→Ugao

M8ak 200 pertsona batu ditu Ugaoko Herriaren Enparantzan eta kaleetan

Martxoaren 8an mugimendu garrantzitsua egon zen Ugaoko KaLlera Asanblada Feministak deituta. 200 pertsona inguru bildu ziren Herriaren Enparantzan eta 18:30ean elkarretaratzea egin ostean manifestazioari ekin zioten, maskarak jantzita eta segurtasun tarteak mantenduz momentu oro, hiru ilara osatuz.

Emakumeak, Herriaren Enparantzan // Maider Gaztaka

 

Martxoaren 8an Ugaon mugimendu garrantzitsua egon zen Kallera Asanblada Feministak deituta. 200 pertsona inguru bildu ziren Herriaren Enparantzan eta 18:30ean elkarretaratzea egin ostean manifestazioari ekin zioten, maskarak jantzita eta segurtasun tarteak mantenduz momentu oro, hiru ilara osatuz. Ibilbideak plazatik irten eta ermitaranzko norabidea hartu zuen. Sabino Aranatik San Bartolome kalera jo zuen eta hortik jarraian Ugaoko Dorrerantz, kale osoa zeharkatuz. Bertako biribilgunean buelta eman eta plazara itzulia egin zuten manifestariek.

Pankarta, Ugaoko tren geltokitik eskegita // Maider Gaztaka

Komunikatuaren irakurketa

Ibilbidetik bueltan Kallera Asanblada Feministako emakume batzuek komunikatua irakurri zuten: “Feminismoetatik aspaldi diagnostikatu genuen eredu hau sostengaezina zela. Jada urtebete igaro da eta agerian geratu da COVID-19aren krisiak utzitako egoera sozio-politiko latza. Lehertu zaiguna ez da osasun krisia soilik, biluzik utzi ditu sistema honen dimentsio ugarietako krisiak. Pandemiak ere emakumeen aurkako indarkeria areagotu egin du. Etxeak ez dira saldu izan diguten espazio seguruak izan emakume guztiontzako”. Gainera, Ugaoko emakumeen aurkako erasoez eta Udalaren erantzukizunaz mintzatu ziren ere: “Hau ere, horrela izan da hemen, Ugaon. Hainbat eta hainbat emakume egoera lazgarrian egon izan dira epe luze honetan zehar. Beste batzuek ordea, egoera hori pairatzen jarraitzen dute. Erasoak areagotu dira.  Egoera horien aurrean, Udalaren betebeharra da emakume hauentzako leku seguruak bilatzea eta eurentzako baliabideak eskura jartzea eta duintasunez bermatzea. Ugaon daukagun indarkeria matxistaren aurkako protokoloak horrela adierazten du, baina hitzak errealitatera plazaratzea denon ardura da, baita instituzioena ere”.

Manifestazioa, AP-68 autopistaren zubi azpitik igarotzean // Maider Gaztaka

“Atzokoa itzela izan zen” azaldu du EH Bildu alderdiko Maider Gaztakak. “Pandemia bete betean kontzentraziorik ez egiteko oztopo guztien gainetik, kalera irten ginen kaleetan ikusi nahi ez gaituzten horiek gure aldarria entzun eta senti dezaten. Martxoaren 8ko deialdian ere segurtasun-neurriak mantentzea posible zela erakutsi genuen, gainerako mobilizazioetan bezala, ez zuen bestela izan behar”. Gaztakak jardueraren antolatzaileak eta bertara hurbildu ziren lagun guztiak zoriondu ditu: “Horrenbeste herritar biltzea itzela izan zen, eta herriko mugimendu feminista eta hurbildu ziren herritar guzti-guztiak zoriontzeko modukoa”.

Pankarta, Ugaoko udaletxearen aurrean // Maider Gaztaka

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak