→Hego Uribe

Osakidetzako “gainkarga” eta “utzikeria” salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte bihar Hego Uriben

Abenduaren 22an Basaurin egin zuten elkarretaratzeko irudia // Geuria

Osakidetzako egoera “jasanezina” salatzeko mobilizazio gehiago deitu dituzte SATSE, ELA, LAB, CCOO y UGT sindikatuek. Abenduaren 22an egin zituzten elkarretaratzeak osasun zentroen aurrean, eta bihar, urtarrilak 13 (13:00), berriro deitu dituzte kontzentrazioak, Osakidetzako “gainkarga” eta “utzikeria” salatzeko: “Joan den abenduaren 22an kontzentrazioak egin ziren Osakidetzaren lehen mailako arretako egoera jasanezina salatzeko. Hala ere, egoera are gehiago okertu da”.

“Langileen eskasia oso nabarmena da, eta horren adibide, besteak beste, Osakidetzak Covid autotesta bezalako neurriak dekretatu dituela da. Hau da, paziente bakoitzak bere lagina jaso beharko du zeregin hori egiteko behar adina profesional ez izateagatik”, salatu dute SATSE sindikatutik.

Egoera hori salatzeko bihar 13:00etan elkarretaratzeak deitu dituzte sindikatuek osasun-zentro guztien aurrean. Hego Uribe eskualdean ere elkarretaratzeak izango dira.

“Zoritxarrez, ez da pandemiaren ondoriozko egoera koiuntural bat. Egungo osasun-krisiak larriagotu egin du, are gehiago, egiturazkoa eta pandemiaren aurrekoa den egoera. 2019an, lehen mailako arretako langileek hiru greba egun egin zituzten garai hartan bizi zuten egoeraren larritasuna salatzeko. Gaur egun, bi urte geroago, egoerak okerrera egin du”, salatu du sindikatuek, eta gaineratu dute: “Egoera kezkagarria izan arren, Eusko Jaurlaritzak ez ditu urratsak ematen aipatutako arazo larriak konpontzeko. Onartu berri den 2022rako Aurrekontuen Legeak osasungintzarako inbertsio bat aurreikusten du, 2021ean benetan gastatutakoa baino 16 milioi euro gutxiago”. 

Sinadura bilketa

Osakidetza indartzeko sinadura bilketa martxan jarri du Euskadiko Podemos Ahal Duguk ospitale zein osasun zentroetan. Hain zuzen ere, duela hilabete batzuk Osakidetzatik kaleratutako 4.000 osasun-langileak berriro kontrata ditzala eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari sinadura bilketa horren bitartez. “Dagoeneko milaka sinadura bildu ditugu”, diote alderdi moretik. Biharko elkarretaratzeetan ere sinadurak bilduko dituztela adierazi dute, adibidez, Basauriko Elkarrekin Podemoseko ordezkariek.

Manifestazioak U23an

Osakidetzaren “egoera larria” salatzeko manifestazioak deitu dituzte ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek urtarrilaren 23an 12:00etan EAEko hiru hiriburuetan: Bilbon (Jesusen Bihotzetik), Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plazatik) eta Donostian (Boulevardetik). “Pandemiaren aurreko egitura gabeziak direla eta, lehen mailako arretak duen kolapso egoera eta ospitaletako arretaren gainkarga salatuko ditugu eta egoera horri aurre egiteko berehalako neurriak eskatuko ditugu”, diote sindikatuek: “Mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik, Osakidetzako langileei ez ezik, herritarrei eta gizarte-mugimenduei eta erakundeei ere dei egiten diegu. Osasun publikoa bizi-aseguru kolektiboa da, eta, zalantzarik gabe, defendatu egin behar dugu. Horregatik, egoera iraultzeko pausorik ematen ez bada, mobilizazioak areagotuko dira”.

Bideoa | Osakidetzako lehen arretaren egoera salatu dute sindikatuek Basaurin

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak