Sareak

☉ Basauri

Kike Amonarriz: “Hego Uriben badaude elementuak euskara bizirik dagoela esateko”

|

basauri kike amonarriz elkarrizketa 2015

Euskarak Hego Uriben bizi duen egoerari buruz, transmisioari buruz hitz egin dugu Kike Amonarrizekin. GEURIAren sorreraren inguruan ere galdetu diogu.

Maiatzaren 27an Basauriko Pozo­koetxe Kultur Etxean izango da Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) euskal fi­lologoa, soziolinguista eta telebis­ta-aurkezlea. ‘XXI. mendeko euskal­dunak’ hitzaldia aurkeztuko du eta bertan “momentuaren garrantziaz, non gauden, nola aldatu zaigun in­gurua eta zein aukera izango ditugun etorkizunari begira” gaien inguruan egingo du hausnarketa Amonarrizek.

Hego Uribe eskualdeak badu euska­razko komunikabidea, behingoz…

Bai. GEURIAren berri orain dela gutxi izan dut. Gaur egun komunikabideen alorra oso mundu konplexua da. Ez da erraza hedabide bat sortzea eta, alde horretatik, Hego Uribe bezalako eskualde batean euskara hutsezko komunikabidea eratzeak alde bate­tik iniziatiba badagoela esan nahi duela iruditzen zait eta, bestetik, har­tzaileak badaudela.

Zein irizpide jarraitu behar du eus­karazko hedabide berri batek ka­lean mantentzeko?

Edozein hedabideren kasuan beza­la, lortu behar dena da interesgarria izatea eta hartzaile potentzialenga­na iristea. Hau da, kalitatezko pro­duktu bat sortu behar da, jendeak duen behar bati erantzungo diona. Gainera, erdarazko komunikabideek eskaintzen ez duten zerbait eskain­tzea lortuko balu eta euskaraz ez dakitenek sentituko balute zer edo zer galtzen ari direla, hori sekulakoa izango litzateke.

Ez da erraza euskarazko produktuak gizartean ezagutaraztea, hedatzea eta iraunaraztea

Erronka asko, komunikabide berri batentzat…

Bai, hala da. Hedabide berri batek, nire iritziz, bigarren erronka bat du beti: nola iritsi. Lan handia dago horren atzetik. Ez da nahikoa plaza­ratzea, gero iristea lortu behar du. Euskarazko komunikabide guztiok erronka handia daukagu alor horre­tan. Esaterako, bozgorailu txikiak ditugu. Ez da erraza euskarazko pro­duktuak gizartean ezagutaraztea, he­datzea eta iraunaraztea. Produktuan, hedapenean eta kontsumoan izan behar dugu beti begirada.

Eta hedapenean eragile askok hartu behar dute parte…

Nire ustez, egoerarik interesgarrie­na eta emankorrena beti izan ohi da elkarlanaren bidea, hots, jendea inplikatzea eta produktuaren parte ere badela sentiaraztea. Horrek, or­dea, lanketa bat eskatzen du: bana­ka-banaka irabazten dira irakurleak, ikusleak eta entzuleak, eta fideltasun hori gertuko ha­rremanaren bidez lortzen da. Orduan, bide horretan zenbat eta jende gehiago inplikatu, agenteen elkar­lana zenbat eta handiagoa izan, hobeto.

Euskal filologoa eta so­ziolinguista zaren aldetik, ezagutzen al duzu Hego Uribe eskualdean euska­rak bizi duen egoera?

Bai, batez ere, Basauriko errealitate soziolinguis­tikoa ezagutzen dut. Gar­bi ikusten dut aurrerapen nabarmen bat egon dela. Unibertsitate garaian Ba­sauriko azterketa sozio­linguistikoa egiten ibili nintzen eta San Migelen euskararen transmisioa mantentzen zela ikusi nuen.

basauri kike amonarriz tribuaren berbak euskarabila 2015

Kike Amonarriz eta Ludi Viguera basauriarra hizketan ‘Tribuaren berbak’ saioan :: Geuria

Galera San Migel eta Basauri erdigunearen artean zegoen orduan. Gaur egun, hogeita bost urtetik beherako gazte gehienek euskaraz ondo dakite eta hor publiko potentzial ikaragarria dago.

Hala ere, erabilera ez da hainbeste hedatu…

Ez, baina azken aldian euskararen al­deko ekimen eta mugimendu asko sortu dira. Hala nola, Basaurin Be Bagara. Nire iritziz, badaude elemen­tuak esateko Hego Uribe eskualdean euskararen aldeko mugimendu bizia dagoela eta horri eman behar zaiola bultzada.

Euskara zentrala bihurtu behar da, eta gaiari zentralitatea aitortu

Etorkizunean euskarak aurrera egingo duela uste al duzu?

Kontuan izan behar dugu, ezagutza­ri dagokionez, lortu dugula -neurri handi batean behintzat- adin batetik beherako guztiek euskara ondo jaki­tea eta ulertzea. Horrek aukera ema­ten digu beste maila bateko helbu­ruak planteatzeko. Euskara zentrala bihurtu behar da eta gaiari zentrali­tatea aitortu.

Nahiz eta tartean oztoporen bat aurkitu…

Oztopo guztiei aurre egin beharko diegu eta horretarako uste dut in­darra badaukagula. Esate baterako, kanpotik sortzen zaizkigun oztopoak gainditzeko, LOMCE legea kasu, ba­rruko indarrak landu behar ditugu: euskararen aldeko dinamikak sus­tatu, ilusioa zabaldu eta ekinbideak ugaldu, besteak beste.

Transmisioari begira, oso garrantzitsua da une hau, hamarkada hau eta belaunaldi hau

Euskararen transmisioari buruz zer duzu esateko?

Nerbioi ibaiaren inguruan landu du­gun Tribuaren Berbak programan – maiatzaren 26an emitituko da– oso nabarmen ikusi dugu: euskara erabat galduta zegoen eskualdean eta 80ko hamarkadan berres­kuratzen hasi zen. Gaur egun, fenomeno berria ari da gertatzen transmi­sioaren inguruan: gazte­tan euskara ikasi, euska­raren erabilera utzi, baina guraso bihurtu direnean seme-alabei euskararen transmisioa bermatzea, alegia. Hurrengo belau­naldiek euskara modu naturalean erabiltzea lor­tzen badugu, belaunaldi horren transmisioa ber­matuko dugu. Horregatik oso garrantzitsua da une hau, hamarkada hau eta belaunaldi hau.

☉ Basauri

Argazkiak / Rocio Jaia antolatu dute Basaurin, San Faustin erara

|

San Faustin kuadrillak Rocio Jaia ekarri du gaur Basaurira. Bertín Osborne, Isabel Pantoja eta bere seme Paquirrín, Albako dukesa, Rocio Jurado, María del Monte, Joaquín eta Tío Pepe bezalako pertsonaiak izan dira protagonista nagusiak. Era berean, lasterketak, zaldiak, ermandadeak, rocieroak eta prozesio honetako elementu guztiak izan dira, Rocio ermita bera barne.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Alex Garcia Galasen familia laguntzeko 11.245 euro lortu dituzte Basaurin

Basauriko tabernetan Basozelaiko Auzo Elkarteak jarritako itsulapiko solidarioak ekainera arte mantenduko dituzte, eta San Juan jaietan diru hori emango diote Alexen familiari

|

Alex Garcia Galasen ama, Basauriko alkatearekin eta Basozelai Auzo Elkarteko ordezkariekin // Basauriko Udala

Alex Garcia Galas basauriarraren familia laguntzeko 11.245 euro bildu dituzte Basaurin. Basozelaiko El Maño Auzo Elkarteak asteburu solidarioa antolatu zuen apirila bukaeran eta jaialdi horretan bildutako dirua eman diote gaur Alexen familiari; zehazki, Tere Galas bere amari.

“Oso eskertuta nago gure herriari, eta oso hunkituta ikusita zelan irauli den Basauri Alex eta gu laguntzeko”, adierazi du Terek. Alex Thailandian ospitaleratuta egon zen bitartean senideek maileguak eskatu behar izan dituzte tratamentu medikuak ordaintzeko. “Jaso dugun dirua mailegu horiek ordaintzeko erabiliko dugu”, dio.

Alex pankreatitisak jota gaixotu zen otsailean Thailandian eta apirilaren 21era arte Bangkokeko ospitale batean izan zen. Orduan Gurutzetako ospitalera lekualdatu zuten, Espainiako Gobernuaren laguntzarekin.

Itsulapikoak saltokietan

Asteburu solidarioaz gain, Basozelaiko Auzo Elkarteak itsulapikoak jarri ditu Basauriko hainbat saltokitan eta tabernatan. Guztira, 80 itsulapiko.

“Ekitaldi solidario horiek antolatu aurretik, 80 itsulapiko inguru banatu genituen hainbat denda eta ostalaritza-establezimendutan, Alexentzat diru gehiago biltzeko. Diru hori Basozelaiko San Juan jaietan emango diogu familiari, itsulapikoak aste batzuk gehiago jarrita mantenduko ditugulako”, azaldu dute Jonatan Merinerok, Gorka del Riok, Esther Pérezek eta Angel Muñozek, Basozelaiko Auzo Elkarteko ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Rocio Jaia ekarriko du San Faustin kuadrillak Basauriko kaleetara

Maiatzaren 18an, larunbatez, egingo du Rocio Jaia San Faustin kuadrillak Basaurin. Guztira 70 lagunek hartuko dute parte “parodia paregabean”

|

Iaz Charles III.aren eta Camillaren koroatzea egin zuen San Faustinek Basaurin // Geuria

San Faustin lotsagabe kuadrilla berriro aterako da Basauriko kaleetara, edo eurek esaten duten bezala, “Dos Caminoseko kaleetara”. Iaz Charles III.aren eta Camillaren koroatzea antzeztu zuten, eta aurten Rocio Jaia egingo dute maiatzaren 18an, larunbatez.

“Parodioa paregabea” egingo dutela diote: “Umorez beteriko ekitaldi paregabe batean, Bizkaiko herri xarmagarri eta turistiko honetako biztanleak Andaluziako ospakizun ikoniko honen berrinterpretazio barregarri baten lekuko izango dira”, diote.

Rocio jaia 12:30ean hasiko dute Arizgoitiko plazan eta oinezkoen kaleetatik (herriko euren lekurik gogokoena) zenbait geldialdi egingo dituzte: “Lasterketak, zaldiak, ermandadeak, rocieroak eta prozesio honetako elementu guztiak izango dira, Rocio ermita bera barne”.

“Farandulak ere parte hartuko du ekitaldian: Bertín Osborne, Isabel Pantoja eta bere seme Paquirrín, Albako dukesa, Rocio Jurado, María del Monte, Joaquín, Tío Pepe…”, diote. Guztira 70 lagunek parte hartuko dute erromeria honetan.

Akais taldearen kontzertua

San Isidro plazan bazkaria antolatu du San Faustinek Rocio jaian parte hartuko dutenekin. Eta, 18:00etan Akais taldearen kontzertua antolatu dute Begoñako Andra Mari kalean.

“Kultur aniztasuna ospatu nahi dugu, eta, aldi berean, dibertimendua eta barrea eragin. Rocio Jaia ekitaldi bikaina da eta gure parodia maitasunez eta umore onez beteta egongo da, non gure Dos Caminos maiteko herritar guztiek gozatzea espero dugun”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak aste honetan hasiko dituzte, Basaurin

Lanak maiatzean hasi eta 12 hilabeteko epean bukatuko dituzte. “Hala ere, litekeena da plazaren zati bat lehenago erabiltzen hastea”, diote udal ordezkariek

|

Obrak hasteko prestaketa lanak hasi zituzten duela egun batzuk // Geuria

Hemendik urtebetera San Fausto plaza, Trintxera ezizenez ezagunagoa, guztiz berrituta ikusiko dute basauriarrek. Hain zuzen ere, plaza berria eraikitzeko lanak aste honetan hasiko diztuzte, eta 12 hilabeteko epean bukatuko dituzte. “Hala ere, plazaren zati bat epe hori baino lehen erabiltzen hastea aurreikusten dugu”, diote udal ordezkariek.

Obrek ez dute eraginik izango egungo plazaren parterreko zuhaiztian, eta argiteria publikoa, hiri-altzariak eta zoladura guztiak berrituko dituzte.

Ingurunean integratutako harmaila bat eta berdegune zabalak izango ditu plazak, herritarrek duela bi urte bozketa bidez hala erabita.

“Plataforma berri bat eraikiko da, lotuko dituena Arizgoiti plazako bizitegi-eraikin berria, gaur egungo zubia eta Autonomia kalea, kalearen pare geratuko den plaza bat sortzeko”, diote.

San Fausto plaza berriak itxura hau izango du, Social Antzokitik ikusita // Basauriko Udala

Era berean, Florian Tolosa, Autonomia, Arizgoiti plaza eta San Fausto plaza beraren arteko konexioa hobetuko dituzte. “Konfigurazio berriari esker, oinez eta ibilgailuz iritsi ahal izango da plazaren ondoko etxebizitzetara, alboko kaleen arteko kota-diferentziak gaindituta”, diote.

“San Fausto Plaza berriak bi xede nagusi izango ditu: basauritarrek aisiaz gozatzeko eta lasai egoteko leku atsegin bat edukitzea, eta erabilera sozialetarako espazio bat sortzea, ekitaldi herrikoiak, kulturalak edota kirol-arlokoak egiteko”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakumeen Champions Leagueko kopa Basauriko Artunduaga kiroldegian dago gaur eta bihar

|

Maiatzaren 14an eta 15ean ikus daiteke gertutik UEFA Women's Champions Leagueko kopa Artunduagako kiroldegian // Argazkiak: Basauriko Udala

UEFA Women’s Champions League txapelketako finala jokatuko dute maiatzaren 25ean Bilboko San Mamesen Bartzelonak eta Olymplique Lyonek.

Finaleko kopa Bizkaiko hainbat udalerritan izango da ikusgai, “herritarrek garaikurraren argazki bat egin ahal izan dezaten, baita emakumezkoen kirolari babesa adierazteko ere, kasu honetan, futbola protagonista dela”, diote.

Hego Uribe eskualdean, Basaurin soilik ikus daiteke UEFA Women’s Champions Leagueko kopa: gaur (maiatzak 14) eta bihar (maiatzak 15) Artunduaga kiroldegiko futbol zelaiaren gradetan jarri dute. Kopa ikusteko ordutegia da 09:00etatik 21:00etara.

Osorik irakurri