Irailaren 1ean eta 2an Espainiako Txirrindularitza Itzulia Euskal Autonomia Erkidegoan sartuko da. Horren ondorioz eta Ertzaintzak jakinarazi duenez, hainbat eragin izango dira errepideko trafikoan. Eraginik garrantzitsuena N-634 errepidearen Bilbao eta Galdakao arteko tartean izango da, izan ere, ostegunean eta ostiralean izango da lasterketa.
Irailaren 1ean, ostegunez, 15:00ak aldera sartuko da Bizkaian Itzulia eta 16:00ak inguruan Bilbon sartuko da. Bertatik Galdakaoko bidea hartuko du eta ondoren El Viveroko portua igoko dute 16:26ak aldera, gero Bilbora berriro bueltatzeko. Hiriburutik berriro ere Galdakaoko lurretako errepidetik igaroko dira (17:08) eta bigarrenez El Vivero portutik bidea egingo dute helmugaraino -17:30ean- (Don Diego Lopez de Haro kalea, Bilbo).

Espainiako Itzuliak irailaren 1ean egingo duen ibilbidea
Irailaren 2an, ostiralez, Bilbon hasiko da 13. etaparen ibilbide neutralizatua 11:45ean (Udaletxeko zubia, Uribitarte pasealekua, Abandoibarra etorbidea, Guggenheim Museoa, Jesusen Bihotza plaza, Don Diego Lopez Haroko Kale Nagusia, Federico Moyua plaza, Recalde zumarkalea, Salbeko zubia, Maurice Ravel etorbidea, BI-625. Artzain Onaren kalea, Guridi Musikariaren plaza, Zumalacarregui etorbidea, BI-625. N 634) eta ondoren Hego Uribe eskualdeko lurretan sartuko da errepide nazionaletik.
Abiadazko irteera N-634 errepidearen 105 kilometro-puntuan finkatuta dago, Galdakaoko lurretan, 12:04ean. Errepide horri jarraituta, Zornotzarako bidea hartuko du, gero Gipuzkoatik bidea egiteko.

Espainiako Itzuliak irailaren 2an egingo duen ibilbidea
Horiek horrela, zirkulazioa eten egingo da txirrindulariak igaro baino ordubete lehenago. Etenaldi horiek eragin berezia izango dute N-634 errepidea sarbide duten herrietan.
