Euskarak Hego Uriben bizi duen egoerari buruz, transmisioari buruz hitz egin dugu Kike Amonarrizekin. GEURIAren sorreraren inguruan ere galdetu diogu.
Maiatzaren 27an Basauriko Pozokoetxe Kultur Etxean izango da Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) euskal filologoa, soziolinguista eta telebista-aurkezlea. ‘XXI. mendeko euskaldunak’ hitzaldia aurkeztuko du eta bertan “momentuaren garrantziaz, non gauden, nola aldatu zaigun ingurua eta zein aukera izango ditugun etorkizunari begira” gaien inguruan egingo du hausnarketa Amonarrizek.
Hego Uribe eskualdeak badu euskarazko komunikabidea, behingoz…
Bai. GEURIAren berri orain dela gutxi izan dut. Gaur egun komunikabideen alorra oso mundu konplexua da. Ez da erraza hedabide bat sortzea eta, alde horretatik, Hego Uribe bezalako eskualde batean euskara hutsezko komunikabidea eratzeak alde batetik iniziatiba badagoela esan nahi duela iruditzen zait eta, bestetik, hartzaileak badaudela.
Zein irizpide jarraitu behar du euskarazko hedabide berri batek kalean mantentzeko?
Edozein hedabideren kasuan bezala, lortu behar dena da interesgarria izatea eta hartzaile potentzialengana iristea. Hau da, kalitatezko produktu bat sortu behar da, jendeak duen behar bati erantzungo diona. Gainera, erdarazko komunikabideek eskaintzen ez duten zerbait eskaintzea lortuko balu eta euskaraz ez dakitenek sentituko balute zer edo zer galtzen ari direla, hori sekulakoa izango litzateke.
Ez da erraza euskarazko produktuak gizartean ezagutaraztea, hedatzea eta iraunaraztea
Erronka asko, komunikabide berri batentzat…
Bai, hala da. Hedabide berri batek, nire iritziz, bigarren erronka bat du beti: nola iritsi. Lan handia dago horren atzetik. Ez da nahikoa plazaratzea, gero iristea lortu behar du. Euskarazko komunikabide guztiok erronka handia daukagu alor horretan. Esaterako, bozgorailu txikiak ditugu. Ez da erraza euskarazko produktuak gizartean ezagutaraztea, hedatzea eta iraunaraztea. Produktuan, hedapenean eta kontsumoan izan behar dugu beti begirada.
Eta hedapenean eragile askok hartu behar dute parte…
Nire ustez, egoerarik interesgarriena eta emankorrena beti izan ohi da elkarlanaren bidea, hots, jendea inplikatzea eta produktuaren parte ere badela sentiaraztea. Horrek, ordea, lanketa bat eskatzen du: banaka-banaka irabazten dira irakurleak, ikusleak eta entzuleak, eta fideltasun hori gertuko harremanaren bidez lortzen da. Orduan, bide horretan zenbat eta jende gehiago inplikatu, agenteen elkarlana zenbat eta handiagoa izan, hobeto.
Euskal filologoa eta soziolinguista zaren aldetik, ezagutzen al duzu Hego Uribe eskualdean euskarak bizi duen egoera?
Bai, batez ere, Basauriko errealitate soziolinguistikoa ezagutzen dut. Garbi ikusten dut aurrerapen nabarmen bat egon dela. Unibertsitate garaian Basauriko azterketa soziolinguistikoa egiten ibili nintzen eta San Migelen euskararen transmisioa mantentzen zela ikusi nuen.
Galera San Migel eta Basauri erdigunearen artean zegoen orduan. Gaur egun, hogeita bost urtetik beherako gazte gehienek euskaraz ondo dakite eta hor publiko potentzial ikaragarria dago.
Hala ere, erabilera ez da hainbeste hedatu…
Ez, baina azken aldian euskararen aldeko ekimen eta mugimendu asko sortu dira. Hala nola, Basaurin Be Bagara. Nire iritziz, badaude elementuak esateko Hego Uribe eskualdean euskararen aldeko mugimendu bizia dagoela eta horri eman behar zaiola bultzada.
Euskara zentrala bihurtu behar da, eta gaiari zentralitatea aitortu
Etorkizunean euskarak aurrera egingo duela uste al duzu?
Kontuan izan behar dugu, ezagutzari dagokionez, lortu dugula -neurri handi batean behintzat- adin batetik beherako guztiek euskara ondo jakitea eta ulertzea. Horrek aukera ematen digu beste maila bateko helburuak planteatzeko. Euskara zentrala bihurtu behar da eta gaiari zentralitatea aitortu.
Nahiz eta tartean oztoporen bat aurkitu…
Oztopo guztiei aurre egin beharko diegu eta horretarako uste dut indarra badaukagula. Esate baterako, kanpotik sortzen zaizkigun oztopoak gainditzeko, LOMCE legea kasu, barruko indarrak landu behar ditugu: euskararen aldeko dinamikak sustatu, ilusioa zabaldu eta ekinbideak ugaldu, besteak beste.
Transmisioari begira, oso garrantzitsua da une hau, hamarkada hau eta belaunaldi hau
Euskararen transmisioari buruz zer duzu esateko?
Nerbioi ibaiaren inguruan landu dugun Tribuaren Berbak programan – maiatzaren 26an emitituko da– oso nabarmen ikusi dugu: euskara erabat galduta zegoen eskualdean eta 80ko hamarkadan berreskuratzen hasi zen. Gaur egun, fenomeno berria ari da gertatzen transmisioaren inguruan: gaztetan euskara ikasi, euskararen erabilera utzi, baina guraso bihurtu direnean seme-alabei euskararen transmisioa bermatzea, alegia. Hurrengo belaunaldiek euskara modu naturalean erabiltzea lortzen badugu, belaunaldi horren transmisioa bermatuko dugu. Horregatik oso garrantzitsua da une hau, hamarkada hau eta belaunaldi hau.
