Apirilaren 8tik 16ra bitartean burutu dute Atlasko Rally Klasikoen proiektu solidarioa, Marokon, Eneko Beaskoetxea eta Asier Olabarria herritarrek
Kirol ekimena, kulturala eta solidarioa da Atlasko Rally Klasikoak proiektua. Helburu nagusia da laguntza humanitarioa, arropa eta oinetakoak, botikak, eskolako materiala eta kirol ekipamentuak Marokoko leku behartsuenetara bidaltzea. Besteak beste, marokoar Atlaseko herri eta herrixketara eta basamortu-eremuetara.
Partaideek zazpi etapa ezberdinez osatutako ibilbidea egin behar dute, 20 urtetik gorako ibilgailu klasikoekin. Ekimena apirilaren 8tik 16ra bitartean ospatu da eta bertan parte hartu dute Eneko Beaskoetxea (Ugao, 1978) eta Asier Olabarria (Ugao, 1977) ugaotarrek. Lada Niva 1.6 ibilgailuarekin egin dute ibilbidea, 1990. urteko uztailean matrikulatuta dagoena.
MATERIAL BILKETA HERRIAN
Marokora bidaia egin aurretik material bilketa egin dute Beaskoetxeak eta Olabarriak Ugaon. Hala nola, eskolako materiala, arropak eta jostailuak jaso dituzte bertako umeei dohaintzan emateko.
