→Ugao

Galdetegi bat prestatu du Ugaok aisialdiko ikastaroen eskaintza hobetzeko

Yoga egiteko pilotak, El Jaro kiroldegian // Geuria

Ugaoko Udalak, Kultura sailaren bidez paperezko edo plataforma digitaleko inkesta bat diseinatu du herritarrek aisialdiko ikastaro eta tailerren inguruan dituzten iritziak eta iradokizunak ezagutu eta 2021eko ikasturtean hobetu ahal izateko: “Parte-hartze maila altua izatea espero dugu, lortutako informazioarekin ikastaro eta tailerren programazio erakargarria osatzeko, helarazi ahal dizkiguten beharretara egokitutako eskaintza prestatzeko alegia”, adierazi du Ekaitz Mentxaka alkateak.

Inkesta 19 eta 50 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago eta Udalak azaldu du ikastaroen tipologiarekin, iraupenarekin eta ordutegiekin zerikusia duten galderak jasotzen dituela. Gainera, ikastaro berriak proposatzeko aukera ematen die parte-hartzaileei.

Nola parte hartu?

Interneten bidez egin nahi dutenek Google Docseko esteka honetan klik egin eta webgunean agertzen diren pausuak jarraitu behar dira, formulario osoa betez.

Idatzizko inprimakia eskuratu nahi dutenek, ostera, Jane Jauregira edo Gazteinfo bulegora jo beharko dute, bertan kokatutako ontzietan utzi dituztelako inkestak. Hala ere, galdetegia Udaleko webgunetik deskargatu daiteke, ondoren eskuz bete ahal izateko.

Inkestak betetzeko epea apirilaren 19tik maiatzaren 3rakoa izango da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak