→Ugao

Aitz Landaida Larizgoitia, Ugaoko osteopata: “Edozein arlotako pertsonak tratatzeko gai bihurtu naiz presiopean lan egiteari esker”

All On Ugaoko Aitz Landaida Larizgoitia osteopataren eskuak (Ugao, 1980) gaitz askoren amesgaiztoak dira: Udiarraga kaleko 35. zenbakiko kontsultatik ugaotar ugari pasa ohi da euren gorputzen ‘IAT azterketak’ egitera, baina horiez gain baita telebistan ikusten diren goi-mailako kirolariak ere.

Aitz Landaida, All On Ugaon // Geuria

All On Ugaoko Aitz Landaida Larizgoitia osteopataren eskuak (Ugao, 1980) gaitz askoren amesgaiztoak dira: Udiarraga kaleko 35. zenbakiko kontsultatik ugaotar ugari pasa ohi da euren gorputzen ‘IAT azterketak’ egitera, baina horiez gain baita telebistan ikusten diren goi-mailako kirolariak ere. Osteopataren esku-ohetik Dejan Todorović, Kostas Vasileiadis eta Marcelinho Huertas saskibaloiko jokalariak igaro dira euren minak tratatzeko, eta lesioek gizakiongan izan ditzaketen eraginez aritzeko aukera izan dugu guk berarekin.

Nola hasi zinen osteopatian lanean?
Gorputz Hezkuntzako irakaslea izateko karrerako azken ikasturtean nenbilela, ikasketak osteopatiarantz bideratzen hasi nintzen, kiromasajea ikasten. Bukatu bezain pronto osteopatian murgildu nintzen 2002an. Hiru urte eman nituen osteopatiako ikasketak egiten, baina 2002an bertan lehen masajeak ematen hasi nintzen Ugaon.

Astiro-astiro gorantz hasi zinen
2007an Bilbao Basketen beharrean hasi nintzen eta bertan 11 urte eman nituen. Beste bi urte eman nituen Eibarren lanean. Bukatzean Ugaora itzuli nintzen eta All On Ugaoko kontsulta zabaldu nuen. Tarte horretan fisioterapia ikasketak bukatu nituen Portugalen.

Aldea dago Bilbao Basketeko jokalarien eta Ugaoko herritarren osteopata izatearen artean?
Gorputzak oso ezberdinak dira: saskibaloian 1,90 metro baino gutxiagoko gorputz gutxi daude, eta herriko jendearen artean guztiz kontrakoa gertatzen da: zaila da 1,90 metro neurtzera heltzen den gorputzik topatzea. Saskibaloi talde bateko osteopata izatean presioarekin lan egiten jakin behar da: entrenatzaile batek mina hartu duen jokalariaren lesioa ahalik eta lasterren sendatzea nahi du, eta presio horrekin lan egitera ohitu behar da osteopata.

Uste bezain txarra al da hori?
Horrek guztiak eragin positiboa dauka eguneroko kontsultako lanean: lasaiago egiten da lan eta behar besteko denbora eskaintzen zaio jendeari, inolako presarik gabe eta ziurtasun handiagoarekin egiten dut lan. Azken batean, ikasketa da eta edozein arlotako pertsona tratatzeko gai bihurtu naiz: kontsultara heltzen den jendearekin lehen momentutik dakit nola hasi, nola jarraitu eta nola bukatu. Dena automatikoki irteten da.

Nora eraman zaitu Bilbao Basketen behar egiteak?
Europa osora eraman nau lan horrek: Bulgaria Frantzia, Alemania, Eslovenia, Kroazia, Serbia, Errusia, Turkia…

Hasi baino lehen ba al zenekien hain urrutira joango zinenik?
Inondik ere ez! Bi aldiz egon naizen arren, ez dakit noiz bueltatuko naizen Moskura (barreak). Bidaia hauetan %90 lana da eta ordutegi hertsiak daude edozertarako: gosaltzeko, bazkaltzeko, afaltzeko, jokalari zehatz batzuekin egoteko, tratatzeko… Ordutegi horietatik kanpo saiatzen nintzen taxi bat hartu eta hiri erdigunera joatea. Bidaia batean, Plaza Gorria hurbil neukan eta bertara joan nintzen. Ordu erdi egon nintzen bertan, argazki bat atera eta gutxienez bertan egon naizela esan dezaket (barreak). Beste toki askotan ez dago halako aukerarik, erdigunetik urrun zaudelako eta bertara hurbiltzeak ez duelako merezi. Bidaia horietan egiten diren desplazamenduak hoteletik pabiloira eta pabiloitik hotelerakoak dira. Bulgariara egindako bidaian, esaterako, Sofiako plazara joan nintzen, gauez.

Osteopata, lanpostuan // Geuria

Jokalariak hurbiletik ezagutzeko aukera izan duzu?
Eurekin ordu asko igaro ditut pabiloian eta hotelean, eta Bilbao Basketen lan egiteari utzi banion ere, harreman estua mantentzen dut bertako jokalari askorekin. Tenerifeko Dejan Todorović-ek lesioa egin zuen iazko irailean eta harrezkeroztik Ugaon dago. Egunero dator kontsultara, entrenamendu saioak egitera. Beste jokalari batzuk, Montenegrora ‘hurbildu’ direnean, egun batzuk hartu dituzte Ugaoko kontsultara etortzeko. Antzekoa egin zuen Obradoiroko Kostas Vasileiadis greziarrak, etxetik zetorrela egun batzuk eman zituen Ugaon tratamendu-saioak egiteko.

Estimu handia dizute, gero!
Asko pozten nau gorputza lan egiteko tresna duten kirolariak IATa egitera kontsultara etortzeak lan gogorra hasi aurretik. Ardura itzela da niretzat eta benetan eskertzekoa da, nolabait hainbeste urteetako lana merezi izan duela esan nahi duelako.

Nora egin duzu azken bidaia?
Otsailaren 13an eta 14an Errege Kopako finala antolatu zuten Madrilgo Wizink Centerrean. Kirolariak burbuila taldetan antolatuta egon ziren 24 ordutan hoteletik irten barik, entrenatzeko ez bazen. Nik gela propioa izan nuen eta bertan esku-ohea jarri nuen. Dejan Todorovićcekin eta Marcelinho Huertasekin egon nintzen, euren tratamenduak jarraituz. Harreman sanoa daukagu gure artean, eta Madrilen osasun neurri zorrotz ugari egon arren behar bezala egin genuen lan.

Zer nolako eragina izan du Koronabirusak zure eguneroko lanean?
Igarri egiten da adineko pertsona asko beldurtuta daudela. Itxialdiaz geroztik martxan jarri gara berriro osasun-neurri guztiak behar bezala jarraituz, baina egia esan Koronabirusak jende gehiago ekarri digu kontsultara: murrizketa guztiak direla-eta ordu asko eman ditugu etxean eta horrek, hersturaz gainera tentsioa sorrarazi du gure gorputzean. Jendeak mugitzeko arazoak jasan ditu itxialdiaren ondorioz. Etxetik lan egin ahal izan dutenek ere gaitz hau jasan dute, ordu asko direlako aulkian eserita, eta gorputzak atsedenaldiak behar ditu: bulegora goazenean gorputza mugitzen dugu beti eta bertako altzariak egokituagoak daude lan egiteko.

Eskuak dira gorputzeko gaitzak sendatzeko Aitzen erremintak // Geuria

Noiz joan beharko genuke osteopatarenera?
Gaitzak euren kabuz pasako diren ustea daukagu gizakiok eta hori kasu gutxitan gertatzen da. Egia da jendea gero eta gehiago datorrela kontsultara hilean behin edo bospasei astero. Gorputzak mina nolabait konpentsatu egiten du leku bakarrean ez kontzentratzeko. Konpentsazio gehiago egiteko gai ez denean agertzen da mina.

Zeintzuk izaten dira kirolarien lesioak?
Orkatilak lesionatzea oso arrunta da. Lesio larrienak pubisaren ingurukoak edota belauneko lotailu gurutzatuak izan ohi dira, batzuk aipatzearren. Senda daitezken gaitzak dira, baina epe luzera begira.

Zein izan da erronkarik handiena zuretzat lanbide honetan?
Dejan Todorovićena berezia izan da oso. Betidanik egin dut lan kirolariak tratatzen, baina kasu honetan tratamenduaren fase guztietan egon naiz: Adolfo Madrid izeneko prestatzaile fisikoak nire lana ikuskatzen duen arren, ni neu naiz prozesu osoaren arduraduna, eta oso aberasgarria da prozesu osoaren garapena eta lan gogorraren emaitzak ikusten ditudalako.

Osteopata, Udiarraga kaleko kontsultaren sarreran // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak