→Hego Uribe

Zein da zein? musika taldeak agur esango du 11 urteko ibilaldiaren ostean

Zein da zein? musika taldea Basaurin eta Ugaon EGONGO DA OTSAILEAN ETA MARTXOAN / ZEIN DA ZEIN?

Taupaka elkarteak gaur adierazi duenez, Zein da Zein? metal, rock eta rap estiloko musika taldeak, hamaika urteko proiektua egin eta gero, eta bi lan argitaratu ostean, ibilbideari amaiera ematea erabaki du. Hori dela eta, agur esateko komunikatu bat zabaldu eta eskualdean egingo diren bi kontzertu antolatu dituzte hurrengo asteetarako.

Kontzertuak Basaurin eta Ugaon izango dira. Lehenengoa otsailaren 21ean izango da, ostiralez, gaueko 21:00etan Basauriko Txarraska Gaztetxean. Bestea, aldiz, haien herrian egingo dute, Ugaon. Bigarren kontzertu hori martxoaren 7an, larunbatean, egingo dute, Dorretxea Herriko Tabernan gaueko 22:00etan.

Musika-saioetan eskualdeko beste talde batzuk izango dituzte lagun. Izan ere, Basaurin, Zein da Zein? taldeaz gain, Arrigorriagako Fetitxe eta Ugaoko Feos Pero Majos rock taldeek ere joko dute. Ugaon, ostera, Zein da Zein? eta Feos Pero Majos-ek emango dute kontzertua.

Gorka Chamorrok, Igor Barandikak, Alberto Ortiz San Vicentek, David Ciro Sierrak eta Aitor Perezek sortu zuten Zein da Zein? taldea. 2017an Gaztea irratiko (EiTB) XXVI. Maketa Lehiaketan parte hartu zuten eta taldea 20 finalisten artean geratu zen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak