→Ugao

ARGAZKIAK | Fatxada zati handi bat erori da Ugaon; ez da zauriturik egon

Bizkaiko Suhiltzaileek abisu bat jaso dute eguerdian, Ugaoko Sabino Arana eta Goiri kaleko etxebizitza batetik fatxada zatiak erori direlako. Auto baten gainean erori dira, kalte handiak sortuz. Kaltetutako etxebizitzako auzotarrek pareko eraikineko auzotarren deiak jaso dituzte 13:00ak aldera: “Gure pareko eraikineko auzotarrek telefonoz deitu digute fatxada zatiak auto baten gainean jausi direla esanez”, azaldu dio GEURIAri ezbeharretik gertu zegoen auzotar batek.

Ezbeharra gertatu den momentuan etxean zeuden auzotarrek azaldu digute 13:00ak aldera burrunba izugarria entzun dutela. Leihotik irtetean Citroën Xsara Picaso bat guztiz kolpatuta ikusi dute tamaina handiko harriez inguratuta. Harriak espaloira heldu dira. Bertara Bizkaiko Suhiltzaileen eskala kamioi bat gerturatu da eta kalea guztiz itxi dute. Ondoren, eskailera zabaldu ostean, eraikineko teilatura iritsi dira suhiltzaile bi: “Antza, igogailuaren hormatik jausi dira fatxada zatiak. Zorionez ez da zauriturik egon”, azaldu du hirugarren solairuko auzotar gazte batek balkoitik suhiltzaileak lanetik ikusten zituen bitartean. GEURIAk zuzeneko emisioa egin du ezbeharraren tokitik.

Suhiltzaileek bidaia bi egin dituzte eraikineko teilatura eta bertatik kendu ahal izan dituzten horma zati guztiak kontainerren ondoan utzi dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak