Geuria Hego Uribe eskualdeko zazpi mendi taldeekin izan da euren historia, bizipenak, anekdotak eta 2015erako antolatu dituzten irteeren berri izateko
Euskal Herriko orografia menditsuagatik bertako mendizaleen kopurua ez da makala. Eta, Hego Uribe eskualdea ez da gutxiestekoa. Zaletasun nabaria dago eta horren adibide herri bakoitzean dauden mendi taldeak dira: Baskonia (Basauri), Zutarri (Basauri), Ganguren (Galdakao), Padura (Arrigorriaga), Amezti (Etxebarri), Ugao (Ugao) eta Txifumendi (Zaratamo).
Batzuek 100 urteak bete dituzte dagoeneko; beste batzuk, aldiz, oso gazteak dira. Baskonia Mendi Taldea da guztien artean zaharrena: 1913ko martxoaren 14an izan zuen sorrera izen bereko Kirol Elkartearen barruan. Futbola, alpinismoa, igeriketa eta atletismoa bezalako kirolak uztartzen zituen diziplina anitzeko proiektua jaio zen une horretan Ricardo Ibarrondo bilbotarraren eskutik: Basconia. 1969. urtera arte mendi taldea Basconia Kirol Elkartearen barruko arloa izan zen eta hortik aurrera independenteki jarraitu du bere bidea. Alpinismoa futbola dira gaur egun zutunik mantentzen diren bakarrak, bakoitza bere lanean.
Galdakaon ere elkarte bat sortu zen XX. mendeko bigarren hamarkadaren amaieran: Elexalde Kluba (1927). Basconiaren antzera, futbolaren, alpinismoaren eta atletismoaren inguruan sortutako elkartea zen, baina 1936. urtean kluba bere osotasunean desagertu zen. Hurrengo ahalegina 1945eko urtarrilaren 6an etorri zen: Kepa Yurrebaso eta Jesus de Altuna Upo mendian zeudela C.D. Galdacano elkarteko mendi-atala sortzeaz aritu ziren. Victor Legorburu ere tartean zegoen eta prest agertu zen edozertan laguntzeko, baina honek ez zuen C.D. Galdacanorekin zerikusirik izan nahi. Horregatik, klub berri bat sortu zuten: Ganguren, Santa Marina mendikateko gailur garaiena eta Galdakaoko udal mugartekoa zelako.
BASKONIA MENDI TALDEA
Herria: Basauri
Sorrera: 1913
Bazkideak 1.300
GANGUREN MENDIGOIZALE TALDEA
Herria: Galdakao
Sorrera: 1945
Bazkideak: 3.000
1949. urtean Arrigorriagako hiru herritarrek gaur egun ezagunagoa izan daitekeen sortze-agiria sinatu zuten eta horrela Padura Mendi Taldea sortu zen. “Mendiko kirolaren noblezia goraipatzeko” konpromisoa hartu zuten Intxorta mendian Juan Ramon Gonzalez Sojo, Rodrigo Villamor eta Jeronimo Perez herritarrek. Gonzalez Sojo, “Ramontxa”, Mendi Taldeko lehen bazkidea eta aurreneko zuzendaria izan zen. 1951an garaiko Gobernu Zibilak baimena eman zuen eta ofizialki eratu zen Kluba, Mendizaletasunaren Praktika eta Sustapen Elkarte bezala.
Zaratamon 1989. urtean eratu zen Txifumendi Taldea, Timi Cue, Alvaro Alvarez, Abel Gordo eta Jon Idigoras tartean zeudela, baita Alberto Ugarriza eta Iñaki Sautua ere. Zaratamon zegoen mendizaletasun handiak piztu zuen taldea sortzeko grina, herritarren eta hainbat eragileren esfprtzuari esker. 90eko hamarkadaren hasieran, Ugaon mendi talderen bat eratzeko mugimendua sortu zen herriko gazteen artean. 1992. urtean kultur etxean egindako batzarrean taldea legeztatzeko beharrezko tramiteak burutu, eta Ugao Mendi Taldea eratu zen, 100 bazkide fundatzaile baino gehiagorekin.
PADURA MENDI TALDEA
Herria: Arrigorriaga
Sorrera: 1949
Bazkideak: 400
TXIFUMENDI MENDI TALDEA
Herria: Zaratamo
Sorrera: 1989
Bazkideak: 154
UGAO MENDI TALDEA
Herria: Ugao
Sorrera: 1992
Bazkideak: 300
1994. urtean Basaurin beste talde bat sortu zen: Zutarri Natur Kirolen Taldea. Izen bereko tabernan izan zuen sorrera. Talde bat osatzeko beharrezkoa zen gutxienez bost pertsonek izenak ematea eta, kopuru hori bazutenez, Zutarri NKT sortu zuten. Hasiera batean espeleologia taldea zen, baina urteak aurrera egin ahala, mendizaletasunera egin zuten jauzi, baita eskaladara eta barrankismora ere.
Hego Uribeko talderik gazteena Etxebarriko Amezti Mendi Taldea da. 2002ko otsailaren 11n eratu zen honako helburuekin: mendi ibilbideak egitea, ingurumena eta Etxebarriko parkeak indarberritzea, eta kultura eta esku-pilota profesionala goraipatzea. Irabazi asmorik gabeko erakundea da. Taldea erretiratutako jendeak osatzen du eta aisialdiko irteerak egiten dituzte gehienbat.
ZUTARRI NATUR KIROLEN TALDEA
Herria: Basauri
Sorrera: 1994
Bazkideak: 50
AMEZTI MENDI TALDEA
Herria: Etxebarri
Sorrera: 2002
Bazkideak: 196
MENDI-GUTUNONTZIEN KOKAPENAK
Mendi taldea eratu eta lehenengo zereginetako bat inguruko mendi tontorretan buzoiak jartzea da. Hori ondo dakite Baskoniakoek, gaur egun arte 130 bat gutunontzi ipini baitituzte. “Oro har, ehun urte beteak dituzten mendietan kokatzen dugu buzoia, baina mendeurrena bete ez duten beste batzuetan ere jarri izan ditugu, berezitasun jakin batzuk dituzten mendietan: desnibelarekin, ikuspegiekin edota historiarekin lotura duten ezaugarriak”, dio Joserra Alonso Baskoniako irteeren arduradunak. Urte Berri eguna data garrantzitsua da taldeko kideentzako: “Urteko aurreneko irteera egiten dugu. Festa bat da guretzat. Izan ere, buzoia jarri eta gero Errege Roskoa jaten dugu elkarrekin”, dio Alonsok. Lehen gutunontzia Malmasinen jarri zuten Baskoniakoek 1931n.
Gainontzeko mendi taldeetan ez dago buzoiak jartzearen ohiturarik. Gangureni dagokionez, berezitasun bezala, buzoiak Arturo Mazak eta Felix Sierrak egiten zituzten, edo bestela lantegiren batek edota beharrezko tresnak eskura zituen edonork. Lehenengo postontzia 1946an ipini zuten Gangurengo Santa Marina mendian, nahiz eta denbora gutxira norbaitek kendu zuen. Handik hilabete batzuetara, 1947ko martxoaren 19an, berriro ipini zuten buzoia.
Paduraren hastapenetan hainbat buzoi kokatu zituzten Arrigorriaga inguruetako tontorretan zein urrunagokoetan. Horien adibide dira, besteak beste, Upo, Artanda, Arrugaeta, Bedarbide, Oketa, Ubixeta eta Peña Lusa, “hamazortzi buzoietara heldu arte”, dio Jose Nieto kideak. Txifumendiri dagokionez, 2010ean eurek egindako mendi-gutunontzia kokatu zuten Castillo d’Acher delako tontorrean, Huescako Pirinioetan.
Ugao Mendi Taldearen lehenengo irteera Biderdira (Ganekotxiki) izan zen 1993an eta bertan postontzia jarri zuten. Vicente Aranguren bazkide eta artistak egin zuen eta Hiru Tutuko Iturriaren kopia da. Urte bereko herriko jaietan, beste mugarri bat ipini zuten Larreta kotan, Artanda menditik hurbil. Mendizale ugari bildu ziren bertan, jai giroan, baita Zeberioko, Arrigorriagako eta Ugaoko alkateak ere: bakoitza bere lurraldetik irten gabe agurtu zuten elkar.
ROKODROMOA SEDE BARRUAN
Ganguren Mendi Taldeko sedea berezia da. Izan ere, lokalaren barrualdean rokodromoa dute: “Lokala egin zenean rokodromoa zeukan lokal bakarra zen“, dio Miren Hernando zuzendariak. 1982ko uztailaren 7an rokoromoa egiten amaitu zuten: “Rokoromoa amaitu ahala, lokal honen inaugurazioa egin zen“. Rokodromoa Ganguren MTk jarri nahi izan zuen apustuetako bat da, medizaleentzako zerbitzu baten moduan. “Horretarako gure lokal sozialean leku bat prestatu genuen, eskalatzaileak, adin goiztiarratik, eskalada ikasteko eta praktikatzeko“.
HIRU URTE LEHENAGO ATERPEA ERAIKITZEN
Baskoniari dagokionez, aterpetxea eraikitzearen ideia 1954ko urtarrilaren 10ean piztu zen, bazkideen lehenengo biltzarrean. Hainbat saiakera egin zituzten aurreneko aterpetxea lortzeko. Lehenengo Arraban eta gero Egiriñaon, baina ideiak airean geratu ziren. 1961eko apirilaren 9an, Baskoniako mendizale talde batek Okendoko tontorrerako bidea hartu zuen eta tartean Iondokortako urtegia eraiki bitarteko barrakoia aurkitu zuten. Aterpea bertan egitea pentsatu zuten eta buru-batzarrean aurkeztu zuten ideia. Ezin izan zuten lurzorua erosi, baina 1964an errentan hartu zuten. Irailaren 13an boluntario talde batek eraikuntza obretan parte hartu zuen eta apirilerako ia bukatuta zegoenean, haize-bolada batek teilatua jaso zuen. Berregin ondoren, 1967ko maiatzaren 28an inauguratu zuten. “Oso garrantzitsua zen aterpearen ideia garaiko bazkideentzako. Helburu nagusienetakoa zen eta lan handia egin ondoren, azkenean eraiki zuten. Hiru urteko lana izan zen, oso gogorra. Asteburu guztietan, baita oporretan ere, lan egin zuten”, adierazi du Norbertok.
Mendizaleek ahalegin handia egin behar izaten zuten mendiko jardueretan aritu ahal izateko: goizean goiz jaiki, trena hartu, ordutako ibilbidea egin eta berriro geltokira etxerako trena hartzeko, iluntzean. Gauzak horrela, mendian babesleku bat eta Gorbeia inguruko mendietara igotzeko abiagune hurbila edukitzea pentsatu zuten Ganguren taldeko mendizaleek. “Aterpea egiteko erabakia 1949. urtearen hasierako batzar nagusian hartu bazen ere, proiektuaren gauzatzea 1950eko udaberrira arte luzatu zen. Aramotz eta Arraba landen artean zegoen erabakia, baina azkenean bigarren kokalekua hautatu zuten”, dio Miren Hernando zuzendariak. Aterpea egiteko, lehenengo eta behin, eraikitzeko baimena eskatu zioten lurren jabeari, Zeanuriko Udalari, eta honek 1950eko maiatzaren 14an eman zuen baimena. Klubak Udalari urtero 100 pezeta ordaindu behar izan zion errenta modura. 1952an obra buruturik zeukaten, baina inaugurazio ofiziala 1953ko maiatzean egin zuten. “Orain dela sei bat urte berritu egin dugu aterpetxe osoa. Bazkideek ia astebururo eta udan alokatzen dute”.
BAZKIDEAK, KLUBEN NORTASUNA
Mendizaletasuna oparoa da Hego Uriben eta urtea joan urtea etorri, lagun askok ematen dute izena talderen batean, bazkide izateko. Federatuta edo federatu gabe eman liteke izena, bakoitzaren beharren arabera. Federatuek asegurua dute: zerbait gertatzen bada, sorospen- edo erreskate-estaldura izango dute, bakoitzak kontratatu duenaren araberakoa. Estatuko, Pirinioko (Maroko, Frantsez Pirinioa eta Portugal) eta Munduko estaldura kontrata daiteke. Hori dena mendi garaietan, 7.000 metrotik behera.
1300 kide inguru daude Baskonia Mendi Taldearen barruan, baina horietatik 400 daude federatuta: “Federatuek, asegurua izateaz gain, abantaila mordoa dituzte, beherapenak aterpetxeetan eta Fuente Dé (Kantabria) teleferikoan, adibidez; martxetara joateko aukera eta Euskal Mendizale Federazioak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzea ere bai”, dio Joserrak. Baskoniako bazkiderik nagusiena Domeka Elezkano da eta 92 urte ditu. “Oraindik ere ilusio handiz doa mendira”, dio Norbertok. Gazteenak, ordea, bi egun izan ditzakeela aitortu dute: “Loli eta Angel bazkideek euren biloba bikiak bazkide egin zituzten jaio eta egunetara”.
Eskualdean Ganguren Mendi Taldeak ditu bazkide gehien. Gaur egun, 3000 bazkide daude: “Helduenak 96 urte izango ditu eta gazteenak, hilabete gutxi batzuk baino ez. Ohitura dago Galdakaon, seme-alabak edo bilobak izatean automatikoki bazkide egitea”, dio Hernandok.
Padurak 400 bat bazkide ditu. “Azken aldian, bazkide berri asko iritsi zaigu, bai Arrigorriagakoak, baita kanpokoak ere”, dio Jose Nietok. Bitxikeria gisa, Madrilgo bazkide bat dute Klubean, besteak beste: “Gure seriotasunagatik, helburuengatik eta giro apartagatik ematen duten izena Paduran”. Bazkiderik helduenek 85 eta 69 urte dituzte (gizona eta emakumea, hurrenez hurren), eta gazteenek, hiru urte.
Txifumendin 154 bazkide dira eta horietatik helduena Mikela Zarraga da, 76 urterekin. “Gazteenek 7 eta 9 urte dituzte: Alain eta Lorea Moreno”, dio Susana Laguardia kideak. Zutarri taldean gaur egun 50 kide dira: “Gehienak federatuak gara. Bazkiderik zaharrena 62 urtekoa da eta gazteena, 23koa. Gure taldean ez ditugu adin gutxikoak onartzen, egiten ditugun jarduerengatik”, dio Juan Luis Maturana Zutarriko kideak: “Klubaren helburua hasiberriarentzako aukerak proposatzea da”.
Ameztik, bere aldetik ,196 bazkide ditu, guztiak 55 urtetik gorakoak: “144 Etxebarrikoak eta 52 Basauri eta Zeanuri artekoak. Gaur egun emakume gehiago daude (%60) gizonak baino (%40)”, dio Andoni Larrabe kideak. Berezitasun bezala, Amezti taldea ez da klub federatua, “erakunde librea gara, baina, noski, badugu gure aseguru konpainia ezbeharren bat gertatuz gero”.
ERA ASKOTAKO IRTEERAK
Baskoniak xendazaletasunezko, mendi ertaineko eta mendi garaieko irteerak prestatzen ditu. “Denetarik dago, bakoitzaren gustuetara moldatua. Euskal Herri mailan zein mundu mailan antolatzen ditugu irteerak”, dio Joserrak. Taldearen izenean bidaiarik luzeena M’Goumera (Maroko) egin zuten hegazkinez eta Bulgariara autobusez. Iaz, adibidez, ‘Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea’ bukatu zuten: guztira hamar etapa dituen ibilbide historikoa da, 166 kilometrotakoa.
Gangurenek astero antolatzen du irteeraren bat: “Ez bada goi mendia, egun osoko edo egun erdiko irteerak egiten ditugu. Neguan, eskiatzera joaten gara. Kulturari dagokionez, Mendi Astea antolatzen dugu eta herri mailan beste elkarte batzuekin parte hartzen dugu ekintzak prestatzen”, dio Miren Hernandok. Eslovenian, Alpeetan eta Pirinioetan ere izan dira Gangurenengoak.
Paduran 70. hamarkadara arte inguruetako mendietara egiten zuten txangoa. Hortik aurrera, bidaia luzeagoak egiten hasi ziren: “Adibidez, 1975ean Picos de Europara egin zuten bidaia 90 bat bazkidek. Gero, Pirinioetara jotzen zen, gehienbat. Baina 80. hamarkadan gainbeheran joan ziren halako txangoak, jendeak nahiago baitzuen talde txikietan joan kotxez”, dio Nietok.
Zaratamoko Txifumendiren mugarriak Pirinioetako Taillon eta Astazu dira, “nahiz eta hainbat bazkide, maila pertsonalean, Amerikako, Asiako eta Afrikako tontorretara iritsi diren”, dio Laguardiak. Ugao Mendi Taldearen arabera, euren helburua mendia eta xendazaletasunarekin zerikusia duen guztia ezagutarazi eta sustatzea da. Xendazaletasunaren bidez, geografian, geologian, landaretzan, kulturan, folklorean edota gastronomian sakontzeko aukera ematen dute, baita herriak, ermitak, bazter naturalak, labarrak, pasabideak edota ur-jauziak ikustekoa ere.
Zutarri Kirol Taldean ere denetarik antolatzen dute: “xendazaletasunetik, eskaladara, barrankismora edo eskira egiten dugu salto, oinarrizkoenetik kirol arriskutsuenetara”, dio Maturanak. Era berean, Pirinioetara irteera dezente egiten dituztela aitortu du: “Lehen Alpeetara joaten ginen hamabost egun pasatzera, baina gaur egun ez dugu egun luzeetako irteerarik egiten”.
Ameztin xendazaletasun ibilbideak egiten dituzte gehienbat, baina baita aisialdi bidaiak, bazkariak, esku pilota partidak eta ingurumenaren inguruko jarduerak ere: “Etxebarriko hainbat parke birsortu dugu”, dio Larrabek. Pirinioak, Aralar edo Urbasa bezalako mendikateak ezagutu dituzte mendizaletasunari esker. Italia eta Frantzia ere bisitatu dituzte. “Aurten Maruritik Armintzaraino egingo dugu ibilbidea eta gero bertan geratuko gara bazkaltzen. Bisita kulturalean Toledo eta Aranjuez ezagutuko ditugu eta mendiari dagokionez, Baigorrira joango gara”.
Zazpi mendi talde hauek naturarekin dituzte esperientziarik onenak eta txarrenak era berean. Hala ere, abesti ezagunak dioen moduan: “Ez nekeak, ezta bide txarrak; gora, gora, neska-mutilak”.
__________________
MENDIZALETASUNA EUSKAL HERRIAN
XX. mende hasieran Euskal Herrian mendizale ugari zegoen eta hainbat kirol elkartek mendi-atalak sorturik zituzten ordurako, baita, zenbait kasutan, mendizale elkarte independienteak ere. Lehenengo hamarkada haietan hasi ziren antolatzen 15 eta 100 gailurretako lehiaketak, eta horixe izan zen mendizaletasuna ulertzeko modu ezberdinen elkargunea. Baina ez zen nahikoa elkarren arteko jarduerak antolatzea, elkarte guztien ahaleginak bideratuko zituen erakunde baten beharra zegoen eta. Hori dela eta, 1924ko maiatzaren 18an Federación Vasco-Navarra de Alpinismo izeneko erakundea eratu zen Gipuzkoako Elgeta herrian mendizaleen arteko jarduerak antolatzeko asmoarekin.
