→Ugao

[BIDEOA] Ordubetean agortu dira Ugaon Gorka Urbizuren hitzaldi musikatua ikusteko 120 sarrerak

Gorka Urbizuk hitzaldi musikatua eskainiko du larunbat honetan Ugaon. Bi saio izango dira: 13:00etan eta 18:00etan, biak Jane Jauregian. Gaur arratsaldean jarri dituzte sarrerak salgai eta, espero bezala, ahal bezain pronto bukatu dira. 16:30ean Jane Jauregian bertan hasi dira sarrerak saltzen antolatzaileak, mahaitxo batean. Sarrera bakoitzak, 5 euro.

Larunbateko emanaldi bakoitzean 60 pertsona egongo dira; guztira, bietan 120. Jane Jauregira gerturatu ziren herritar gehienak Ugao bertakoak, Arrigorriagakoak eta Arrankudiagakoak izan ziren, baita gertu diren Laudio, Amurrio eta Basaurikoak ere. Hala ere, Sopela, Zornotza, Barakaldo, Durango edo Gasteiztik ere etorri ziren sarrerak erostera.

‘Ganbarako kontzertuak’ zikloan Gorka Urbizuren emanaldirako sarrera salmenta / Sarea Sound System

Akustikoan zenbait abesti jotzeaz gain, Gorka Urbizuk hitza hartuko du: Berri Txarraken ibilbidearen errepaso arina egingo du, bere letreei ere tartea eskainiko die; egungo kulturaren, diskogintzaren eta musikaren egoeraz arituko da, eta profesionala vs amateurra dikotomiari helduko dio.

‘Ganbarako kontzertuak’ izeneko emanaldi sorta martxoan Olatz Salvadorrek, apirilean Jon Basagurenek (Izaki Gardenak) eta orain maiatzean Gorka Urbizuk (Berri Txarrak) osatu dute. Ekainean, ikasturteari amaiera emateko, Sarea Fest musika jaialdia antolatuko dutela aurreratu du Sarea Sound System musika elkarteak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak