→Hego Uribe

“Beteranoen eta gazteen arteko zubi lana egin du Urriko Bigarren Martxak”

Urriko Martxaren bigarren edizioa burutu zuten eskualdeko zenbait gaztek urriaren 25etik 27ra bitartean.

Hego Uribeko gazteak, martxaren bigarren egunean, Zaratamotik San Migelera bidean / Urriko Martxa

Urriko Martxaren bigarren edizioa burutu zuten eskualdeko zenbait gaztek urriaren 25etik 27ra bitartean. Zaratamon hasi eta San Migel, Basauri eta Galdakao zeharkatu zituzten oinez, “elkarren arteko bizikidetza sustatu, ezagutzak elkarbanatu eta harremanak sendotzeko” asmoz. Arrigorriaga, Ugao, Arrankudiaga-Zollo, Galdakao eta Zeberioko Gazte Asanbladak eta Basauriko Txarraska Gaztetxea dira ekimenaren antolatzaileak, eta “oso pozik” agertu dira aurtengo edizioak izan duen erantzunarekin: “Iaz baino jende gehiagok hartu du parte eta aurpegi berriak ikusi ditugu gure artean. Hori da hain zuzen bilatzen genuena. Bizitakoak zer nolako garapena duen ikusi behar dugu orain, baina abiapuntu ona dela uste dugu!”.

Bigarren edizio honetan erraztasun gehiago izan dituztela aitortu dute antolatzaileek: “Aurreko urteko esperientziak baliatu ditugu eta horrek lana erruz arindu digu”. Hala ere, bi erronka nagusi izan dituztela azaldu dute: “Oso berandu hasi ginen guztia antolatzen eta horren ondorioz nahiko estu ibili gara zenbaitetan. Horra lehena. Bigarrena, iazko arrakasta salbuespen hutsa izan ez zela erakustea zen. Bi desafioak bete ditugula esan dezakegu. Larri bada ere, garaiz heldu gara asteburuak bere baitan zekartzan lanak betetzera eta gure ustez garrantzitsuena dena: II. Urriko Martxak erakutsi digu gure inguruan gertatzen ari dena ez dela kasualitatea”.

Aurpegi berriak

Antolakuntza taldeetara gazte gehiago erakartzeko helburua zuen Hego Uribeko bigarren martxa honek, eta hala gertatu dela sumatu dute antolatzaileek: “Polita izan da, benetan, martxan zehar aurpegi gazte berri asko ikustea, eskualdeko gazte mugimendua hedatzen ari denaren seinale”. Jende berriarena bakarrik ez, eskualdeko leku ezberdinetan aspalditik lanean dabilen herritarren parte hartzea ere nabarmendu dute: “Beteranoak etorri dira eta hau oso berezia izan da guretzat. Goitik behera aldatu nahi badugu mundua, goitik zein behetik (adinari dagokionez) batu beharko ditugu indarrak eta II. Urriko Martxak zubi lan hau egin duela uste dugu, iraun duen asteburuan behintzat”. Eskualdeko herrietan herri mugimen- dua indartzeko lanetan jarraituko dutela diote gazte asanbladek, eta dagoeneko jomugan dute Urriko Hirugarren Martxa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak