta 24, 12:00etatik 14:00ak arte; urriaren 18tik 21era talde hitzartuak.
    • Non: Kultur etxea
    • Antolatzaileak: Etxebarriko Udala eta Bilbao Formarte

UGAO

  • Ondarea eta Hirugarren Adina “Guztiona eta Guztientzat” bisita antzeztuak: Bisita antzeztua Ugaon zehar, non Martin Merkataria dugun. Berarekin aukera izango dugu errege-bidearen abenturak ezagutzeko. Ibilbidean zehar aukera izango dugu istorioak zein pasadizoak ezagutzeko, eta Erdi Aroko joko errazak burutuko dira. Gainera, amaitzeko tailer bat burutuko dugu hiribilduko eta gure museoko oroigarri bat eraman dezagun.
    Era berean, aurreko egunetan museoa Ugaoko eguneko zentrora “mugituko da” museoa bertara joan ezin diren adinekoei gerturatzeko. Bertan, belaunaldi arteko zenbait tailer burutuko ditugu, non jakintzak, esperientziak… trukatuko diren. Gazteen eta nagusien parte-hartzea bultzatzea da edizio honetako beste helburuetako bat, belaunaldien arteko tailerren bitartez. Nagusien lekukotzak, “oroimenaren zaindarienak”, gazteenekin partekatuko dira Artzentalesen, Bermeon, Garain, Getxon eta Ugaon. Besteak beste, bizimoduen eta ohituren eraldaketa edo kultur paisaia bezalako gaiak jorratuko dira”, azaldu dute Bizkaiko Foru aldunditik. 
    • Noiz: urriak 7 eta 8, 10:00etan eta 12:00etan
    • Non: HIEZK Ugaoko Historia eta Ingurumena Ezagutzeko Zentroa
    • Antolatzaileak: Ugaoko Udala, HIEZK Ugaoko Historia eta Ingurumenna Ezagutzeko Zentroa, CIHMA

2020ko Europako jardunaldiak Ugaon, UB5 Teatroko Ernesto Fernández aktoreagaz // Utzitakoa

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak