→Ugao

El Jaro eta Arandia kirolguneek berrikuntzekin hasi dute urte berria

El Jaro kiroldegia // Geuria

Pasa den 2020ko abenduaren 22an Osoko Bilkura egin zuten Ugaon eta 2021eko aurrekontuen onartzearekin batera, El Jaro eta Arandia kirolguneetan berrikuntzak egingo zituztela iragarri zuen Arkaitz Mentxaka alkateak.

Gogoratu beharrekoa da 2021eko aurrekontuen arabera 18.700 euro bideratuko direla Arandiako igerilekuetan ur beroa jartzeko eta beste 16.280 euro bideratuko direla kirol instalazioak konpontzeko. Horrez gain, iazko azken osoko bilkuran iragarri zen 75.789,39 euro inbertituko zirela kiroldegiko aparkalekua handitzeko eta bertako irisgarritasuna hobetzeko.

Kirol zerbitzu berria urtarrilaren 2an jarri zen martxan: jendearentzako arreta zerbitzua, sarbideen kontrola, instalazio eta ekipo guztien zaintza, kontrol eta segurtasun zerbitzua, kirol-instalazioen kudeaketa administratiboa, instalazioen garbiketa-zerbitzua, uren arazketa, kirol-instalazioen mantentzea eta kontserbazioa… etab. Zerbitzu gehienak martxan jarri dira, Arandiako taberna-kafetegiarena barne, baina Udaletik iragarri dute El Jaroko gimnasioa itxita mantenduko dela urtarrilaren 24ra arte, hasiera batean.

El Jaroko barne pista // Ugaoko Udala

“Udalak, modu estrategikoan, kirol zerbitzu eta instalazio eskuragarriak eta kalitatezkoak adin guztietako ugaotarren eskura jartzearen alde egiten du, langile kualifikatuekin, eta orain arte instalazio horietan eskaini den zerbitzua hobetuz”, izan dira Ekaitz Mentxaka alkatearen hitzak.

Urte berriko hobekuntzak

2021a berrikuntzez beteta heldu da Ugaoko kirol instalazioetara. Udalaren arabera berrikuntza nabarmenak aldagela, komun eta konketen garbiketan egin dira eta desinfekzio lanak gogortu dituzte, “gutxienez egunean bitan, goizez eta arratsaldez”.

Kirol jardueren inguruan, Udalak azaldu du monitore batek zuzendutako gutxienezko 32 jarduera programatu dituztela eta El Jaroko kirol zerbitzuetan zehazki ekipamendu berriak jarri dituztela: gimnasio eta jarduera aerobikoetarako korrika zintak, bizikleta eliptikoak, bizikletak, arraun-makinak eta step makinak erosi dituzte, eta muskulaziorako makina bereziak, ergolinak, bankuak, diskoak, prentsak, multipowerrak, kaiolak, mankuernak, barrak, heltzeko pintzak… Horiez gain, TRX eta pilates aretoetarako  fitballak, bossuak, esterillak, erruloak, egurrezko makilak eta stepak erosi dira. Arandian ohol, txurro eta mahuka berriak jarriko dituzte, sauna zderbitzuaz gainera.

El Jaro kiroldegiko plaka // Geuria

 

Ugaok 4,69 milioi euroko “gizarte-aurrekontuak” izango ditu 2021ean

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak