→Ugao

Kalisteniako zoladura berritu du Ugaok

Kalistenia parkeko erabiltzaile bat / Geuria

El Jaroko kirol instalazioen inguruko Kalisteniako zorua berritzeko lanak bukatu dira. Pasa den abenduan aho batez onartutako 2020ko udal aurrekontuetan jaso bezala, Ugaoko Udalak 4.000 euro inbertitu ditu guztira Street work-out-aren zoru sintetikoa ezartzeko (kautxuzkoa): “Erabiltzaileentzat seguruagoa da, gerta daitezkeen inpaktuak gutxitu edo moteltzeko aukera ematen baitu”, adierazi dute Udaletik. Kalisteniako instalazioak altuera ezberdinetako arkupeak, barra sinple paraleloak… dauzka.

 

Ugaoko Kalistenia parkearen zoladura / Ugaoko Udala

 

Kalistenia: edertasuna eta indarra

Gorputzaren pisua eta beronen mugimendua konbinatzen dituen aire zabaleko ariketa fisikoen sistema da Kalistenia. Izena grekerako Kalos-etik (edertasuna) eta Sthenos-etik (indarra) dator, ariketa fisiko honen helburua kirolaren bidez edertasuna eta sendotasuna erdiestea izanik. Hiru ariketa mota bereiz daitezke Kalistenian: oinarrizkoak (giarren sendotasuna lantzeko), estatikoak (gorputza geldituta mantenduz lantzeko ariketak, tendoietan indar handia eskatzen dutenak) eta dinamikoak (ariketa aurreratuagoak, indarraz gain, trebetasuna eta erreflexuak behar dira).

Azken urteotan gero eta entzutetsuagoa bilakatzen ari da kirol hau fitnessaren esparruan, eta herri askok badituzte euren instalazio propioak: Basaurin, Arrigorriagan, eta Ugaon. Kalisteniak aukera eskaintzen du aire zabalean era askotako ariketak praktikatzeko: muskulaziokoak, orekakoak, koordinaziokoak, malgutasunekoak eta kardiobaskularrak, eta horrez gainera ez du gastu ekonomikorik eskatzen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak