Sareak

☉ Ugao

Joseba Arrieta: “Hizkuntza ohiturak aldatzea zaila da, baina Ugaon ahalegina egiten badugu lortuko dugu”

Ugaok izena eman du aurtengo Euskaraldian parte hartzeko. Joseba Arrieta herri batzordeko kidea da eta berarekin hitz egin dugu herriko euskararen egoeraz

|

Joseba Arrieta Ugaoko Euskaraldia Batzordeko kidea da / Geuria

Ugaoko Euskaraldia batzordeko kidea da Joseba Arrieta. Orain dela bi urte eratu zuten taldea eta ordutik lanean jarraitu dute euskara kalera ateratzeko asmoz. 2018ko Euskaraldian berrehundik gora ugaotarrek eman zuten izena, eta batez ere Ahobizi rola hautatu zuen gehiengoak (155etik gora), Belarripresten aurretik (50 inguru). Aurtengo ariketan partaideen kopurua handitzeaz gain, euskararen erabilera denboran iraunkor mantentzea bilatuko dute.

Bigarren Euskaraldiaren atarian gaude, eta Ugaok ere parte hartuko du.
Bai. Udalerri bezala izena eman du Ugaok eta Euskaraldiako herri batzordea martxan dago jada. Taldea bera duela bi urte eratu genuen. Orduan talde txikitxoa ginen. Jendeak ez zeukan horren argi Euskaraldia zer zen. Horregatik, lan handia egin genuen, kalerik kale, herritarrekin hitz egiten. Orduko dinamika, hori izan zen: herritarrei ahoz aho Euskaraldia zer zen azaltzea. Orain badirudi herritarrek badakitela zer den Euskaraldia eta gogoz hartuko dugu.

Zelan lan egiten du herri batzordeak?
Jon Bollar dinamizatzaile lanetan dabil Ugaon eta batzarrak deitzen ditu herri batzordea elkartzeko eta denon artean ekintzak antolatzeko. Aurtengo Euskaraldia antolatzen hasi ginen Covid-19aren pandemia piztu aurretik, eta itxialdiarekin gure lana eten beharrean ikusi genuen gure burua. Telematikoki batzar batzuk antolatu zituzten, baina nik ez nuen parte hartu ez bainaiz oso aditua teknologia kontuetan.

Uda ondoren, irailean berriro ekingo diozue lanari.
Bai. Ahobiziak eta Belarriprestak erakartzeaz gain, Ariguneak lortuko ditugu. Hiruzpalau entitatek gogoa erakutsi zuten Euskaraldian parte hartzeko, hala nola, kirol taldeek eta zenbait komertziok. Horiei heltzeaz gain, saiatuko gara beste entitate batzuetara jotzen Arigune bezala izena eman dezaten. Helburua da ahalik eta entitate gehien lortzea.

Entitate batzuetan gehiago eta sakonago eragiteko asmoa duzue?
Batez ere futbol taldeetara jo nahi dugu. Talde pilo bat daude, txikietatik nagusienetara, eta nire ustez, ez da behar beste euskara entzuten. Esango nuke txiki-txikienek euskaraz egiten dutela, baina nagusienen taldeetan dago arazoa. Errealitatea da ume eta gazte gehien-gehienek euskaraz badakitela, baina ez dute kalean erabiltzen. Dantza taldera edo ikastolara ere joko dugu.

Ugao herri txikia da eta euskaldunak nortzuk zareten badakizue.
Bai. Gutxi gorabehera kontrolatuta dugu zeinek dakien euskaraz eta zeinek ez. Ulertu ia denek egiten dugu, baina erabilera beste kontu bat da. Orduan, hor eman behar dugu pausoa. Nik uste jendeak parte hartzeko gogoa baduela, baita hizkuntza ohiturak aldatzekoa ere.

Aurreko Euskaraldian berrehun ugaotarrek baino gehiagok eman zuren izena.
Hala da. 2018ko emaitzekin nahiko pozik geratu ginen. Ea aurten izen-emateen kopurua handitzen dugun. Bizi dugun osasun-egoera honekin zalantzan nago, baina espero dugu partaidetza handitzea. Ugaon gehiago izan gaitezke.

Gehiago izatearekin batera, helburu nagusia denboran iraunkor izatea bilatuko duzue?
Noski. Hori da garrantzitsuena: euskararen erabilera iraunkorra izatea eta denboran mantentzea. Badakit hizkuntza ohiturak aldatzea zaila dela, baina ahalegina egiten badugu lortu daiteke.

Ekintza berezirik antolatuko duzue herrian Euskaraldia hasi aurretik?
Osasun-krisiarekin zer gertatuko den ez dakigunez, momentuz ez dugu ekintza berezirik antolatu. Duela bi urte Ahobizi eta Belarriprest panpinak kalera atera genituen, baina aurten ez dakit zer egingo dugun, edo behintzat zerbait egin dezakegun.

2018ko Euskaraldian bizi zenuen esperientzia zelan definituko zenuke?
Oso esperientzia polita izan zen. Euskaldunak garenontzat ez zen inolako aldaketarik izan, gu beti aritzen baikara euskaraz. Baina herritarrak txapekin ikusteak ilusioz bete ninduen. Kalean behintzat entzuten zen jendea euskaraz egiten. Ematen du hamaika eguneko kontua besterik ez zela izan, eta ondoren jendea bere ohiko hizkuntzara pasa zela. Aurten Euskaraldiak lau egun gehiago izango ditu, beraz, ea lortzen dugun 15 egunez euskaraz bizitzea.

Ugaoko gazteek euskararekin duten harremanaz galdetuko banizu.
Esango nuke gazteek orokorrean ez dutela euskaraz egiten. Ikastolan ume guztiek hitz egiten dute euskaraz, baina irteten direnean gaztelaniara egiten dute salto eta euren arteko harremanak, noski, gaztelaniaz dira. Egoera horretan familia artean saiatu behar dira txikitxuenei euskaraz egiten, nahiz eta maila oso ona ez izan, praktikatu. Akatsak egon daitezke, baina ahalegina egiten duzu.

Konfinamenduan gainera, umeak etxean egon dira eta tarte horretan batzuek euskararekin zuten harremana etenda geratu zen.
Bai. Ume askok euskararekin duten harreman bakarra ikastetxean ematen da, eta konfinamenduan, ikastolako lanak albo batera utzita, galdu egin dute. Guraso askok ez dakite euskaraz eta gaztelania izan da ume batzuen hizkuntza nagusia.

Zelan animatuko zenituzke herritarrak Euskaraldian parte hartzera?
Egoera dagoen bezala ikusita, ez dakit jendeak pausoa emango ote duen Euskaraldian izena emateko. Espero horrela ez izatea eta jendea animatzea, noski. Gaur egun ezin gara talde handietan elkartu, baina talde txikietan batzeak bere alde onak ditu euskarari bultzada emateko. Adibidez, lasaiago hitz egingo duzu euskaraz. Beraz, animatu daitezela parte hartzera. Ariketa oso interesgarria da eta herria aberasgarriagoa izatea laguntzen du.

☉ Ugao

Ugaoko Aste Berdeak Leitzako Peru-Harri museora eramango ditu herritarrak maiatzean

Nafarroako museora antolatutako ekoirteera doakoa izango da eta izena emateko azken eguna maiatzaren 10a izango da, Ugaoko Jane jauregian

|

Peru-Harri parke eskultorikoa // Turismo Vasco

Maiatzaren 6tik 12ra Aste Berdea ospatuko dute Ugaon eta doako jarduera ugari prestatu ditu Historia Ezagutzeko Zentroak Ugaoko Udalaren Ingurumen sailaren babesarekin.

Asteko jarduera nagusia maiatzaren 11n Leitzako (Nafarroa) Peru-Harri museora antolatu duten ekoirteera da (Perurena museoa). Iñaki Perurena harri-jasotzaileak diseinatutako parke eskultorikoa da Peru-Harri, herri kirolaren historia eta Iñaki eta haren seme Iñaxioren Kirol markak ezagutzeko. Goiko aldean, harri-jasotzailearen irudia gailentzen da. Beherago, Pedro I.aren omenez egindako irudia ikus dezakete bisitariek.

Gainera, zurtarri bat, forma megalitiko desberdinak, beso erraldoi bat edo trikuharri antzeko bat ere ikusteko aukera dago. Parke eskultorikoan Gorritenea izeneko baserri familiarraren bisita egin dezakete bisitariek: etxearen hiru solairuetan herri kirolaren historia ezagutzeko aukera dago.

Herritar guztiei zuzendutako egun osoko irteera hau doakoa izango da baina udal ordezkariek azaldu dute izena ematea beharrezkoa dela, edukiera mugatua izango delako. Horretarako, Jane jauregira jo beharko dute interesdunek maiatzaren 10a baino lehen edo 946 480 704 telefono zenbakira deitu. Autobusa 09:30ean irtengo da Ugaotik Leitzarantz.

Maiatzaren 6tik 12ra Ekotailerrak antolatu dituzte ume eta gazteentzako zerbitzuetan, eta hilaren 9an, material birziklatuekin egindako jolasak prestatu dituzte bost urtetik gorako haurrentzat 18:00etan, Herriaren enparantzan.

Ingurumen hezitzaile bik Ugao bisitatuko dute herriaren birziklapen ohiturak ikertzeko

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ingurumen hezitzaile bik Ugao bisitatuko dute herriaren birziklapen ohiturak ikertzeko

Arrigorriaga, Zaratamo eta Zeberiotik igaro ostean, ingurumen-hezitzaileek apirilaren 29tik maiatzaren 8ra bitartean bisitatuko dute Ugao

|

Udalekoko kamioi bat, hondakinak biltzen // Geuria

Arrigorriaga, Zaratamo eta Zeberiotik igaro ostean, Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak martxan jarritako eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako ingurumen hezkuntza kanpainako hezitzaile bi Ugaora iritsiko dira herrian birziklatzeko dagoen ohitura aztertzeko eta sentsibilizatzeko. Ingurumen-hezitzaileen bisitak apirilaren 29tik maiatzaren 8ra izango dira.

Birziklapena oinarri nagusia izango da eta beste gai batzuk ere landuko dituzte horren inguruan: hala nola zer frakzio birziklatzen duten eta zein ez, birziklatzeko zer zailtasun dituzten edo zer deritzoten hondakinak biltzeko zerbitzuei buruz…

Momentu honetan kanpaina prozesuaren erdian dagoela azaldu dute Ugaoko udal ordezkariek eta Arakaldo, Zaratamo, Zeberio, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga eta Urduñako 668 pertsona informatu direla azaldu dute: “Horietako 516 laguni inkesta egin diete”.

Hondakin ezberdinak bereizten dituen Nerbioi-Ibaizabaleko edukiontzia, Zaratamon // Geuria

Horia eta marroia

Inkestatuen artean, Ugaoko udal ordezkariek adierazi bezala, zalantza gehienak edukiontzi horiak sortzen ditu: “Galdetutako pertsonen zalantza ohikoenen artean, ontzi arinen frakzioarekin lotutakoak nabarmentzen dira. Edukiontzi horretan plastikozko ontziak, brikak eta latak utzi daitezke”, eta egoera argitzearren, edukiontzi horietan plastikozko zein metalezko ontziak eta bestelako ontziak sar daitezkela argitu dute: tetrabrikak, porexpanezko erretiluak, aluminio-papera, film gardena…

“Aldiz, ezin dira honako hauek utzi: Pertxak, plastikozko ostailuak, sukaldeko tresnak, biberoiak eta txupeteak, kafetegietako paperezko edalontziak, harategi eta arrandegietan erabilitako paper plastifikatua, tuperrak, aluminiozko kafe-kapsulak, plastikozko loreontziak, CD eta DVD kaxak, boligrafoak, zorrozkailuak, metxeroak…”.

Beste zalantza batzuk edukiontzi berdearen ingurukoak dira, eta galdera ohikoenak botilen kortxoak zein edukiontzira bota behar diren izaten da: “Hondakin organikoa da, eta edukiontzi marroira bota behar da”, izan dira udal ordezkarien berbak.

Ugao bisitatuko duten ingurumen-hezitzaileek hondakin desegokien maila erregistratuko dute ere. Honek esan nahi du edukiontzietan oker utzitako hondakin kopurua zein edukioentzien beraien erabilera txarra aztertuko dutela. Ugaoko udal ordezkariek adierazi bezala, erabiltzaileek gorabehera bi izan ohi dituzte erabiltzaileek birziklatzeko orduan: “Alde batetik frakzio organikoko hondakinak plastikozko poltsetan uztea, poltsa konpostagarrietan utzi ordez, edota poltsarik gabe uztea. Beste alde batetik, paperezko edo kartoizko hondakinak
plastikozko poltsetan uztea, edukiontzi horretan ez baita utzi behar papera edo kartoia ez den beste osagairik”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

#A21 / Emaitzak / Ugao / EAJrentzat garaipena, eta EH Bildurentzat igoera handiena

#A21 / Ugao / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bi orduko lanuztea eta manifestazioa egingo dute gaur Ugaon Envaseseko langileen alde

Herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute gaurko Ugaon, atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez

|

Martxoaren 16an egin zuten lehen manifestazioa Ugaon / Utzitakoa

Joan den apirilaren 8an aste biko grebari hasiera eman zioten Ugaoko Envases Universales multinazionaleko langileek, Aldi Baterako Lan Espedientearen kontsulta-aldia enpresa batzordearekin akordiorik lortu gabe amaitu ostean.

Gaur, eta atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez, herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute. LAB sindikatutik azaldu dutenaren arabera, “langileak zaurgarritasun-egoera larrian daude inolako eskrupulurik ez duen multinazional baten aurrean, aberastasun gehiago metatzeko irrika nola ase besterik ez duena buruan, aberastasun hori beren ahaleginaren bidez sortzen ari diren pertsonen bizitzari erreparatu gabe”.

Envases Universaleseko langileek Gaubela egin zuten atzo / Utzitakoa

Egoera hori salatzeko hainbat ekintza egin dituzte herrian atzotik hona, besteak beste pankarteoa, elkartasun kontzertuak, afari kolektiboa edo gaubela.

Denak bere horretan jarraituko balu mobilizazio berriak iragarri dituzte langileek, eta LAB sindikatuak kanpainan dauden alderdiei eskatu die “hauteskunde-kanpainaren amaierako mitinak ematen ariko diren pertsona horiei, arduradun politiko horiei, langileak babesteko politikak ezar ditzaten, deslokalizazio eta eraispen industrialeko prozesuak zailtzen dituzten legeak sor ditzaten eta errotuta dagoen industria baten alde egin dezaten”

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Gazte Eguna egingo dute bihar, “gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”

|

Gautegun erromeria / Geuria

Musika, jolasak eta aldarrikapena izango dira Ugaon bihar egingo duten Gazte Egunaren oinarria. Helburua, antolatzaileek eurek adierazi dutenaren arabera, “gazteak elkartzeko espazioa sortzea da, gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”. 

Hori horrela, 12:00etan hasi eta gaueko ordu txikietan bukatuko den ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute. Hasteko, 12:00 taldeen arteko jolas musikatuak egingo dituzte tabernetan zehar. Hori ondoren etorriko den herri bazkariaren atarikoa izango da.

Arratsalde parterako elektrotxaranga 17:30ean, eta gauarekin batera hainbat kontzertu, hala nola Txapelpunk, Arene G, Gautegun Erromeria edo Jonkass DJa.

Osorik irakurri