→Basauri

Marka guztiak gainditu ditu 2021eko Rockeinek: 179 taldek eta artistak eman dute izena

Cecilia Payne taldea zuzenean Social Antzokian / Rockein

Irailaren 30ean itxi zuten 2021eko Rockein musika lehiaketan izena emateko epea. Guztira 179 taldek eta artistak eman dute izena, parte-hartze marka berria seigarren urtez jarraian. Jasotako proposamenen artean 25 tokikoak dira (Basauri, Galdakao, Arrigorriaga edo Laudion erroldatutako kide bat, gutxienez); 33 euskarazko talderik onenari saria lortzeko hautagai dira (iaz, 22); eta 20 taldek Eskarabilera saria eskuratzeko aukera izango dute (gutxienez kideen % 50 emakumeak dituzten proiektuak). “Nabarmentzekoa da lehiaketak jasotako proposamenak berritzeko duen gaitasuna, parte hartzaileen % 35a 2020arekiko berriak baitira, azken 12 hilabeteetan taldeek abestiak idazteko edo entseguak egiteko biltzeko izan dituzten zailtasunak gaindituz”, diote antolatzaileek.

Azaroaren 27an izango da 2021eko Rockein musika lehiaketako finala Social Antzokian, eta bertan sei talde finalistek joko dute. Talde edo artista finalistak epaimahai profesional batek erabakiko ditu, “hurrengo 15-20 eguneko epean”, diote. Epaimahaia osatuko dutenak dira: Arantzazu Pinto ‘Nara’, Madrileko Mad Cool festibalean eta Live Nation Españan artisten kontratazioa; Álvaro Fierro, musika-kritikaria, musika-dokumentalen zuzendaria eta Cultumetríako arduraduna, Kulturaren alorrean eragin-ikerketak egiten dituen enpresa; Amets Rodríguez, Emankor Sarean promotorea eta ekitaldien antolatzailea (Mundaka Festival, Bay Of Biscay…); Jon Agirrezabalaga, WAS eta Zabala proiektuetan musikaria eta konpositorea. Bilboko El Tigre estudioetan produktore eta soinu ingeniaria; Sara Zozaya artista. Rockeinen sari nagusia irabazi duen lehen emakume bakarlaria (2019); Asier Arrieta, UPV-EHUko Publizitate irakaslea eta Sormenean aditua; Mariana Pérez, bateria jotzaile profesionala (Maika Makovski, The Manilas, Rubén Pozo, Lichis, Sonic Trash, Cápsula, Audience, Rubia…); Iker Bárbara, MondoSonoro aldizkariko Euskal Herria eta Errioxako edizioaren koordinatzailea, promotorea eta DJa; Iratxe Rubio, Arrigorriagako Udaleko Kultura eta Gazteria zinegotzia; Joseba Vegas, musika-kazetaria, BI FMko zuzendaria, eta DJa; eta Jon Hervás, promotorea eta kultura-eragilea.

Rocekin Basauriko Udalak antolatzen du, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, eta Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzenduta dago.

Parte-hartzearen bilakaera

Rockeinek parte-hartzaile kopurua bikoiztu du 2013ko lehen ediziotik, honako  bilakaera honekin:

2013: 85 parte-hartzaile
2014: 105 parte-hartzaile
2015: 95 parte-hartzaile
2016: 110 parte-hartzaile
2017: 129 parte-hartzaile
2018: 135 parte-hartzaile
2019: 146 parte-hartzaile
2020: 169 parte-hartzaile
2021: 179 parte-hartzaile

SARIAK:

Talde irabazlea
– EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan.
– EParen 500 kopia editatzea, CD euskarrian.
– Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea.
– Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea

Tokiko talderik onena
– Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea

Euskarazko talderik onena
– Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.
– Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea

Eskarabilera saria
– Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak