→Ugao

Ugaok doako lau ke-detektagailu gehiago jarri ditu adinekoen etxeetan

Lau ke-detektagailu jarri ditu Ugaoko Udalak bakarrik edo bikotearekin bizi diren 80 urtetik gorako nagusien etxeetan.

Ke-detektagailu baten instalazioa // Ugaoko Udala

Lau ke-detektagailu jarri ditu Ugaoko Udalak bakarrik edo bikotearekin bizi diren 80 urtetik gorako nagusien etxeetan. 2017an martxan jarritako zerbitzuak 88 detektagailu jarri ditu martxan guztira 75 etxebizitzetan. Instalazioez gainera etxebizitza bakoitzean egon daitezkeen arriskuak aztertu eta emergentzia-plan bat eratu du Udalak, larrialdi kasuetan ebakuazioa errazteko. Horrez gainera, etxebizitzetan bizi diren pertsonei eskuliburu bat eman zaie suteak gertatuz gero autobabesa izateko eta segurtasuneko oinarrizko ezagutzekin.

“Zalantza gabe, gure nagusientzako funtsezko zerbitzua da” esan du Ekaitz Mentxaka alkateak, “Gure adinekoen ongizatea eta segurtasuna babesten eta hobetzen jarraitzen dugu. Zoritxarrez, ustekabeko suteak edo istripuak nahiko ohikoak dira etxeetan, eta Udaletik inbertsio garrantzitsu hau egin dugu zaurgarriak diren kolektibo baten arrisku-egoerak prebenitzeko”, gehitu du alkateak.

Ke-detektagailu bat // Ugaoko Udala

Doako zerbitzua

Udalak azaldu du zerbitzu hau doakoa dela, ke-detektagailuen instalazioa eta mantenua Udalak hartzen dituelarik: “Iaz 4.000 euroko inbertsioa egin zen detektagailu berriak instalatzeko eta gainerakoen mantentze-lan teknikoetarako”, azaldu du Udalak. Gainera, azaldu du ke-detektagailuak dituzten etxebizitzak “aldizka ikuskatzen direla, dauden arrikuak kontrolatzeko eta 2017tik instalatutako gailu guztiak berrikusiz”. Mantentze lan horietan bateriak ordezkatzen dira, pantaila optikoetako zirkuituak garbitzen dira eta gailuak frogatzen dira, “behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzeko”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak