Sareak

☉ Hego Uribe

Zer egin Koronabirusarekin kontaktuan izan diren hondakin eta materialekin?

|

Pop & Zebra / Unsplash

Koronabirusaren kutsatzeak ekiditzeko asmoz, kutsatuta egon daitezkeen hondakinen eta materialen kudeaketa nola egin azaldu dute hainbat erakundek. Kasu honetan, Hego Uribe eskualdean kutsatu gutxien dituen herriaren gomendioak ekarri ditugu hona. Zeberiok hiru kutsatu ditu, Eusebio Aldekoa Udal zahar-etxean ez da birusa sartu, ezta Arbilduko egoitzan ere ez, udal langileek hala baieztatuta.

Bide berean jarraitzeko asmoz, birusari aurre egiteko neurriak zorrotzak dira herrian. Horietako bat da koronabirusak kaltetutako eta koarentenan dauden pertsonekin kontaktua izan duten hondakinak edo materialak birziklatzeko jarraibideak: gaixoaren hondakinak bi poltsatan gorde, biak hermetikoki itxita; ondoren, errefusa frakziozko ohiko hondakin poltsaren barruan gorde.

Azkenik, erosketak egiteko edota babesteko erabilitako latex edo nitriloko eskularruak ez dira edukiontzi horian bota behar, errefusa frakziozko edukiontzian utzi behar dira.

📊 DATUAK | Covid19 | Galdakao-Usansolo Ospitalea

☉ Hego Uribe

Bidegorria Galdakaoraino eraikitzeko aldarrikapenarekin jarraituko Biziz Bizi elkarteak

|

Apirilaren 27an 27. bizikleta martxa antolatu du Biziz Bizi elkarteak Bilbotik Galdakaora, Etxebarritik eta Basauritik igarota // Bizi Bizi

Bilboko Boluetatik Basauriko Kareagara bitarteko bidegorria eraikitzeko lanek aurrera darraite. Bizkaiko Foru Aldundia ari da lanak egiten eta asmoa da Durangalderaino luzatzea, tartean Galdakaotik igarota. Hala zehazten du iazko martxoan Bizkaiko Batzar Nagusiek behin betiko onartu zuten Bizkaiko Bizikleta-Bideen Lurralde Plan Sektorialak.

Momentuz Boluetatik Basauriko La Basconiarainoko tartea ari dira egiten, eta horregatik Biziz Bizi elkarteak ‘Bidegorria Galdakaora Orain’ aldarrikapenarekin jarraituko du.

Apirilaren 27an, larunbatez, 27. bizikleta martxa antolatu dute. Hilero bezala, Bilboko Kale Nagusian, Foru Aldundiaren aurrean, hasiko da martxa 11:00etan, eta Bilbo, Etxebarri, Basauri eta Galdakao zeharkatuko ditu.

“Bizikletaz joatea gehien gustatzen zaigunaz gozatuko dugu, eta, aldi berean, lagunak egiteko, esperientziak kontatzeko, euskaraz hitz egiteko eta abar aprobetxatuko dugu, hori guztia segurtasun neurri egokiekin, poliziaren laguntzarekin eta musikarekin, musika askorekin”, diote Biziz Bizi elkarteko kideek.

Hiru urte

Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkartea 2021eko urrian hasi zen Bilbotik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko bizikleta martxak hilero antolatzen.

“Ibaizabal inguruan bizikleta zeharkaldi ibilbide segurua eskatzeko egiten ditugu hilero bizikleta martxak. Bilbo-Etxebarri-Basauri-Galdakao artean bizikletaz mugitu nahi dugu, betiere modu seguruan”, aldarrikatu dute beti Biziz Biziko kideek. Elkartea 1993an sortu zuten, bizikleta egunerokoan garraio alternatibo gisa erabiltzea aldarrikatzeko.

“Bidegorri honek lotura zuzena egingo du Boluetatik Kareaga auzora, baina Kareagatik Galdakaoraino asko dago oraindik zehazteko eta egiteko. Beraz, Biziz Bizi elkarteak jarraituko du hilero bizikleta martxak antolatzen, ‘Bidegorria Galdakaora orain!’ lemapean”, dio Alberto Delgado basauriarrak, Biziz Bizi elkarteko kide ere badenak.

Bestetik, 2019an Basauriko, Arrigorriagako, Galdakaoko, Ugaoko eta Zeberioko udal ordezkariek (garai horretan alkate guztiak ziren EAJkoak) Unai Rementeria ahaldun nagusia zenari eskatu zioten Hego Uribeko bidegorri sarea handitzeari “lehentasuna” emateko.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Arrigorriagan galdutako teckel arrazako txakur baten bila dabiltza Hego Uribe eskualdean

Joan den apirilaren 7an galdu zen Milka Arrigorriagako Ollargan auzoan eta zenbait aldiz ikusi dute Ugaotik azken boladan

|

Milka // Utzitakoa

Joan den apirilaren 7an teckel arrazako 15 hilabeteko Milka izeneko txakur bat galdu zuten Arrigorriagako Ollargan auzoan.

Marroi kolorekoa da Milka eta lepoko gorri bat du. Bertan, jabeen izenak eta telefono zenbaki bat ageri da. “Txakurra ikustekotan, ez ezazue jarraitu”, azaldu dute Milkaren jabeek. “Ikusi zer egiten duen eta 637 030 770 telefono zenbakira deitu jarraibideak emateko. Aukera izanez gero argazkia atera, mesedez”.

Milka galdu zenetik zenbait alditan ikusi dute eskualdean zehar eta azken aldiz Ugaotik ikusi zutela azaldu diote jabeek GEURIAri. “Edozein motako laguntza eskertuko dugu, espero dugu Milka laster etxean egotea”.

Milka // Utzitakoa

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

#A21 / Hego Uribe / EAJ garaile argia, EH Bildu gero eta indartsuago eskualdean

#A21 / Hego Uribe / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak eta irakurketa

|

Lehia estua aurreikusten zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ eta EH Bilduren artean, eta inkestetan aurreikusitakoa bete zen oraingoan. Gurera ekarrita, EAJri garaipen argia ematen zioten inkesta guztiek Bizkaian, eta hala izan bazen ere, aipatzekoa da EH Bilduren igoera. Modu berean, beste datu garrantzitsu bat da parte hartzeak gora egin duela, 2020ko Hauteskundeak pandemia betean egin baitziren.

Hego Uriben ere, EAJ gailendu da: Guztira, 19.184 boto jaso ditu, 2020an baino 2.583 boto gehiago. Garaipena lortu du Basaurin, Galdakaon, Etxebarrin, Arrigorriagan, Ugaon edo Zaratamon.

Bestetik, aipatzekoa da EH Bilduk botoetan gehien hazten jarraitzen duen alderdia dela: ezker koalizioak 14.589 boto irabazi ditu eskualdean, 2020an baino 4.626 boto gehiago. Zeberion eta Usansolon lehen indarra izan da, EAEko hauteskundeetan lehen aldiz, eta hazkunde nabarmena izan du Galdakaon edo Arrigorriagan. Hori gutxi ez, eta Basaurin zein Etxebarrin bigarren indarra izatea lortu du, aurrenekoz, PSEri aurre hartuta.

Podemosek izan du kolperik handiena eskualdean. Izan ere, 2020an laugarren indarra izan zen Hego Uriben (2016an bigarren indarra izan zen eskualdean), eta aurtengo hauteskundeetan seigarren indarra izatera pasa da, PPren eta Sumarren atzetik. Duela lau urteko datuekin alderatuta, 2.618 boto galdu ditu Podemosek Hego Uriben.

#A21 / Hego Uribe / Emaitzak

EAJ: 19.184 boto (+2.583 boto)
EH BILDU: 14.589 boto (+4.626 boto)
PSE: 7.674 boto (+1.547 boto)
PP: 3.094 boto (+1.197 boto; 202oan Cs-rekin aurkeztu zen PP; 2016an Pk 3.506 boto jaso zituen; Ciudadanosek 897)
SUMAR: 1.674
PODEMOS: 1.142 boto (-2.618 boto)
VOX: 976 boto (+360 boto)
PACMA: 264 boto (+18 boto)
EB-AZ: 117 boto (+16 boto)
PH: 71 boto (+35 boto)
IZAN: 64 boto
PUM+J: 57 boto (+14 boto)
PCTE/ELAK: 43 boto (-15 boto)

Eusko Legebiltzarrean EAJk eta EH Bilduk 27na eserleku lortu dituzte: alderdi jeltzaleak lau ordezkari galdu ditu eta ezker koalizioak sei irabazi ditu.

PSE (12 eserleku, +2) hirugarren alderdi bozkatuena izan da, eta laugarrena PP (7 eserleku, +1).

Sumar sartu da lehen aldiz Eusko Legebiltzarrean eserleku batekin, VOXek adina (2020an sartu zen alderdi ultraeskuindarra).

#A21 / Hego Uribe / Herriz Herri / Emaitzak

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Autobus zerbitzu osagarria jarri du Metro Bilbaok Etxebarri eta Basauri artean

Autobus zerbitzua 20 minuturo izango da Etxebarritik zein Basauritik, gaurko eguna bukatu arte. Trenak hasi dira bi geltokien artean zirkulatzen, baina trenbide bakar batetik egingo dutenez, maiztasunak txikiagoak dira

|

Trenak bi geltokien artean zirkulatzen hasi dira, baina trenbide bakar batetik, eta hortaz, maiztasuna txikiagoa da // Artxiboko irudia, Geuria

Gaur goizean Basauri metro geltokia itxi dute katenarian gertatutako “sute txiki” baten ondorioz, eta Etxebarri eta Basauri geltokien artean zerbitzua etenda egon da.

Metro Bilbaok duela ordubete jakinarazi duenez, 15:10etik aurrera autobus zerbitzua jarri du martxan Etxebarri eta Basauri arteko ibilbidea betetzeko, bi noranzkoetan.

Autobusak Etxebarritik, metro geltokitik, zein Basauritik (Arizko Ikastolaren ondotik eta Begiratokietatik) aterako dira 20 minuturo (15:10-15:30-15:50… hurrenez hurren), Arizen gelditu gabe. Autobus zerbitzua gauera arte luzatuko dute.

Gainera, trenak bi geltokien artean zirkulatzen hasi direla adierazi dute, “baina trenbide bakar batetik egingo dutenez, maiztasunak txikiagoak dira”, diote.

Metro Bilbaotik adierazi dutenez, matxura gauean zehar konponduko dute, “goizeko lehen ordutik ohiko zerbitzua eskaini ahal izateko”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko dozenaka pentsiodun Gasteizen batu dira 1080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzeko

|

Guztira 3.000 pentsiodun batu dira Gasteizko mobilizaziora // Utzitakoa

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) manifestazioa egin du gaur Gasteizen.

“Apirilaren 21ean hauteskundeak izango dira EAEn. EHPMk zuzenean interpelatuko diegu aurkezten diren alderdi politikoei, 1080 euroko gutxieneko pentsioa berehala ezartzeko konpromisoa hartzeko; genero-arrakalarekin amaitzeko; eta osasun-zerbitzu publikoak eta mendekotasunaren eta zaintzaren arretarako zerbitzu publikoak hobetzeko neurri eraginkorrak hartzeko”, diote.

Datuak datu, 2024ko martxoan EAEn 165.000 pentsiodunek eta Nafarroan 50.000k 1080tik beherako pentsioak dituztela adierazi dute EHPMtik, “horietatik 110.000 EAEn eta 32.000 Nafarroan emakumeak”.

“Egia esan, EAEko emakume pentsiodunen % 44k eta Nafarroan % 52,7k 1080tik beherako pentsioak kobratzen dituzte. Esan daiteke 2023ko martxoko zenbakiak oraingoko berdinak zirela: ez da ezer aurreratu”, diote.

Mozioak udaletan

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mozioak aurkeztu ditu azken urteetan udaletxeetan eta Batzar Nagusietan, gutxieneko 1080 euroko pentsioaren alde.

Hego Uribeko Pentsiodunen Mugimendutik GEURIAra bidali diguten argazkietako bat // Utzitakoa

“Gaur gaurkoz 179 udalek eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek gure eskaria babestu dute; Arabako eta Bizkaiko Batzar Nagusien eta beste udal batzuen jarrera falta da, baina EAEko eta Nafarroako udal erakundeen erdiak baino gehiagotan gure mozioa onartu izana ospatzen dugu”, diote.

Hego Uribe eskualdeari dagokionez, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Zaratamon eta Zeberion mozioa onartu zuten, eta Basaurin eta Ugaon, ordea, ez.

3.000 pentsiodun

Guztira 3.000 pentsiodun batu dira mobilizaziora, tartean Hego Uribeko dozenaka lagun ere.

“Hego Uribetik autobus bat eta auto bat bertaratu da Gasteizera: Galdakaotik, Ugaotik eta Basauritik. Eskualdetik guztira 60 lagun etorri gara”, adierazi diote GEURIAri.

Pentsio duinen aldeko borroka 2018ko urtarrilean hasi zuen EHPMk. Ordutik astelehenero batzen dira udaletxe aurreetan.

“Duela sei urte baino gehiagotik astelehenetik astelehenera egiten ari garen mobilizazioekin batera, babes horiek borrokan jarraitzera bultzatzen gaituzte. Bizi-baldintzen narriadura eta pentsiodun nagusien artean pobrezia-mailak handitzea ez da murrizten”, diote.

Hauek Hego Uribeko Pentsiodunen Mugimendutik GEURIAra bidali dituzten argazkiak:

Osorik irakurri