→Basauri

Rockeineko finalerako eskuragarri zeuden 250 gonbidapen banatu dituzte

Agortu egin dira Rockeineko finala Basauriko Social Antzokian ikusteko gonbidapenak. Guztira 250 gonbidapen banatu dituzte.

Rockeineko finalista nagusiak: Airu, Cecilia Payne eta Wicked Wizzads // Rockein

Bukatu dira Rockeinen finalera joateko gonbidapenak. Atzo arratsaldean, finalerako bi egunen faltan, eskuragarri zeuden 250 gonbidapenetako azkena banatu zuten. “Edukiera-murrizketak eta murrizketa geografikoak indarrean egonda ere (Basauriko eta herri mugakideetako biztanleak soilik joan daitezke finalera), aurtengo zifra Rockeinen aurreko finaletako marka onenetik hurbil geratu da. Iaz, esaterako, 270 lagun bertaratu ziren”, diote antolakuntzatik.

Azaroaren 20an izango da Rockeineko finala Basauriko Social Antzokian. Airu (Berango), Cecilia Payne (Arrigorriaga) eta Wicked Wizzards (Mungia) dira Rockeinen zortzigarren edizioaren sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak, eta bestetik, Koiu (Galdakao-Usansolo), La Tokokera (Galdakao) eta Keniama (Arrigorriaga) taldeak tokiko artistarik onenaren saria irabazteko lehiatuko dira. Keniamak La última bala (Basauri) taldea ordezkatuko du, izan ere ezin izango du finalean egon, taldekide batek lan istripua izan duelako. Gainera, Cecilia Paynen kasuan, kide bat Arrigorriagakoa denez, sari nagusia eskuratuko ez balute, Tokiko artistarik onenaren saria irabazteko hautagai izateko kontuan hartuko luke epaimahaiak.

Kontzertuak 18:00etan hasiko dira eta ekitaldia 21:00ak arte luzatuko da. Social Antzokiko ateak 17:30ean zabalduko dituzte, eta 19:00etara bitartean sartu ahal izango da aretora. Sartu eta gero, aukera izango da edozein unetan antzokitik ateratzeko, baina ezin izango da berriz sartu. Indarrean dauden murrizketen ondorioz etortzeko aukera izango ez duten pertsonek (hala nola, Laudiokoek; bertako Udala lehiaketaren erakunde laguntzaile da) finala ikusteko aukera izan dezaten, ekitaldia streaming bidez emango dute Rockeinen Youtube kanalean.

ROCKEIN 2020 FINALA

Ostirala, azaroak 20
Basauriko Social Antzokia

17:30 Ateak irekitzea
18:00 La Tokokera
18:30 Keniama
19:00 Koiu
19:30 Cecilia Payne
20:00 Airu
20:30 Wicked Wizzard
20:45 Sariak banatzea
20:55 Amaiera
* Artista bakoitzak 15 minutu inguru joko du

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak