→Ugao

Banketxeen gehiegikerien kontrako mobilizazioa antolatu dute Ugaoko hainbat elkartek zapatuan

Herriaren plaza, Ugaon // Geuria

Ugaoko Pentsionistak, Ibilgura elkarteak, Sarea Sound Systemek, Sarea Txikik, EPA Ugaok, UME/ACUk, Guraso Elkarteak, Ugaoko Gazteak, Markio Auzo Elkarteak, Kallerakk, Socorros Mutuos La Previsora Ugao, Gure Etxeak, Etorki Dantza Taldeak, Ugaoko Dorrea Xake Taldeak, Zirimiri Dantza elkarteak, Dorretxea Herriko Tabernak, Gure Esku Dagok, Sarek, Harile Kultur Elkarteak, UB5 Teatrok, Odol Emaileak, Udiarragako Amabirginako Kofradiak eta Ugaoko Txirrindulari elkarteak, “gure duintasunaren defentsan” lelopean bat egin dute irailaren 18an, zapatua, 18:30ean banketxeen gehiegikerien aurkako mobilizazioa egiteko Herriko plazan. Zapatuan bilduko diren herritarrak paseoa egingo dute herrian zehar eta mobilizazioa Herriaren plazan amaituko dute. Bertan, Ugaoko Irristaketa Artistikoko Klubeko eta Ugaoko Dorretxea Xake taldeko kideek komunikatua irakurriko dute.

“Uztaila eta abuztuan, jendea oporretan dauden egun horietan, herritarren sinadurak bildu genituen egoera honi urtenbideren bat emateko”, azaldu du Alex Valiente Olaizola Ugaoko Merkatarien elkarteko eta Ugaoko pentsionisten kideak. “1.000 sinadura baino gehiago bildu genituen”. Merkatarien elkarteko kideak gehitu du biharkoa ez dela topaketa politikoa izango, gizarte-gaia baizik: “Mobilizazioan herriko elkarteen %90ak parte hartuko du, euren pentsaera edozelangoa delarik”. Horrela mintzatu dira mobilizazioa antolatu duten eragileak: “Azken hilabete hauetan, Ugaoko eragile ezberdinak kezkaz begiratzen diogu gure banketxe eta administrazio publikoen zenbait jarrera salagarriei. Abusu hauek bereziki pentsionistek, autonomoek eta irabazi asmorik gabeko elkarteek pairatzen dituzte, baina edozeinek paira ditzake epe laburrean”.

Adineko herritarrak, Ugaon // Geuria

Horrela, lau dira salatu nahi dituzten egoerak: lehena, arrakala digitalarena: “teknologia berriak adinduei egokitu eta hurbildu behar zaizkie. Banketxe eta eraikin publikoetan aurrez-aurreko atentzio-tarteak handitu eta ordutegiakzabaldu behar dituzte”. Bestalde, eragileen arabera, “merkatari eta autonomien eguneroko kudeaketa erraztu beharrekoa da, arreta presentzialeko zerbitzuak handituz”. Hirugarren egoerak irabazi asmorik gabeko merkatariei egiten die erreferentzia, “kontu korronteen mantenu kosteak ezabatu beharrekoak dira, transferentzia eta ordainagirien kosteak txikituz”. Azken egoera administrazio publikoen zerbitzuetan aurrez-aurreko arreta indartzeari egiten dio erreferentzia, “prozesu horretan inplikatuz”.

Mobilizazioan parte hartuko duten eragileek egoera horren aurrean geldi geratuko ez direla diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak