→Ugao

Don Florencio Gómez irakaslearen eskola sekretuenaren Scape Rooma

Don Florencioren klase bat / Manuel Solaguren

Urriaren 3an eta 4an, Ondarearen Europako Jardunaldien programa barruan, Ugaoko Sekretua izeneko scape rooma antolatu zen Jane Jauregiko Historia Ezagutzeko Zentroa (HEZn) eta inguruetan. Asteburu berezi samarrean antolatu zen ekitaldia eta eguraldi ezegonkorra nagusitu zen ostiraletik igandera: “Hala ere, ostarteak izan genituen Ugaon eta Ugaoko sekretua aurrera eramatea posible izan zen”, azaldu du Ana Guinea teknikariak, Jane Jauregitik.

Don Florencio ikasleekin, 1950/51 ikasturtean / Manu Solaguren

Ondarearen Europako Jardunaldien programak 20 urte bete ditu eta aurtengo gaia hezkuntza dugu (lehen hezkuntzako eskola zaharrek, institutuek, unibertsitateek, arte eta ofizio-eskolek, patioek, joko-plazek, maisu-maistren etxebizitzek, maistrek, liburuek, kartillek, mapek, argazkiek, eskulanek, jakintza tradizionalek, pertsonaia nabarmenek… oro har, gaur egun garena markatu duten eremu formal edo ez-formaleko hezkuntza-esperientzia guztiek hartuko dute protagonismoa). Ugaoren kasuan, iraganean benetan existitu zen eskola nazionaleko Don Florencio Gómez irakasle estimatu eta iraultzailearen istorioa kontatu zen, scape room formatuan: 20. hamarkadan, klaseak ematen zebilen Don Florencio eta ate bat zeharkatu ostean 100 urteko saltoa egin zuen etorkizunera. Scape room berezi honetako helburu nagusia Don Florencio bere garaira bueltan eramatea izan zen.

Horretarako, zortzi laguneko taldeek hainbat proba fisiko zein logiko egin behar izan zituzten Jane Jauregiko HZEn eta inguruetan: leku enblematikoen inguruko informazioa jaso zuten hainbat liburu zahar kontsultatuz eta zenbait joko eta enigmari irtenbidea eman zieten, besteak beste.

UB5 Teatroko Ernesto Fernández aktorea / Jane Jauregia

Maisua berpiztuz

UB5 Teatroko Ernesto Fernández ugaotarrak scape roomaren gidoia sortzeaz gainera bizitza eman zion Don Florenciori: “Istorioa zein pertsonaia eraikitzeko goitik beherea dokumentatu gara antzinako artikuluak irakurriz, garaiko argazkiak ikusiz eta Ugaoko jendea elkarrizketatuz”, azaldu du aktoreak. Ez da UB5 teatroko aktoreei deitzen dieten lehen aldia Ondarearen Europako Jardunaldietan lan egiteko: “Aurreko zenbait ediziotan ere antzezlanak egiten egon gara, baina oraingo honetan lan sinpleagoa egiteko deitu gaituzte, eta taldean baino, bakarka. Covid-19a dela eta taldeak txikiak dira eta lana formatu horretara doitu dugu”.

Scape roomaren antolaketan Ortzadarreko Leire López Lecuona aritu da: “Scape roomaren helburua Ugaoko ondarea jendeari ezagutaraztea da”, azaldu du. López, Ana Guinearekin batera, urriko ekitaldiaren nondik norakoak prestatzen ibili da eta irailean bertan, scape roomaren berri eman zenean lehen erreserbak egiten hasi zirela ziurtatu dute. “Scape rooma maiatzean egitekoa zen, baina jakina denez, konfinamenduan murgilduta geunden eta ekitaldia atzeratu behar izan genuen”, azaldu du Guineak. “Hala ere, talde batzuek izena emanda zuten irailetik”.
Horregatik, dataz gainera ekitaldiaren formatua Koronabirusak eragindako errealitatera moldatu behar izan zuten, formatu konbentzionaletik ihes egiten duen scape room berri bat eraikiz: “Scape rooma ezin izan dugu leku itxi batean antolatu eta bestelako aukerak ikertu ostean, Jane Jauregian eta inguruetan prestatzea erabaki genuen, zortzi lagunez osatutako lau taldetan egunero”, azaldu du Lópezek.
Bospasei lagunez osatutako taldeek, hainbat proba gainditu ostean, Ugaoko sekretua ezagutu zuten: interpretazio-zentroko museoa bera. Bertan, hiribilduaren inguruko informazio guztia jasotzen da eta horixe bera da jarduera honek bilatzen duen helburua: Ugaoko ondarea ezagutaraztea. Don Florencioren kasuan, maisu hau oso entzutetsua da herrian, eta beraz gain, familia osoa Ugaon bizi da.
“Umeek ezinhobe pasatu dute antolatu ditugun txandetan eta Scape Roomeko proba guztiak gainditzeko gai izan dira”, azaldu du Guineak. Ana eguerdiko euskara hutsezko taldeekin izan zen eta umeek zein gurasoek benetan disfrutatu zuten ekitaldia izan zela adierazi du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak