→Hego Uribe

Airu, Cecilia Payne eta Wicked Wizzards dira Rockeineko finalista nagusiak

Neurri berrien zain, azaroaren 20an izango da Rockeineko finala Social Antzokian. Koiu, La Tokokera eta La última bala taldeak tokiko artistarik onenaren sarian lehiatuko dira.

Airu, Cecilia Payne eta Wicked Wizards) / Rockein

Neurri berrien zain, azaroaren 20an izango da Rockeineko finala Social Antzokian. Koiu, La Tokokera eta La última bala taldeak tokiko artistarik onenaren sarian lehiatuko dira

Rockein musika lehiaketak baditu 2020ko finalistak. Airu (Berango), Cecilia Payne (Arrigorriaga) eta Wicked Wizzards (Mungia) talde bizkaitarrak dira Rockeinen zortzigarren edizioaren sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak. Bestetik, Koiu (Galdakao-Usansolo), La Tokokera (Galdakao) eta La última bala (Basauri) taldeak tokiko artistarik onenaren saria irabazteko lehiatuko dira. “Dena den, kategoria nagusiko Cecilia Payne taldeak ere, Arrigorriagako kide bat izanda, sari nagusia eskuratuko ez balu, Tokiko artistarik onenaren saria irabazteko hautagai izateko kontutan hartuko luke epaimahaiak, lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenari jarraituz”, diote antolatzaileek. Artista irabazleak EP profesional bat grabatu, ekoitzi eta masterizatuko du Bilboko El Tigre estudioetan, EParen 500 kopia diseinatu eta editatuko ditu CD euskarrian, bideoklip profesional bat grabatuko du, eta Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskainiko dute (antolatzaileek zehaztuko dute).  Tokiko artistarik onenak Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian joko dute.

Finala azaroaren 20rako iragarrita dago Social Antzokian. Hala ere, data hori oraindik ere kolokan dago. Izan ere, kultura ekitaldiei dagokienez egungo Eusko Jaurlaritzaren neurriak azaroaren 10ean luzatzen diren ala ez jakin arte itxarongo dute antolatzaileek. “Indarrean dagoen dekretuak Basauriko edo mugakideak diren herrietako bizilagunei bakarrik baimentzen die Rockeineko finalera joatea. Horrek Laudioko herritarrak baztertuko lituzke, nahiz eta euren Udalak lehiaketaren antolakuntzan lagundu”, diote antolatzaileek.  Euskarazko artistarik onenaren eta Publikoaren sariaren irabazlearen izenak finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak. Lehenengo saria irabazten duenak abesti bat grabatuko du eta kontzertua eskainiko du Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian. Publikoaren sariari dagokionez, irabazleak kontzertua emango du Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian. Azken kategoria horretarako bozketak iragan uztailaren 25ean itxi zituzten eta 2.187 lagunek hartu zuten parte.

Urtetik urtera markak hautsiz

Aurten zortzigarren edizioa da eta guztira 169 izen-emate jaso dituzte, bosgarren urtez jarraian parte-hartze marka gaindituz. “Parte-hartze marka berria lortu dugu”, diote antolatzaileek. Izan ere, 2013an lehen edizioa abiarazi zutenetik Rockeinen parte-hartzea gero eta handiagoa izan da urtetik urtera: 2013an 85 izen-emate jaso zituzten, 2014an 105, 2015ean 95, 2016an 110, 2017an 129, 2018an 135, 2019an 146 eta 2020an 169. “Azken urteetan Rockeinen antzeko helburuak dituzten beste lehiaketa batzuen sorrerak ekarri duen albiste pozgarriaren ondoren, Nerbioi-Ibaizabalen jaiotako lehiaketa Euskal Herri mailan erreferentzia bezala indartu da, parte-hartze datuei eta jasotako proposamenak berritzeko erakutsitako gaitasunari erreparatuz gero”, diote antolatzaileek: “Rockeinek amateurismotik profesionaltasunerako pausoa ematen saiatzen ari diren proiektu berriei laguntzeko hasierako izpirituarekin jarraitzen du”.

Rockein Basauriko Udalak antolatzen du, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako lehiaketa da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak