→Hego Uribe

Igor Anton eta Javi Conde kirolariak, II. Underrun lasterketako aitabitxiak

Metro Bilbaok Underrun lasterketaren bigarren edizioa aurkeztu du gaur, bere 25. urteurreneko ekitaldien barruan. Martxoaren 22tik 23rako goizaldean izango da lasterketa.

Gaur aurkeztu dute II. Underrun lasterketa eta bertan izan dira Javi Conde basauriarra eta Igor Anton galdakoztarra // Argazkia: Metro Bilbao

Metro Bilbaok Underrun lasterketaren bigarren edizioa aurkeztu du gaur, bere 25. urteurreneko ekitaldien barruan. Martxoaren 22tik 23rako goizaldean izango da lasterketa, eta aurrekoan bezala, honako geltoki hauek zeharkatuko ditu: Moyua, Indautxu, Santimami/San Mames, Deustu, Sarriko, San Ignazio, Gurutzeta/Cruces eta Ansio. Partaideek 7,8 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, korrika.

2018an antolatu zute lehen edioa. Argazkian Sara Gandara kazetaria beste partaideekin batera // Argazkia: Metro Bilbao

Lasterketa egun horretako metro-zerbitzuak amaitu eta gero hasiko da, 01:00ak aldera. Arratsaldean parte-hartzaile guztiak Ansio geltokian bilduko dira, eta ondoren denak batera metroa hartu eta Moyua geltokiraino abiatuko dira. Segurtasun-arrazoiengatik lasterkariak bost minuturo irtengo dira 20 pertsonako taldeetan, eta talde bakoitzean Bizkaiko kirol- zein gizarte-esparruko pertsona ospetsu bat joango da.

Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari nagusiak aurkeztu du II. Underrun lasterketa, eta ondoan izan ditu lasterketako amabitxi eta aitabitxiak. Hego Uribe eskualdetik bi aitabitxi izendatu dituzte: Igor Anton txirrindulari profesional ohia (Galdakao) eta Javi Conde atleta (Basauri). Gainontzeko amabitxi eta aitabitxiak dira: Eneko Van Horenbeke arraunlari profesionala, Begoña Beristain kazetaria eta maratoilaria, eta Rocío Ybarra belar hockeyko jokalaria.

Izena emateko epea, zabalik

Gaur bertan irekiko dute lasterketan izena emateko epea, eta urtarrilaren 31ra arte luzatuko dute. Interesdunek www.underrunmetrobilbao.eus webgunean eman dezakete izena. Probak 200 partaide bilduko ditu gehienez.

Lasterketan parte hartuko dutenek 20 euro ordainduko dituzte. Bilduko duten diru guztia Haszten elkarteari emango diote. Kirola denon eskura egon dadin egokitzeko esparruan, aniztasun funtzionala duten haurrentzako kirola sustatzen du Haszten-ek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak