→Ugao

Oskar Sanabria: “Duela 30 urte xake partida batek egun bat iraun zezakeen, erraz”

Oskar eta Josu, Ugaoko lokalean // Geuria

Zaletasun bezala hasi ziren xake partidak Oskar Sanabriarentzat, Laudion bizi zen garaian. Ugaora bizitzera etorri ostean Ugaoko Dorrea Xake Kluba sortzea erabaki zuen Josu Rebollorekin eta hain eztabaidatua den kirol hau hedatu dute Ugaoko tabernetan eta baita herriko jaietan ere. Koronabirusak Bizkaiko Taldeen Txapelketa bertan behera utzi zuen partida baten faltan eta gezurra badirudi ere, Koronabirusaren garaian telematikoki jokatzea ez da uste bezain erraza jokalari profesionalentzat.

Zelako urtea izan da xakearentzat Ugaoko Dorreako kide moduan?
Oskar Sanabria: xake jokalari bezala urte ona, Bizkaiko Taldeen Txapelketan lehen mailara igo garelako, birtualki bada ere. Hala ere urte arraroa izaten ari da xake txapelketa partida baten faltan bertan behera lotu zelako martxoan. Azaroan antolatzaileek jakinarazi zuten txapelketa ez zela bukatuko.

Baina koronabirusa egon arren ezin daiteke xakera telematikoki jokatu?
O.S.: Gaur egun Deep Blue bezalako xake motorrak existitzen dira (softwarea) eta tranpak egin daitezke. Jokalari batek bere partida motor batean gordetzen du eta programa berak mugimendu onenak erkusten ditu.
Josu Rebollo: Munduko jokalari onenek interneten bidezko partidak jokatzen dituzte, baina iruzurrak egitea ekiditeko kamera mordoen bidez grabatzen dituzte mugimendu guztiak. Horrela argi ikusten da jokalariek ez dutela inolako laguntzarik jasotzen. Guk, tamalez ez daukagu era horretako teknologiarik eskura.

Entrenamendu saioak, jolas saioak… nola esaten diezue prestaketa saioei?
O.S.: Entrenamenduak esaten diegu guk. Lokalera gatozen bakoitzean Pintxetak edo Blitzak jokatzen ditugu, bost minutuko partida azkarrak. Helburu nagusia guztion artean jokatzea da.

Elkarte bezala, bestelako jarduerarik antolatzen duzue?
O.S.: Ahal denean masterclassak antolatzen ditugu. Behin baino gehiagotan Laudioko Xake Taldeko Erlantz Miguélez presidentea eta Arabako txapelduna etorri zaigu gurera.
J.R.: Urtero inguruko herrietako taldeetako jokalari batzuekin (Arrigorriaga, Laudio…) umeei zuzendutako ikastaroak antolatzen saiatzen gara. Lehen urtean 11 umek izena eman zuten, baina bik soilik bukatu zituzten.

Zergatik baina?
J.R.: Umeak jokatzen ikastera datozenean jolasteko mentalitatearekin hurbiltzen dira, eta klaseetan jokatzen irakasten dugu: xake taula, figurak, egiturak, jokaldiak… eta azkenean aspertu egiten dira. Azken saioa duela urte bi izan zen.

Zaila izan behar du xakea bezalako kirol estrategikoa umeengana gerturatzeak.
O.S.: Isiltasuna, kontzentrazioa, erabakitzeko gaitasuna… beharrezkoak dira xakean. Agian horixe barneratzea da umeei kostatzen zaiena.

Nola hasi zineten jokatzen?
O.S.: Osabak irakatsi zidan. Bestalde, gaztetan Laudioko kuadrillakoek xake taldean jokatzen zuten eta noizbehinka elkarrekin jokatzen genuen, tabernan geunden bitartean. Denborak aurrera egin zuen eta azkenean benetan jokatzera bultzatu ninduten eta Laudioko taldean izena ematea erabaki nuen. Ugaora bizitzera etorri nintzenean talde bat sortu genuen Josu eta bertako jendearekin.

Xakea zer esan asko eman duen kirola izan da beti.
O.S.: Eztabaida hori ez da sekula bukatuko. Duela urte batzuk xakea kirol jardueratik ateratzen saiatu ziren, kultur jarduera bezala sailkatzeko. Bilbon manifestazioa eta guzti egin zen, eta azkenean kirol jarduera bezala mantendu badute ere, xakea zer esan handia eman duen jarduera izan da beti.

Xake mugimendua // Geuria

Zer dela eta iskanbila hau?
J.R.: Badago kirol-zientzia bezala sailkatzen duenik. Gakoa da praktikatzen duzun jarduera hori kirol jarduera bezala sailkatuta badago, diru-laguntza gehiago daudela eta beraz, aukera gehiago dagoela aurrera egiteko.

Uste duzue xakeak behar besteko errekonozimendua duela?
O.S.: Gehiago eduki beharko luke. Egunkarietan ez da gauza asko argitaratzen xakeari buruz: Bizkaiko Taldekako Txapelketari buruz behin bakarik entzun nuen ezer irratian, eta emaitzak baino ez zituzten eman.
J.R.: Bilbon antolatzen zuten Final Masters txapelketa oso garrantzitsua zen mundu mailan, xakeko txapelketa garrantzitsuenetarikoa da, eta hori erretransmititu ere egin zen.
Baina kirol zaila izan behar du erretransmisiorako.
J.R.: Interneten Pepe Cuenca esataria dago eta bikain egiten du lan.
O.S.: Final Mastersetan Leontxo García kazetaria egon zen, mundu mailako xakean espezializatutako kazetari garrantzitsuenetarikoa. Bilboko Plaza Berrian xake jokalariek kubo-aretoetan jokatzen duten bitartean, Leontxo Santi González de la Torrerekin egoten zen erretransmisioak egiten.

Nolakoa da Ugaoko Udalaren inplikazioa zuen elkartearekiko?
O.S.: Bidea erraztu egin digute eta urtero diru-laguntza jasotzen dugu gure jardueretarako. Diru-laguntza hori, besteak beste, federazioaren fitxak ordaintzeko erabiltzen dugu. Ugaoko jaietan txapelketak egin ohi izan ditugu eta Santi González de la Torre Euskal Herriko txapeldun ohia ekarri genuen herrira eta hainbat partida jokatu zituen herritarrekin aldi berean.
J.R.: Horrelakorik berriro egiten saiatuko gara, egoerak onera egin bezain pronto
O.S.: Patxi tabernan ere txapelketa antolatu genuen eta 14 talde izan ziren bertan. Egoera normaltasunera bueltatzen denean era horretako ekimenak egiten jarraitzea espero dugu herrian zehar.

Bilduma berezi bateko xake-piezak // Geuria

Zenbat zarete taldean?
O.S.: 17 lagunek osatzen dugu taldea, eta horietako 10 federatu gara aurten. Hala ere, badaude bertako diren baina lehiatzen ez duten jokalariak ere.

Eta emakumeak?
O.S.: Ikastaroak antolatu ditugunean neska oso gazteak izan ditugu, baina elkartean ez dago emakume heldurik. Bizkaian 1000 federatu inguru daude, eta horietako 30 inguru emakumeak dira. Nire ustez, emakumeak pragmatikoagoak dira orokorrean, eta xakea jolas edo denbora galtze bezala ikusten dute.

Xakearekin antzekotasunik edota harremanik duen jokorik badago?
J.R.: Pokerra, adibidez. Xakean ondo jokatzen duten jokalariek erraztasun handia dute pokerrean. Matematika zehazki aplikatzen da bertan eta mugimenduak oso ondo pentsatu behar ditu jokalariak. Aleksandr Grischuk errusiarra horren adibidea da, xakean txapelduna, eta dirutza egiten du pokerrean jokatzen. Xakean gutxi jokatzen du azken bolada honetan.

Josu eta Oskar, Pintxeta bat jokatzen // Geuria

Sedentarismoan jausteko arriskua ekar diezaioke jokalariari?
J.R.: Nik kirolarekin konbinatzen dut. Norberaren erabakia da. Magnus Carlsen bezalako jokalari profesionalek, adimena eta gorputza, biak prestatzen dituzte: Mens sana in corpore sano. Osasuntsuagoa egonik, hobeto jasan daiteke xakeak sor dezakeen tentsioa. Bobby Fischer joko olinpikoetara joango balitz bezala prestatu zen fisikoki.

Partidaren iraupena baino, mugimendu luzeak edo azkarrak daude xakean
O.S.: Partidaren erritmoak aldaketak jasan ditu urteak aurrera joan ahala. Duela 30 urte xake partida batek egun bat baino gehiago iraun zezakeen. Luzapen partidak egiten ziren, jokalariak egingo zuen jokaldia gutun batean idatziz eta hurrengo egunean jarraituz. Partida horiek luzeegiak ziren eta hortik aurrera, 40 mugimenduak egiteko ordu bi zeuzkan jokalari bakoitzak. 41. mugimendua egiterakoan, ordubeteko luzapena zeukan partidak. Aldaketa honek sei orduko partidak sor zitzakeen, eta jokatzeko modu hura berriro murriztu zuten. Gaur egun partidak ordu erdikoak dira eta mugimendu bakoitzeko 30 segundo ematen dizkio epaileak jokalariari.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak