→Ugao

26.400 euroko zuzeneko laguntzak bideratuko dizkio Ugaok herriko ostalaritza sektoreari

Ugaoko Udiarraga kalea // Geuria

Ugaoko Udalak 26.400 euro bideratuko ditu zuzeneko laguntzen bidez herriko ostalaritza sektoreari, pandemiak eragin duen krisiari aurre egiteko. Uztaila eta abuztuan 17.000 euro baino gehiago bideratu zituen Udalak merkataritza eta ostalaritzako establezimenduei bultzada emateko eta pasa den hilabetean 16.000 euroko inbertsioa egin zen UgaoBonoen kanpainean 1.600 bonu salmentan jarriz: “Gaur, ostalaritzarako premiazko beste laguntza-lerro hau ireki dugu, sektore horretan lan egiten duten familia ugaotarrei laguntzeko”, azaldu du Ekaitz Mentxaka Ugao-Miraballesko alkateak.

Gaur egun 22 ostalaritza-establezimendu daude Ugaon eta interesdunek 1.200 euroko zenbateko finkoa jasoko dute zuzeneko laguntzen bidez. Horretarako, interesdunek hiru modutan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak: www.ugao-miraballes.eus webgunearen bidez, jmusaola.ugao@bizkaia.org helbide elektronikora mezua bidaliz edota aurrez-aurreko hitzordua eskatuz 94 648 07 50 telefono zenbakiaren bidez. Eskabideak aurkezteko azken eguna abenduaren 13an izango da.

Bete beharreko baldintzak

Zuzeneko laguntzak jaso ahal izateko, onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Covid-19ak negozioari eragin izanagatik jarduera aldi baterako itxi behar izatea
  • Establezimendua(k) Ugaon egotea
  • Udalarekin izandako zerga betebeharrak eguneratuak izatea
  • Gizarte Segurantzaren araubidean altan emanda egotea edota dagokion mutualitate profesionalean eta Foru-Ogasunean

“Ostalaritza- establezimendu bateko jarduera utzi duten eta beste establezimendu batean jarraitzen duten pertsona fisikoek, oinarri hauetako baldintzak betetzen badituzte, hemen aurreikusitako laguntza jaso ahal izango dute”, azaldu du Ugaoko Udalak. Gainera, Udalak adierazi du laguntza hauek bateragarriak direla beste administrazio publikoek abian jar ditzaketen bestelako laguntzekin, “Covid-19ak eragindako galera baino diru-laguntza handiagoa jasotzen ez den heinean betiere”.

Eskabiderako dokumentazio guztia www.ugao-miraballes.eus webgunean topa daiteke.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak