→Ugao

El Jaroko aparkalekua hobetzeko balioko duen lursail bat lagako dio Foru Aldundiak Ugaori

Ugaoko Udalak eta Foru Aldundiak akordioa sinatu dute El Jaro kiroldegiko aparkalekua hobetuko duen lursaila lagatzeko.

Gaur egungo aparkalekua eta El Jaro kiroldegia // Geuria

Ugaoko Udalak eta Foru Aldundiak akordioa sinatu dute El Jaro kiroldegiko aparkalekua hobetuko duen lursaila lagatzeko. Ekaitz Mentxaka Ugaoko Alkatea Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuarekin batu zen pasa den martxoaren 5ean, Bilbon, iazko abenduaren 22ko Ezohiko bilkuran partzela horren bereizketa eta Aldundiak Ugaoko Udalari egiten dion lagapena onartu ostean.

Jose Maria Iruarrizaga eta Ekaitz Mentxaka // Ugaoko Udala

Lursail honen bidez 15 aparkaleku gehiago egongo dira eta errepideak errei bikoitza izango du, biribilgune txiki batekin, eta konexioa izango du Bi-3524 errepidera. Udalak iragarri du aparkalekuaren handitzearen lanak udan hasiko dituztela eta obra lizitatzeko 75.789 euroko aurrekontua dago: “Lanak udan hastea aurreikusten dugu, ahalik eta eragin txikiena izan dezaten kiroldegiaren ohiko jardueran”, azaldu zuen Mentxakak. Aparkalekuaren handitzea herritar askoren eskakizun nagusia izan da.

Lur zatia El Jaroko aparkalekua handitzeko izango da, eta helburu hori eskritura publikoa egilesten denetik gehienez bost urteko epean bete beharko da, definitutako erabilera 30 urtekoa izanik. Gobernu taldearen arabera, partzela lagatzea lehentasuna izan da “El Jaro kiroldegiaren inguruko instalazioak nabarmen hobetuko dituelako”

Gaur egungo errai bakarreko aparkalekua // Geuria

 

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak