→Ugao

IX. Indaba Lehiaketa abian da Ugaon, hiribilduaren 645. urteurrena ospatzeko

Lau ugaotar indaba lehiaketan parte hartzen / Utzitakoa

Ugaoko hiribildua sortu zeneko 645. urteurrena ospatzeko helburuarekin, Udalak, Kultura sailaren bitartez eta Historia Ezagutzeko Zentroarekin elkarlanean, IX. Indaba Lehiaketa antolatu du. Aurten, martxoaren 7an egingo da eta goizeko 9:00etan hasiko da Udaletxeko plazan.

Txapelketan norbanakoek, familiek, elkarteek edo eta kuadrillek parte hartu ahal izango dute. Horretarako aurretik eman beharko dute izena, hurrengo bi modu desberdin hauen bitartez: martxoaren 7a baino lehen izen-emate fitxa ugao-miraballes-museo@ortzadar.es posta elektronikora bidaliz edo Jane Jau-regian aurkeztuz, edo martxoaren 7an bertan, 9:00etatik 10:30etara udaletxeko beheko aldean.

Lehiaketan indabak betiko eran egin beharko dira, ahal izanez gero, Euskal Herriko lurralde historikoetako indabak erabiliko dira. Esaterako, Tolosako indaba edo Gernikakoa. Horrez gain, odolostea, urdaia, saiheskia eta abar erabiltzea onartuta dago. Kazolak 14:00etan aurkeztu beharko dira.

Parte hartzaileek su txikia edo gasa, mahaiak eta beharrezko tresnak eraman beharko dituzte. Antolatzaileek lehiakideentzako mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte, baina soilik martxoaren 4a baino lehen erreserba egin badute.

Epaimahaia gai honetan adituak diren pertsonek osatuko dute eta euren erabakia apelaezina izango da. Sariak produktu-sortak izango dira eta 17:00etan banatuko dira. Ordu berean, Erdi Aroko magia ikuskizuna ere egongo da.

Bestalde, egun berezi hau herritar guztiei zuzenduta dagoela aipatzekoa da. Izan ere, lehiaketan parte hartu nahi ez dutenek, baina giroaz gozatu nahi dutenek, mahaiak eta aulkiak erreserbatu ahal izango dute bertan jateko, janaria etxetik ekarrita. Egun osoan zehar kale animazioa izango da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak