→Basauri

Tokikom Sariak banatu dira Basaurin, Geuriaren bosgarren urteurrenean

Tokikom Sarien laugarren edizioko sari banaketa egin dute gaur Hego Uriben, zehazki, Basauriko Ibaigane Kultur Etxean. Euskarazko komunikazioaren arloko 80 lagun inguru batu dira ekitaldira, hainbat erakundetako ordezkariekin batera. Iazko sari banaketan, Geuriak eduki onenari saria lortu zuen eta horregatik aurten Hego Uribe eskualdean ospatu dira sariak, baita tokiko kazetaritza jardunaldiak ere.

Geuria komunikabidearen bosgarren urteurrenarekin bat egin du gaurko jardunaldiak. Ibai Villapun Geuriako lantaldeko kideak eman dio hasiera ekitaldiari bertaratutako guztiei esker ona adieraziz eta eskualdeko komunikabidearen nondik norakoak azalduz, eta Ur Handitan ETBko telebista saioan gidoilari aritzen den Joana Lasheras izan da jardunaldiko aurkezle, aspaldi Galdakao bizitoki duen nafarra. Albiste faltsuen eragina gertuko komunikazioan landu duten jardunaldi hauetan, Geuriak bere tartea izan du Hiru buruko munstroa dokumentalean egindako lanaren harira. Jon Villapun Geuriako koordinatzaileak hiru ataletan banatutako bideoan, Etxahun G. Sarria eta Maider Ibañez kazetariekin batera, egindako lana azaldu du. Aiurri eta Urumeako Kronika komunikabideek beste bi kasu praktiko azaldu dituzte eta gainontzeko komunikabideekin batera mahainguru interaktibo bat sortu dute.

Sari banaketan, hiru izan dira sari nagusiak: Debagoienako Puntua aldizkariak irabazi du Azalik onenari saria ‘Antropozenoa’ izeneko azalagatik; Urumeako Kronika egunkariarentzat izan da Eduki onenari saria, ‘Urik gabeko urtegi, orain laborategi’ erreportajeagatik; Goiena Telebistak jaso du ikus-entzunezkorik onenaren saria, ‘Debagoiena Eraldatzen’ bideo sortagatik. Epaimahaiaren iritziz nabarmentzekoa izan da aurkeztutako lan guztien kalitatea. Hori dela eta, bi aipamen berezi ere egin nahi izan dituzte: Hiruka aldizkariaren ‘Bayandalai, elur-oreinen azken artzaina?’ argazkierreportajea eta Anboto astekariaren ‘Martxoak 31’ azala.

Aurtengo finalistak, saridunak eta erakundeetako ordezkariak / Tokikom

Sariak banatu ostean, Basaurin batutako komunikabideek goiza aprobetxatu dute albiste faltsuen eta zurrumurruen fenomenoak euskarazko tokiko medioetan duen eraginaz jarduteko. Horretarako, hainbat adituren ekarpenak egon dira: Maldito Buloko Laura del Riok albiste faltsuen eta zurrumurruen fenomenoaren diagnostiko orokor bat egin du; Zurrumurruen aurkako sareko Irantzu Jauregik, auzia gertuko errealitatera hurbildu du; eta Euskaltzaleen Topagunetik Mikel Ozaitak kulturaniztasunaren inguruan landutako ikuspegiaren berri eman du, baita ikuspegi hori hedabideetara nola eramateaz ere. Jardunaldia bukatzeko, toki komunikabideek albiste faltsuen bueltan izandako hainbat testigantza izan dira.

Ekitaldian erakundeetako hainbat ordezkari izan dira: Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Asier Iragorri Basauriko Alkatea, Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, Loren Oliva Etxebarriko alkatea eta Hego Uribe eskualdeko beste hainbat ordezkari eta sail ezberdinetako teknikariak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak