→Basauri

Noiz irabazi dugu loteria?

hegouribe gabonetako loteria

2018an Gabonbetako Loteriako bosgarren saria Basaurira etorri zen. 100 urte baino gehiago sari nagusia eskualdean izan genuenetik.

2018an Gabonetako Loteriako bosgarren saria Basaurira etorri zen. 100 urte baino gehiago sari nagusia eskualdean izan genuenetik.

Olentzero eta turroiarekin batera gurean dugu berriz ere Gabonetako loteria. Erromatar mitologian Fortuna zen zorte ona eta zorigaitzak ekartzeko ahalmena zuen jainkosa. Gehienbat jatorri apaleko familiei ekartzen omen zien zoriona. Bada, esan liteke Hego Uriben ere hala izan dela:

 SARI NAGUSIA 1908AN ETXERRE AUZOAN

100 urte baino gehiago egin behar dugu atzera Hego Uribe eskualdean abenduaren 22ko Sari Nagusiaren berri izateko, hain zuzen ere, 1908. urtera arte. Etxerre auzoan bizi zen Gurtubay-Azcue familiak garai hartako 1.200.000 pezeta irabazi zituen.

José Miguel familiako aitagoiak 58 urte zituen eta La Basconia lantegian lan egiten zuen. María Josefa ama, 57 urtekoa, esne-banatzailea zen. Zortzi seme-alabek osatzen zuten nekazari familia hau. Álvarok, lehen semeak, urte batzuk lehenago Mexikora egin zuen alde beste anai batzuekin batera eta 1908ko udazkenean gurasoei bisitan etorri ziren. Bidean 35.819 zenbakiko bost dezimo hartu zituzten: horietako bi gurasoei eman zizkieten eta gainontzekoak eurentzako gorde zituzten.

1908ko abenduaren 22ko prentsak jakinarazi zuenez, goiz horretan Muñoz jaunaren loteria-bulegora joan zen Gurtubay aita dezimoak sarituak zeuden edo ez jakitera. Dezimoek saria zutela esan ziotenean, zirrara handiz hartu zuen berria gizonak eta ordura arte euren bizilekua zen baserria erostea pentsatu zuen. Hala ere, Muñoz loteria-saltzaileak sari guztia mailegu-etxe batean uztea aholkatu zion. Hortik aurrera, ez dakigu Gurtubayk loteria-saltzailearen jarraibideak hartu zituen edo azkenean baserria erosi zuen.

 1995. URTEAN BOSGARREN SARIA BASAURIN

1908az geroztik, Gabonetako loteriaren Sari Nagusiaren arrastorik ez dugu izan Hego Uribeko herrietan, baina sari txikiagoren bat edo beste heldu zaigu. 1995. Urtean bosgarren sari batek Basauriko auzokideen ateak jo zituen: 13.664 zenbakiak 7.200.000 pezeta utzi zituen estatuko sei herritan, Basauri tartean.

BIGARREN SARIA 1997.EAN

1997. urtean bigarren saria gure eskualdera etorri zen. Fortuna erromatar jainkosak bere iturria ireki eta opari handia utzi zuen hainbat herritarren artean 42.088 zenbakia sarituz. Guztira, 14.400 milioi pezeta banatu zituen; Basauri Kooperatiba Ikastetxeak soilik 5.000 milioi euro banatu zituen.

 LAUGARREN SARIA GALDAKAON ETA ETXEBARRIN

2007an Galdakaoko loteria administrazio batek laugarren sari bat banatu zuen: guztira, hamazazpi milioi euro 76.623 zenbakiari esker. Sari horretatik Etxebarrik zati bat banatu zuen herritar batzuen artean.

 2011N LAUGARREN SARIA

2011an 12.249 zenbakiak laugarren saria jaso zuen eta Basauriko Kalero auzoan bederatzi milioi euro utzi zituen. Goikoa tabernak saldu zituen dezimoak.

2018an bosgarren saria

2018.a izan da gurera sariren bat iritsi den azken urtea: 02.308 zenbakiak bosgarren saria utzi zuen Hego Uribe eskualdean. Gutxi bada ere, eskualdean milaka euro batzuk utzi zituen, zehazki, Basaurin 6.000 euroko sari bat saldu zen. Basozelai auzoko administrazio batean saldu zen dezimo saritua.

Egoera ekonomikoa beltz xamar dagoen momentu honetan Fortuna jainkosa gurera etorriko ote da zoriontasuna ematera? Langabezia dela medio, saltoki txikien egoeragatik… auzokide bakoitzak bere arrazoiak izango ditu Gabonetako loteriaren zatitxo bat toka dakion.

 ___

Iñaki Odriozola basauriarraren ‘Navidades y la Diosa Fortuna’ testuan oinarrituta

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak