→Hego Uribe

Arrigorriaga, Galdakao eta Basauri eremu gorriaren atarian, ostalaritza berriz ixteko arriskuarekin

Ostalaritza edota joko-establezimenduak itxi egingo dituzte 500etik gora dauden herrietan // Geuria

Eusko Jaurlaritzak neurri berriak iragarri ditu: EAE eta udalerri guztiak ixtea, eta bilerak lau lagunekoak izatea. Ostalaritza eta merkataritza establezimenduen itxiera azkenean ez da 19:00etara aurreratuko, eta hortaz, 20:00ak arte egongo dira zabalik. Gainera, etxeratze aginduak 22:00etan izaten jarraituko du. Neurri berriak datorren astelehenetik aurrera egongo dira indarrean, eta 20 egunez luzatuko dira. Hala ere, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azpimarratu duenez, neurriak etengabe berrikusten ari dira, eta LABIk erabaki berriak har ditzake datozen asteetan, pandemiaren bilakaeraren arabera. Neurri berri hauen helburua da “mugikortasuna are gehiago mugatzea eta bizikidetzatik kanpoko harremanak ahalik eta gehien murriztea”, dio Sagarduik.

Gauzak horrela, udalerri guztietan itxiera perimetrala ezarriko dute, nahiz eta eremu gorrian ez egon. Hego Uribe eskualdeari dagokionez, kolore laranjan daude Arrigorriaga (460,52ko intzidentzia-tasarekin) eta Galdakao (447,56), eremu gorritik oso gertu. Basauri ere gune laranjan dago (363,69), baina 500etik aldenduago dago. Etxebarriren kasuan gune horian jarraitzen du, 279,23ko intzidentzia-tasarekin. 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herriei dagokienez, Zaratamo da intzidentzia-tasarik altuena daukan udalerria (1.214,33), Zeberioren (645,76) eta Ugaoren (292,11) aurretik.

100.000 biztanleko Intzidentzia-tasa metatua 500 edo gehiago duten udalerrietan ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak eta joko- eta apustu-establezimenduak itxi egingo dituzte, eta taldeko kirol-jarduera etenda geratuko da. Hego Uriben neurri horietatik oso gertu daude Arrigorriaga eta Galdakao, baita hein handi batean Basauri ere. Aurreikuspenen arabera, eremu gorrian sartuko dira datozen egunetan positibotasun-tasaren joera goranzkoa baita.

Zaratamoren eta Zeberioren kasuan (biek 500etik gorako intzidentzia-tasa dute), dekretuaren zain daude bertako Udalak: “Herri mugakideak eremu gorrira sartuz gero, Eusko Jaurlaritzak esango du, adibidez, Zaratamo zein egoeratara pasatuko litzatekeen. Kirolarena ondo begiratu behar da dekretuan zelan jarriko duten”, dio Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.

Urtarrilaren 25etik aurrerako neurriak

—Euskadiren itxiera perimetrala eta udal mailako itxiera perimetrala.

—Gaueko mugigarritasuna 22:00etatik 06:00etara mugatzea.

—Merkataritza- eta kultura-jarduerak bertan behera uzteko gehieneko ordutegia, 21:00etan.

—% 40ko aforoak 150 m2 baino gehiagoko merkataritza-establezimenduetan, eta % 60koa 150 m2 arteko azalera dutenetan. Edukiera murriztuak, era guztietako kultura- eta gizarte-ekitaldietarako.

— Kultu-aretoetako gehieneko edukiera % 35 mugatzea.

—Musika- eta ahots-entsaioak eta emanaldiak bertan behera uztea.

—Ostalaritza eta jatetxeak ixteko ordutegia 20:00etatik 06:00etara.

—100.000 biztanleko Intzidentzia-tasa metatua 500 edo gehiago duten udalerrietan:

-Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak eta joko- eta apustu-establezimenduak

-Taldeko kirol-jarduera etetea.

Galdakaok eta Arrigorriagak 400eko intzidentzia-tasa gainditu dute

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

🟣 Martxoak 8 Basaurin! 💪 #Zuzenean
|