→Arrigorriaga

Legea eztabaidan

Berdintasun Ministerioak aurkeztutako trans legearen zirriborroak polemika sortu du talde sozialen artean. Zirriborroa bertan behera geratu da, baina LGTB kolektiboak ez du borrokan atzera egiteko asmorik.

Photo by Xavi Cabrera on Unsplash

Trans Pertsonen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrerako legearen zirriborroa argitara atera zen otsailaren hasieran. Ordutik, zalantza handiak sortu ditu, eta ez bakarrik Gobernuan, Gobernutik kanpo ere. 2007. urtera egingo dugu atzera. Orduan, Jose Luis Rodirguez Zapatero presidente ohiak lege bat onartu zuen, jaiotzean esleitu zitzaionarekin bat ez zetozen pertsonen izen eta sexu aipamena aldatzea baimentzen zuena, ebakuntza kirurgikoaren beharrik gabe. Araudian ezartzen zen baldintza, genero-disforia diagnostikatzen zuen txosten psikologikoa aurkeztea eta hormona-tratamenduan gutxienez bi urtez egon behar izatea zen.

Orduz geroztik, hamar autonomia-erkidegotan, tartean Euskadin, trans legeak onartu zituzten beren lurraldeetan eskubide horiek zabaltzeko. Baina benetako auzia 2018an heldu zen, Osasunaren Mundu Erakundeak transexualitatea despatologizatu zuenean. Honek, zalantzan jarri zuen egiaztapen mediko edo psikologiko baten beharra. Orain, Irene Montero Berdintasun ministroak genero-autodeterminazioa mahaigaineratu du, estatu mailako lege bat planteatuz.

Bea Sever Naizeneko bozeramaileak ohartarazi duenez, pauso handiak eman diren arren, atzerapausoak ematen ari dira, bereziki zenbait feminismoetatik zabaldu dituzten gezurren ondorioz. Bere aburuz ezjakintasuna da arazo guztien oinarria, eta giza eskubideak eta berdintasuna bermatu behar direla: “Ez da nor naizen erabakitzea, naizena banaiz eta. Bakoitzaren esku dago den hori nola kudeatu, beste inor tartean sartu barik”.

Euskal Herriko Feminista Erradikalek, aldiz, patriarkatuak historikoki ezarritako genero-estereotipo sexisten existentziaren kritika egiten dute: “Feminismoak ez du ezer transexualen aurka. Baina bere analisi materialistarekiko koherentziagatik, ezin ditu bere baitan onartu gizabanakoaren subjektibotasuna besterik ez diren postulatuak”. Espazio ez-mistoen “inbasioak” sortzen die kezka nagusia, lege honen aplikazioak emakumeen eskubideen “babesgabetasuna” ekarriko duela uste baitute. “Honen guztiaren atzean interes ekonomiko argiak dituzten nazioarteko lobbyak daude, transgenerismoa da XXI. mendeko negozio nagusia”, adierazi dute.

Trans kolektiboak aldarrikatzen du emakumeen eskubideak ezin direla ulertu haien aniztasuna kontuan hartu gabe. “Emakume izatea ez dago genitaletan”, azpimarratu du Severrek. Bestalde, milaka pertsona euren eskubiderik gabe ezin direla utzi salatu du, gutxiengo faltsu batengatik: “Iruzurra gertatzen bada, zigortzeko bideak egongo dira. Gainera, ez da kontuan hartzen gero pertsona transexuala izateak dakarren guztia bizi beharko dutela, ez dena batere erraza eta sufrimendu handia sortzen duena”.

Joan den astean, Kongresuak atzera bota zuen araua tramitatzen hastea, PPren eta Voxen aurkako botoekin eta PSOEren abstentzioarekin. Izan ere, PSOEren abstentzioa funtsezkoa izan zen lege proposamena bertan behera uzteko. Haatik, kolektiboak iragarri du ez duela atzerapausorik ematen utziko, eta ez dutela atsedenik hartuko berme juridikoa eta berdintasun erreala lortu arte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak