→Hego Uribe

Pentsiodunek kontzentrazioei berrekingo diete Hego Uribe eskualdean

Pentsiodunek kontzentrazioei berrekingo diete gaur, irailak 6, Hego Uribe eskualdean.

Astelehenero egingo dituzte elkarretaratzeak udaletxe aurrean // Geuria

Pentsiodunek kontzentrazioei berrekingo diete Hego Uribe eskualdean. Udako oporraldiko etenaldiaren ostean, berriro aterako dira kalera “pentsio publikoak eta duinak” aldarrikatzera. Era berean, “kalitatezko enplegua eta zerbitzu publiko unibertsalak, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, eta aberastasunaren eta lanaren banaketa ekitatiboa” aldarrikatuko dituzte. Hego Uribe eskualdeko herrietan (Basaurin eta Galdakaon, adibidez) udaletxe aurrean egingo dituzte elkarretaratzeak, astelehenero 12:00etan. Gaur, irailak 6, izango dira ikasturte berriko lehenak.

“Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 2an egindako bileraren ondoren, erabaki genuen astelehenetako ohiko mobilizazioei berriro ekitea duela hiru urte baino gehiagotik egiten ari garen herri eta hiri guztietan, eta indar handiagoz borrokatzen jarraitzea gure aldarrikapen zuzen eta premiazkoengatik, eta Estatuko Gobernu Kontseiluak abuztuaren 24an onartutako pentsioak erreformatzeko lege-proiektuan jasotzen diren murrizketa berriak baztertzea”, diote Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariek.

Kalean tinko

Astelehenetako elkarretaratzeez gain, beste agerraldi batzuen berri eman du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak: urriaren 1ean eta azaroaren 13an, alegia. “Urriaren 1ean, ostiralez, adineko pertsonen egunean, kalera aterako gara, adinean aurrera egin ahala eskubideak ez direla iraungitzen adierazteko eta mendekotasunari eta zaintzari arreta emateko zerbitzu publiko unibertsalak eskatzeko, eta azaroaren 13an, larunbatez, Hego Euskal Herriko kaleak beteko ditugu pentsio duinak, bidezkoak eta nahikoak lortzeko, mobilizazioak hala erabakitzen duten erakunde sozial eta sindikalekin partekatuz”, diote.

“Gure argudioekin eta mobilizazioekin erakutsi dugu Pentsioen Sistema Publikoa (PSP) guztiz bideragarria dela, eta lortu dugu pentsioen errebalorizazioa bizi-kostuaren hazkundearen arabera egitea; baina Gobernuak abuztuaren 24an onartutako Lege Proiektuaren edukia ezagutu ondoren, salatu nahi dugu 2011ko pentsio-erreformak indarrean jarraitzen duela, pentsioak urtez urte murriztuz, Iraunkortasun Faktorea izenez bakarrik aldatuko dela, gure aldarrikapenak ez direla kontuan hartu eta ez direla bete”, diote Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik: “Toledoko Ituna, Elkarrizketa Sozialerako Mahaia eta Gobernuaren Lege Proiektua ez dira tresna izan pentsiodun gehienen beharrak asetzeko: gomendio eta akordioek aurreko murrizketa ia guztiak mantentzen dituzte eta murrizketa berriei ateak zabalik uzten dizkiete”.

Murrizketen kontra

Halaber, zerbitzu publikoetan izan diren murrizketak salatu dituzte pentsiodunek: “Udak pentsioei beste kolpe bat emateko balio izateaz gain, murrizketek zerbitzu publikoetan eragindako narriadura eta horietan egindako inbertsio eskasa agerian uzten ari da. Hala nola, murrizketak osasunean eta zerbitzu soziosanitarioetan, zuzeneko arretako zerbitzuetan, bankuak pandemia baliatzen ari dira sukurtsalak ixteko eta arreta pertsonalizatua murrizteko, elektrizitatearen monopolioak argiaren ordainagiria handitu du, bere boterea eta Estatuko Gobernuaren permisibitatea agerian utziz…”, diote: “Soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak murrizteak; energia, kreditua eta aurrezpena bezalako oinarrizko zerbitzuak oligopolio energetiko eta finantzarioen eskuetan uzteak, gizartearen gehiengoa pobretzen gaitu, gutxi batzuk aberasteko. Egoera onartezina da, eta horri ere erantzuna emango diogu”.

“Estatuko Gobernuari eta Euskal Autonomia Erkidegokoari eta Nafarroari eskatzen diegu egin beharrekoa egin dezatela 2011ko eta 2013ko pentsioen eta 2010eko eta 2012ko lan-kontratuen erreformak behingoz indargabetzeko; kalitatezko enpleguak sor ditzatela langileen bizitza duinduko duten soldatekin; Gizarte Segurantzaren diru-sarrerak hobetu ditzatela, gaurko eta etorkizunerako pentsio publiko duinak bermatuz”, adierazi dute pentsiodunek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak